Unai Jorge Fernandez - Salto Training

Bizimodu aktiboaren onurak

Gaur egun, bizitzeko dugun era gero eta sedentarioagoa bilakatzen ari da. Batetik, gizakiok egin beharreko esfortzu fisikoak gutxitzeko ahaleginean, lanak automatizatu egin dira (hirugarren sektoreak, zerbitzuen sektoreak, esaterako, hazkunde ikaragarria izan du). Bestetik, teknologiak izandako hedapenaren ondorioz gure gastu kaloriak murriztu egin dira, bai gure lanaldietan bai gure aisialdian ere.

Antzina, ogibide gehienetan eskulana zen oinarri nagusia, horrek zekarren higadura fisikoarekin. Gizakiak bizimodu aktiboa izaten zuen, eta sedentarismoak zekartzan ondorio kaltegarriak ekiditeko baliagarria izaten zen hori. Gaur egun, ordea, bizitzeko modua guztiz aldatu denez, bestelako jarduera fisiko batzuen beharrean gara sedentarismotik urruntzeko.

Bizimodu osasuntsua lortzeko, elikadurari, deskantsuari eta jarduera fisikoari erreparatu beharko genieke. Azken horri dagokionez, ezinbestekoa da ohitura osasuntsuak edukitzea (igogailua ez erabiltzea, bizikletaz edo oinez mugitzea, denbora gutxi igarotzea eserita…) eta ariketa fisiko programatu bat jarraitzea (helburu bat lortzeko indar lana edo lan kardiobaskularra egitea). Izan ere, ariketa fisiko programatu batek, zenbait onura lor ditzake. Hasteko, gainpisua eta obesitatea ekiditen ditu. Horrez gain, lokomozio aparatuaren (hezurrak, muskuluak, artikulazioak…) eta motrizitatearen garapena ahalbidetzen du. Arnas eta zirkulazio aparatuen eraginkortasuna ere hobetzen du, oxigenoaren garraioa hobetuz eta transmisio albeolarra eta mitokondrien oxidazio gaitasuna handituz. Gaitasun fisikoen garapena ere handitzen du (indar muskular maila eta bolumena, esfortzu jarraituak mantentzeko gaitasuna edo erresistentzia, oreka, koordinazioa, muskuluen elastikotasuna...) eta lesioak edota hezurren gaixotasunak agertzeko arriskua gutxitzen du. Autoestimua maila ere handitzen du, osasun psikologikoa hobetuz. Azkenik, taldekako ariketak onura sozial argiak ditu (integrazioa sustatzea, errespetua lantzea, ongizatea areagotzea, interakzioa estimulatzea, elkarlana bultzatzea…), edozein gizartetan ezinbestekoa dena.