GALDER PEREZ
IRITZIA

Antiheroi maiteak

Galtzeak konnotazio txarrak izan ohi ditu. Gogoan daukat umetan zer-nolako larritasuna eragiten zidan eskolako patioan jertsea galdu eta etxean kontatu beharrak. Galtzearen kontzeptua lehiakortasunarekin oso lotuta dago, kirol edo jolasekin, esate baterako. Horretan, zalantza barik, galtzaileen aldean egon izan naiz beti. Galtzea gerra edo hauteskundeekin ere lotuta joan izan da, nire kasuan. Zeresanik ez, beraz, arlo horretan bizitako esperientziaz. Ingelesezko loser maiz erabiltzen da gure artean, zentzurik ezkorrenean. Baina kontuz, baita kariñoz ere. Izan ere, gehienetan fikziozko galtzaileak izaten dira gure pertsonaia gogokoenak eta haiekin erraz identifikatzen gara, edo enpatia sorrarazten digute, behintzat.

Antiheroiak maitatzeaz gain, oso beharrezkoak ditugu inguratzen gaituzten zimenduak eraisteko. Pertsonaia hauek, gehienetan, jatorragoak eta zintzoagoak izaten dira. Zinemari begira, Charlot ahaztezina da betiereko galtzailea, “Trainspotting” filmeko kuadrilla ere bai, eta, nola ez, “Little Miss Sunshine” zinta gogoangarriko familiako kide guztiak. Michael Arndtek gidoi onenaren Oscar saria jaso zuen film honekin. Aktore izan eta gero politikan sartu zen gizon baten hitzek bultzatu omen zuten gidoi paregabe hori idaztera. Kaliforniako gobernadore Arnold Schwarzeneggerrek zera adierazi zuen, nonbait: «Mundu honetan benetako nazka ematen didan zerbait badago, galtzaileak dira!».

Galtzaileak beti berdinak dira eta, ondorioz, irabazleak beti irabazle. Beti perspektiba beretik neurtzen delako arrakasta eta porrota: boterearen egiaren taulak neurtzen du dena beti. Baina zer irabazten dute gizartearen ustezko irabazle horiek? Zein da lehia? Eta, batez ere, beharrezkoa al da lehia horretan partea hartzea?

Gehiagotan egin beharko genuke porrotaren aldeko aldarria, zer eta menderakuntzaren kontrako akzio gisa ulertuta. Hori bai, ahal bada, burua larregi galdu barik. Ala bai, bestela sekula ez dugu perspektiba aldatuko. Izan ere, Jack Halberstam pentsalariak esaten duen bezala, queer pertsonek ezin hobeto egiten dute etengabe porrot, ezarritako bizitza estiloari edo bizimoduari dagokionez. Gainera, porrotak badu haurtzaro garaietako anabasa eta alaitasuna, eta hori berreskuratzea ezin ederragoa da. Egia da, halaber, porrotak etsipena ekar dezakeela, baina behartzen gaituzten bizimoduaren beste aldetik begiratzen hasiz gero, porrota aukera da. Maite zaituztedan horiei gehiagotan porrot egitea opa dizuet, edo porrot egiten jarraitzea, antiheroi maiteok.