Jokin Urain
IRITZIA

Bidegurutzeak

Ohitura batzuen jira-bueltan ematen dugu bizia, luzea edo laburra. Abereengan joerak ikusten ditugun moduan, ohiturak ikus ditzakegu gizakiongan. Gune batzuen inguruan mugitzea eta bizitzea baizik ez da, azken batean; gune geografiko edo sentimental mugatu baten inguruan mugitzea eta bizitzea, edo egotea. Gune horietan eroso sentitzen garelako modu batean edo bestean.

Egitura eta muga zehatzak ohi dituzte ohiturek, erritual moduan aldian-aldian errepikatzen ditugun ohitura horiek. Ongi neurtuak xedatzen baititugu, ez dadin aldaketa bidegaberik izan inon eta inoiz. Horretarako dira ohitura eta, beraz, ukiezin. Behin finkatuta, aski lan ematen digu beren zaintzak, gutxien uste denean agertzen baita nahastaileren bat, ideia jenialak purraka, dena hobetu nahian.

Santutegiz josiak dauzkagu bazterrak, hiriak, herriak eta mendiak, muinoak eta haranak; urte osoan da han ez bada hemen zer gurtu, zein santu eta santaren izenean belaunikatu edo jauzi egin. Jai giroan, herriz herri, urtez urte, zalaparta alaian egin izan dira zezenketak, antzara jokoak, txakur borrokak, ahari topekak, idi demak… Egia da gainbeheran daudela, itxuraz bederen, abereei nola-halako tratua ematen dieten jolas modu horiek, baina beti bada eutsi nahi dienik.

Ohitura zahar batzuen oskol gotorra kraskatzera etorri dira berriago batzuk, edo besterik gabe galdu egin ditu denborak eta belaunaldien aldaketak. Bidegurutzera iritsi eta lanbrotan desagertu dira, aztarna urrunak utziz ikerlarien entretenigarritzat.

Aste Santua igaro berri da, beste behin. Oporraldiagatik estimatzen dugu askok, santutasunaren aitzakian jai egin daitekeen beste edozein egun bezalaxe. Baina jai arduragabetzat baino kontu ustez zerutarragotzat dute beste batzuek. Urterokoari jarraituz hainbat lekutan egin dira aurten ere gurutze-bideak, prozesioak, pasio bizidunak eta gisakoak, eta irudiak telebista publikoak jarri dizkigu muturren aurrean, nahi baduzu ikusi eta bestela itzali. Aukera hortxe dago beti, Igor, baina zuk itzali arren ez da desagertzen.

Animalien sufrimendua dakarten ohiturak ezabatu nahi diren garaian, ez legoke gaizki gizakiaren sufrimendua ez goratzea, gutxienez. Kristo gurutziltzatua, dena zauri, dena odol eta izerdi, arantza eta iltze... Zer nezesidade? Noizbait iritsiko al gara gurutze-bide horien bidegurutzera.