Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Pobre egokiak

Asaldatu egin da neska gaztea, youtuberra ofizioz. “Ondo jantzitako eta garbi itxurako” gizon bat gerturatu zaio kalean diru eskean. Dirurik ez diola emango esan dio, ez delako fio zertan gastatuko ote duen. Pobreek dirua “ondo” gastatzen ez dakitelako izango da. Sartu omen dira biak janari dendara eta gizonezkoak hiru gauza hartu ditu: ur botila bat, freskagarri bat eta eguzkitako krema. Eta ezpainak botoxarekin puztuta dituen youtuberra aztoratu egin da. Urarena barkatzen dio, pobreek ere egarria izaten dutelako. Freskagarriarena iraingarria iruditu zaio. Hori ez omen da oinarrizko beharra. Eta eguzkitako kremarekin sutan jarri da. Zertarako behar du eguzkitako krema kalean bizi den eskale batek?

Ematen du pobrea izateko moduak eta moduak daudela eta kasu honetan pobrea gaizki ari dela. Youtuber horrek horrela erabaki du eta berarekin ados agertu dira beste asko, bakoitza bere kasuistika pertsonalarekin: supermerkatuan Gabonen bueltan xanpaina eta otarrainxkak lapurtu zituzten ama-alabak aipatu ditu batek. Hori ez da beharra, hori bizioa da. Eta pobreek, ez dute biziorik. Arropa denda batean bere galtzen azpitik berriak jantzita zeramatzana ekarri du gogora beste batek. Ez omen zeukan batere pobre itxurarik, txukun jantzia eta modazalea gainera. Laguntza sozialak eskatzera joan zen emakumearen kasua ere aipatu dute. Haur txikiarekin joaten zen, haurra garbi jantzita, ondo orraztuta, zorririk gabe... “pobre susmagarria” omen. Eta akordatu naiz, derrigorrez, gu haurrak ginela bolo-bolo zebilen mitoarekin; Donostiako Txantxillok, hainbestetan musika joaz eta “pezetatxo” bat eskatuz ikusi genuen pertsonaiak, pezetatxoz beteta zeukala etxea. Ez zela egiazko pobrea.

Horrelako kontakizunen gainean eraiki dugu pobrearen inguruko estereotipo sorta eta badirudi pobreari guk irudikatzen dugun bezalakoa izatea eskatzen diogula; tristea, zikina, arropa zahar eta itsusiekin, edozer emanda ere konformatzen dena, eskerrak umil ematen dituena, ahotsa eta begirada altxatzen ez dituena. Gure eta bere arteko marra hori nabarmena izan dadila; ez dezala gure antzik izan.

Pobrezian dauden pertsonekin lan egiten duten erakunde asko norabidea aldatzen ari dira azken urteotan. Lehen beharra zutenei janaria banatzen zieten. Orain, kasu askotan, dirua ematen diete herritar horiek nahi duten janaria eros dezaten. Pobreek ez dute bakarrik gosea eta egarria. Duintasuna ere arnasa da. Eta haur batentzat oso garrantzitsua da gurasoekin janari-dendara joan eta gustuko dituen gailetak erosi ahal izatea, bere lagun askok egiten duten bezala. Galleta horiek ez dute sabela aiseago betetzen, baina aukeratu ahal izateak pertsonago sentiarazten zaitu, une batez pobrea zarela ahazteraino agian.