GALDER PEREZ
IRITZIA

Goodbye to mendeurrenak

Aurten ospakizunetarako gogo handia dago. Aurreko urte parean ez bizitakoek ospakizunerako eztanda eskatzen omen dute. Beharbada, kasualitatea izango da, baina oso esanguratsuak dira aurtengo zenbait urteurren. Esate baterako, Zinemaldiak 70, Elkarrek 50, Guggenheimek 25 eta Artiumek 20 urte betetzen dituzte. Atzera begiratzeko balio dute data borobil horiek guztiek, irudikatzeko, adibidez: nolakoa zen Donostia zinema jaialdia abiatu zenean; euskal kulturaren egoera borrokalariak frankismoan zuen tankera Elkarrek bere lehenengo diskoa atera zuenean, Pantxoa eta Peiorena, Telesforo Monzonen hitzak kantu bihurtuz; edota Guggenheim eta Artium museoekin artearen norabide komertzialaren aldeko apustuaren neurria, ageriko makillajearen egoeraz jabetzeko ederra.

Urteurren horiek guztiek gure hirien bilakaera ere argi erakuts dezakete. Bilboren kasuan, museo erraldoiarenaz gain, beste urteurren esanguratsu batzuk daude. Metroarena, noski, baita Kafe Antzokiaren 25+1, Bilborocken 25.a eta La Fundicion areto alternatiboarena ere, 35 urte bete baititu aurten dantza eta antzerki garaikidean erreferentea den areto txikiak. Hiria izan zitekeenaren ameskeria eta benetan badenaren amesgaiztoa erakusten dute halako efemeride borobilek, duela mende laurden aspalditik egosten zetozen helburu ekonomiko eta sozial bihurrien martxaren abiatzea. Proiektu publikoek ustez hiria babestu behar dute, baina urteurren borobila betetzen duten espazioek erakusten dute zaintza soziala eta kulturala ekimen pribatu zoroetatik edota herritarrengandik datozela. Zutik jarraitzen du horren adibide modura aurten ere urtemuga borobila duen Deustuko Gazte Lokalak, zenbat eta 30 urte zutik eta hirian tinko.

Beharbada, orriotako hurrengo zutabean ederragoa izango da “Cabaret” filmaren 50. urteurrenaz berba egitea. Christopher Isherwooden “Goodbye to Berlin” eleberrian oinarritutako Bob Fosse-ren filmak ere mende erdia betetzen du aurten. Bilbon izan zitekeen Berlin horretako eszenatoki modukoa gaur. Duela mende erdi bertan ere bazeuden Kit Kat Club-aren antzekoak izan zitezkeen lokalak, non eta gaur guztiz salduta dagoen Sanfran auzoan. Baina hemendik urte batzuetara, aurrera begira bestelako urtemuga gordin, tragiko eta errealagoak gogoratuko ditugu; titanioari distira atera bitartean kaleetako banku eta kontenedoreetan babes sozialik gabeko pertsonak hiltzen uzten zituen hiri gris baten oroitzapen tristea. Argitaratzeko dago soilik “Goodbye To Bilbao”; izan ere, tamalez, egunero idazten ari baitira gure hirian tragedia horren orriak.