Alessandro Ruta
Poesia eta pasioa

Verlaine eta Rimbauden ihesaldi madarikatua

Orain dela 150 urte bi poetek Paris utzi zuten, bidaia eskandalagarria hasteko. Aztarnarik utzi al zuten bizi izan ziren lekuetan? Frantziako hiriburuan eta Charleville-Mezieres-en begiratu dugu.

Orain dela 150 urte hara zer gertatu zen: 1872ko udan, bi gizonek, bi poetak, bi maitalek, Paul Verlainek eta Arthur Rimbaudek, ihes egin zuten, egunerokotasunarengandik ihes. Gaur egun gertatu izan balitz, erabaki hark milaka orri beteko zituzkeen, bai paperezko prentsan bai webguneetan. Garai hartan, berriz, shock moduko bat izan zen Verlaineren familiarentzat eta bere inguru burgesarentzat.

Kontua da bi poetek trena hartu zutela Pariseko Gare du Nord geltokian, eta iparralderantz abiatu zirela: lehenik Belgikara eta gero Ingalaterraraino. Ihesaldia ez zen ongi bukatuko: harremanak porrot egin zuen, Paul Verlainek Arthur Rimbaudi tiro egin zion arte.

Hortik aurrera, bi urteko espetxe zigorra Paulentzat, eta bi gizonen arteko harremanaren haustura, behin betiko. Baina 1872. urtean antolatu zuten ihesaldi hark poeta madarikatuen ospea sortzen lagundu zuen.

Burges deserosoa. Paul Verlaine gizon egonezina zen, aro egonezin batean. Frantziako ipar-ekialdeko Metz hirian jaio zen, 1844an, baina Parisen lortuko zuen arrakasta, herrialdeko hiriburua II. Inperioan munduaren zilborra baitzen.

Lan publiko bat zeukan Verlainek, Pariseko Udalean, baina benetan interesatzen zitzaiona poesia idaztea zen: 22 urterekin lehen bilduma argitaratu zuen, “Poèmes saturniens”, malenkoniaz beteriko bertsoak baina musikaz beteak ere bai; “Chanson d'automne”, esate baterako: «Les sanglots longs/des violons/de l'automne/blessent mon coeur/d'un langueur monotone».

Garai hartan, Frantzian Charles Baudelaireren sinbolismoa imitatzea zen joera nagusia, batez ere estiloari zegokionez. ‘Parnasokoak’ deitzen ziren poeta haiek: Leconte de Lisle, Catulle Mendes edo Sully Proudhomme, adibidez, azken hori 1901eko Nobel sariduna izango zena.

“Poèmes saturniens”, gero “Fêtes galantes”: bi bilduma, biak arrakastatsuak. Zoritxarrez, Paul Verlaineren bizitza ez zen samurra, tentsioz betea baizik. Besteak beste, bere homosexualitatea ezkutuan gordetzen zuen. Amarekiko harremanean ere gauzak larriagotzen hasiak ziren. Sendabide gisa alkoholari heldu zion Paulek, eta absintarekin bat eginda bukatuko zuen garai hura.

Dena den, talka handiena gizartearekin zuen Verlainek. Izan ere, bizi zen garaian eta testuinguruan edozein desberdintasun debekaturik zegoen: normalitatea erakustera behartzen zuen bonapartismoaren burgesiak.

Mende horretan Frantzian beste iraultza bat gertatu zen, ez 1789koa bezain gogorra baina iraultza hau ere: 1870. urteko Prusiaren aurkako porrotak odol isuria ekarriko zuen. Bonaparteren inperioa desagertu egin zen eta lurralde asko aurkariaren mende gelditu ziren: Alsazia eta Lorena, esaterako, eta ondorioz Metz ere bai, Verlaineren jaioterria, hain zuzen ere.

Parisen gatazka piztu eta Komuna sortu zen, sozialismoaren laborategi bat: 72 egunez iraun zuen, Frantziako Armada agertu eta dena desagerrarazi zuen arte, odolez blai.

Verlaineren oreka gero eta desegonkorragoa zen; Prusiaren aurkako gerran hartu zuen parte, baita Komunaren esperientzian ere. Beste zenbait iraultzaile bezala fusilatuko ote zuten beldur zen. Bitartean, ohitura burgesak barneraturik zituen oraindik; ezkonduta zegoen eta emazte Mathilde haurdun zegoen.

Charleville-Meziereseko udal museo eta artxibo zerbitzuak 2022ko uztailaren 13an kaleratutako eskuorriko irudi bat, bere arreba Isabellek sortua: Rimbaud harpa abisiniar bat jotzen.

