Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Lehortea

Etiopia, 2022. Demagun goiko irudian ageri diren lagunei eskaini zaiela lerrootan idazteko aukera. Demagun haiek direla edizio honen arduradun. Demagun aukera eman eta uko egiten diotela, ur arrasto baten ondoan egoteko aukera delako haiek daukaten nahi eta behar bakarra.

Azken urteetan izan den lehorterik handienaren biktima izaten ari dira etiopiarrak. Hemezortzi hilabetean ez da ur tanta bakar bat ere euri forman erori. Idorteak uzten duen paisaia benetan lazgarria da irudian ageri den komunitate nomadarentzat. Ezin animaliak bizirik mantendu, ez jakirik ez edanik haientzat. Ondorioa, lur mortuetan hiltzen uzten dituzten izakiak. Ahuntz, behi eta abere askoren gorpuak lastoz eraikitako etxola xaloen inguruetan ageri dira, betikotzat ematen den paisaiaren parte balira bezala.

200 familia inguru bizi dira Hargududon, eta bizimodu zuten abeltzaintza galtzear daude. 300 burutatik 50 bat geratzen zaizkie gehienei, eta batzuei, are gutxiago. Esperantza zipriztinik gabeko etorkizuna haientzat, milioika lagun bizi baitira gaur egun lehorteak eragindako muturreko egoeran. Jatekorik eta edatekorik gabe, euriak bisitaldia noiz egingo dien zain geratzeko kondena daramate gainean.