Galder Perez
IRITZIA

Garraio perfektuak

Ekainera iritsi gara. Denok dugu ihes egiteko gogoa, beharra, baita eskubidea ere. Zea Maysen kanta ezin ederragoak dioen bezala, gelditzen diren arrastoetatik ihes, sentimenduetatik ihes, min sakonetatik ihes. Izan ere egunero, astero, hilabetero, hainbeste dira, gehiegi dira, mina ematen diguten eta arrastoa uzten diguten zamak. Normalean zailegia suertatzen zaigu eguneroko zama gris horietatik ihes egiteko irteera aurkitzea. Norbaitek mendia aukeratuko du; beste batzuek, asteburuetako deskontrola, eta askok, plataforma digitalen aurreko sofako gau-egunak. Kurtsoa bukatzearekin batera, orain ihesaldiko garraioak asmatzea helburu ederra da. Ez opor sasoirako, ez, bueltan garenerako beharrezkoa dugunean hartu eta ihes egiteko baizik.

Badirudi fikziora jotzea dela bat-bateko irtenbidea, ihesbiderik errazena. Etorkizunera edo iraganera joateko Delorean autoa hartzeko aukera dugu. Ups, aitortu behar dut: koldarregia naiz iragana aldatzeko eta beldurtiegia, etorkizunean datorkiguna ezagutzeko. Dotore eta snob jarriz gero, Michael Knighti K.I.I.T auto beltza lapurtzeko aukera dugu, baina lau gurpildun robot hori bere kabuz erabakiak hartzeko gai denez, gure kontra errazegi egin dezakeenez, hobe paso egin. Errepidean joateko gure aukera paregabea, orduan, Imanol Urbietaren “Ran Rober Ran” da! “Tractor amarillo” batek zapaldu aurretik, eta portutik bidaia abiatu nahi badugu, itsasoko opor dotoreetako “The Pacific Princess” bertan da, hain guapo eta lirain barruko denak... Baina ez dugu maletan soineko eta zapata dotorerik gorde. Gainera, diru guztia haginak zuriz margotzen xahutuko genuke; hortaz, horri ere uko. Olatuen arterako beste aukerak Willy pirataren “Inferno” edota Wagnerren “Der fliegende Holländer” izan daitezke, baina ez dira gure tamainako lagun ahulentzat onenak. Oraindik ere gure aukera itsasoz ihes egitea bada, har dezagun Beatlesen “Yellow Submarine”, Kaxianoren “Itsasontzia” edo Chanqueteren “La Dorada”; ezin zoriontsuago sentituko gara batean zein besteetan. Harry Potterren gaueko autobusa edota trena amets ederretako aukera izango dira beti, Txirri, Mirri eta Txiribitonen “Tortolika” bezala, eta nola ez, Tintinen XM2 espaziontzi ikonikoa.

Badugu ihes ederra egiteko garraiobideen zerrenda. Ez dira geuk sortutakoak, baina balio digute. Haiekin bidaia egiteko tiketa eskuratzea horren erraza ez badugu, zerez eginda dauden aztertzea da xedea. Nire aukeran, behintzat, ume garaira naramaten garraio alaiak dira denak. Baliteke horixe izatea oraindik ere, hainbeste lezio jaso arren, ikasi ez duguna. Antsietateak jota ihes egin beharra dugunean, askotan, alaitasuna, fantasia edota jolaserako eskubidea lapurtu dizkigutelako izaten da. Orduan laser ezpata magikoa asmatu beharko dugu hurrengoetarako, eta gure alaitasuna, fantasia eta jolaserako eskubidea lapurtzen dizkigunari ezpata minik handiena ematen dion gorputz-ataletik iltzatu. Eta korrika egiten gu baino azkarragoa bada, arazorik ez da. Izango ditugu gure zain “La Dorada”, “Yellow Submarine”, “Tortolika”, XM2 edota Ranrobera. “¡Arranca, MA!” esateko sekula ez da berandu. Jarrai dezala bizitzaren abenturak Patri Postariaren furgoiak posta ederrak ekartzeko.