Rive Gauche eta «ikuskaria». Rue du Cardinal Lemoine Parisen dago, Senako Rive Gauche mitikoan, ibaiaren ondoan: aldapan dagoen kale luze horretan, Panteoitik eta Sorbonatik gertu gaude. Boulevard Saint-Germain ere ez dago urrun, bere irudi tipikoekin, Ville Lumiere-ko benetako nortasun kuttunari eusten, bistrot eta brasserie-ei esker.

Paul Verlaine eta bere emaztea, Mathilde, hortxe bizi izan ziren. Eta bertan, poetak gutun bat jaso zuen egun batean: Charleville-Mezieres herritik zetorren eta bidaltzailea Verlaineren zale amorratua zen.

Arthur Rimbaud zuen izena gutunaren egileak, eta ordurako jadanik behin saiatu izan zen Parisera etortzen, trenez, bidaia ordaindu barik. Gare du Nord-en, zoritxarrez, poliziakide batekin topo egin zuen, kartzelara eramango zuena.

Burugogorra zen, hala ere, Arthur gaztea; 16 urte baino ez zeukan. Bera ere poeta zen, eta Verlaineri bertso batzuk bidali zizkion. Paul harrituta geratu zen eta berehala erantzun zion, bere etxera gonbidatzen eta bidaiarako dirua ematen. Verlainek ez zekien Rimbaudek dagoeneko maisulanak eginak zituela, besteak beste “Le bateau ivre” izugarria edo “Le dormeur du val”.

Are garrantzitsuagoa izan zen beste gutun bat, adituen arabera Arthurren benetako manifestua dena, “Ikuskariarena”. Izan ere, Rimbauden ustez poeta batek «ikuskari» bihurtu behar du bere burua, «zentzumen guztien indiskrezio luze, izugarri eta arrazoituaren bidez». Eta bukatzeko, eslogan bat: “Je est un autre”, «ni beste bat da», alegia.

Irizpide hori betetzeko, Arthur ezin zen geratu gorroto zuen hiri hartan, Charleville-Mezieresen. Parisera joan behar zuen, eta ezagutu egin behar zuen garai hartan bere ustez poetarik ospetsuena zena: Paul Verlaine.

Literaturaren historiako bikoterik eskandalagarrienetako bat jaioko zen horrekin: maitasuna eta bortizkeria, zalaparta eta odola izango ziren haien arteko harremanaren osagaiak. 1872ko uztailean Verlainek eta Rimbaudek elkarrekin ihes egitea erabaki zuten, eta urte hartako irailean Gare du Nordetik iparralderantz jo zuten.

«Rimbaudville». Lehen esan bezala, Charleville-Mezieres gorroto zuen Arthur Rimbaudek, txikiegia iruditzen zitzaiolako. Baina gaur egun bertara joaten bazara, edonon aurkituko duzu hiriko semerik ospetsuenaren izena, benetako «Rimbaudville» bat delako.

Erdialdean bakarrik, hauxe topatu dugu Rimbauden izenarekin edo aurpegiarekin: pizzeria, jatetxea, ile apaindegia, higiezinen agentzia, zigarro elektronikoen denda, liburutegia eta liburu denda. Horri guztiari gehitu behar diogu Arthurren oroitarria, geltokiaren parean, parke batean, apurtxo bat ezkutatuta. Eta nola ez, Rimbaud Museoa, Quai Rimbaud-en.

Belgikatik gertu gaude eta, egia esan, Place Ducalek, Charleville-Mezieresen erdialdean, hango hiri bat ematen du. Eguraldia ere nahiko iparraldekoa da, Ardenetakoaren itxurakoa, oso ezegonkorra.

Oso kokapen polita dauka Rimbaud Museoak, Mosa ibaiaren gainean ia eskegita. 8 euro balio du sarrerak, baina merezi du bisitak, poetaren bizitzaren testigantzarik onena delako. Bisita goitik behera egin behar da –hirugarren solairutik hasita, alegia– eta dena ondo azalduta dago. Hasieran oso deigarria da Rimbauden olerkiak hainbat hizkuntzatan entzutea. Nahasketa handia izan daiteke, baina efektua izugarria da.

Bigarren solairuan Arthurren lehen urteak ikus ditzakegu. Arazo asko izan zituela jakin badakigu, bai aitarekin eta bai amarekin, baina ezagutzen ez genituen beste ezaugarri asko ere agertzen da: esaterako, oso goiztiarra zela, eskolan nota oso onak lortzen zituela eta bizi-bizia zela, lehen bertsoetatik antzeman daitekeen bezala.

