MARKEL URRATE ANTIA - SALTO TRAINING

Jarraibideen araberako jarduera fisikoa

Gaur egungo gizartean jasotzen dugun informazioari esker, mugimendu ezak edo sedentarismoak eragiten dizkigun kalteez jabetzen gara. Horren aurrean, sedentarismotik ateratzeko irtenbideak topatzen saiatzen gara: astean hiru egunez paseatzera joan, asteburuetako mendi bueltak, spinning saioak, pilateseko edo “mantentzeko” saio gidatuak… Ausartenak eguneko joan-etorriak oinez edo bizikletaz egiten ere hasten dira!

Argi dago mugimendu oro ongi etorria dela, baina, egiten dugun guztia da egokia? Eta nahikoa? Erantzun horren aurrean, Jarduera Fisiko eta Kirolen Zientzietako profesionalen iritzia entzutea ezinbestekoa da. Egun jarduera fisikoari buruz edonork topa dezake nahi adina informazio Interneten (bizkarreko minen aurrean egin beharreko ariketak edota Behobia-Donostia lasterketa bi ordutik azpiko denboran egiteko entrenamenduak). Baina hori al da niretzat egokiena? Informazioa erraz lortzeko aukeraren inguruan aurrerago hitz egingo dugu, baina argi dago aholku orokorrek arriskua ere izan dezaketela.

Buruko minarekin medikuarengana, autoarekin arazoren bat dugunean mekanikoarengana edota dieta bat ezartzeko unean nutrizionistarengana jotzen dugun bezala, jarduera fisikoa egiteko jarraibideak emateko orduan ere baditugu profesionalak. Zergatik? Bada, errezeta orokorrak (bizkarreko minarekin igeri egitea kasu) pertsonaren arabera indibidualizatu behar direlako, eta profesional baten esku jartzeak erabaki zuzenak hartzen lagun zaitzakeelako. Seguru zure inguruan baduzula profesional on bat laguntzeko prest. Gure ustez, arrakastaren gakoa entrenamendu planaren diseinuan dago. Horretarako, abiapuntua zein den jakin behar da, eta nora joan nahi den ere argi utzi behar da. Betiere lorgarriak diren helburuak ezarriz, baita bitarteko helburu txikiagoak ere. Entrenamendu plangintza hori, gainera, ez da finkoa izango; hau da, bilakaera bat izan behar du, eta, pertsonaren hobekuntzarekin batera, moldatzen joan behar da.