Hortik, hurrengo urratsa Paris «menderatzea» izango zen, nori eta Verlaineri esker. Museoko lehen solairuan, sarreran bertan, lagunaren oroitarria dago. Argi dago; Verlaine izan ez bazen, Rimbaud ez zatekeen inon agertuko.

Jadanik solairu honetan Rimbauden irudia apur bat Andy Warholen estilokoa da. Jakina denez, AEBetako artistak Marilyn Monroeren erretratua hartu eta edozein modutan errepikatuko zuen, kontsumismoari kritika zorrotza eginez. Baina Marilynen aurpegia ultrafamatua zen eta poetari dagokionez bi argazki ofizial baino ez daude, biak Etienne Carjatek Parisen atera zituenak, 1871. urtean edo. Bietako bat, batez ere, oso ezaguna egin da eta etenik gabeko errepikapenak izan ditu: Rimbaudek harro eta sendo kameratik at begiratzen duena, hain zuzen ere.

Verlaine maitemindu zuen tipo hura «apur bat basatia» zen, Mathilde bere emazteak “Mémoires de ma vie” liburuan deskribatu zuen bezala. «Itxura gorriduna zuen, nekazari baten modura. Begiak urdinak ziren, adierazpen iluna, lotsa iruditzen zitzaidana», betiere Verlaineren bikotekide izandakoaren arabera.

Museoko azken solairuan, gertutik ikus daitekeArthurren azken etapa, poesia eta literaturatik kanpokoak. Izan ere, Afrikara joan zen Rimbaud, arma eta kafe saltzaile gisa aritzera: ez da gauza ziur-ziurra, baina agian esklabo batzuk ere saldu zituen. Argazkilari lanetan ere saiatu zen, eta emaitzak ez ziren batere txarrak izan. Etiopian jardun zuen batez ere.

Eraikinean testigantza hunkigarriak daude, adibidez, bertatik ekarri zituen gauzak: liburuak, poltsa batzuk... Bere ospitaleratzearen eta 1891n gertatutako heriotzaren ziurtagiria ere badago azken solairuan, museotik atera baino lehen.

Verlaineren bizitokia izandakoa, Parisen. Eraikinean jarritako plakak gogorarazten digu Verlaine ez ezik, Hemingway ere hantxe bizi izan zela.

Denboraldi bat infernuan. Une berean, Parisen, bere lagun ohi Verlainek berpizten zuen Rimbauden mitoa. Nahiz eta Arthurrek bere bizitza erabat hankaz gora jarri zuen, Metzeko poetak erreferentzia izaten jarraitu zuen literaturaren munduan. Dekadentismoaren ordezkaria zen, ‘Prince des poètes’ izendatu zuten eta horregatik tarteka dirulaguntzak ematen zizkioten.

Sariak jaso arren, ez zituen inoiz alkohola, zikintasuna eta beste bizio batzuk alboratuko: ironikoki, Rue Descartesen hil zen, Rue du Cardinal Lemoine-tik oso gertu. Ihes egiteko hain gogo sutsua, eta azkenean zertarako?

Gaur egun Paul Verlaineren azken geltokia jatetxe «bohémien» bat da; plaka batek gogorarazten digu poeta bertan bizi izan zela, eta gero Ernest Hemingway ere bai.

Hil aurretik definizio bat asmatuko zuen Verlainek, liburuxka batean: “Les poètes maudits”, «poeta madarikatuak». Bere ustez sei ziren, besteak beste, Arthur Rimbaud, garai hartan nahiko ahaztuta zegoena eta batez ere ezer argitaratzea lortzen ez zuena, Frantzian ez behintzat. Belgikan bai, “Une saison à l'enfer” kaleratuko zuen (“Denboraldi bat infernuan”) baina oso irakurle gutxik egin zion kasu.

Denboraldi bat infernuan bizi izan zuena Arthur bera izan zen, Verlainerekin ihes egin ondoren, 1872tik 1874ra, Rimbaudek poesiari behin betiko agur esan zionean.

Baina «bateau ivre» edo «itsasontzi mozkor» batean bezala jarraituko zuen aurrera.

Denak misterio itxura du Rimbauden bizitzan. Hor dago, beharbada, bere xarma, hainbat artista erakarri zuena, Pablo Picassorengandik hasita –surrealismoaren mugimendutik pasatuz– Fabrizio De André Italiako abeslari handira iritsi arte: «Et tout le reste est litérature».