GALDER PEREZ
IRITZIA

Rockaren hilobiaz

Trapa egungo punka dela gero eta gehiago entzuten da. Aldi berean, rock musika bere azkenetan dagoelako erretolika negartia errepikatzen da. Rock munduko lagunek, jakina, baieztapen hori ukatzeaz gain, beti bezain bizirik dagoela defendatzen dute. Inongo musika lurperatzeko asmo eta gogorik gabe, ukaezina da rock kontzertuetara joaten den jendearen batezbesteko adin tartea gero eta zaharragoa dela. Kontzertu batera joatea besterik ez dago egia dela baieztatzeko.

Ustezko benetako rockaren defendatzaileek askotan esaten dute gaurko gazteek ez dutela lokal batean musika sortzeko gogorik. Nahiago dutela gitarra eta bateria jo beharrean, etxeko egongelan ordenagailu batekin musika egitera jolastu. Agerikoa da irrati formulen hegemonian pop berrien doinuek, traparen eta reggaetonaren nahasketek, gobernatzen dutela, eta gero eta gutxiago gitarra elektrikoen doinuek. Era berean, zorionez, ukaezina da gero eta askotarikoagoa dela musika eskaintza eta sorkuntza. Hori izango da rock berri gutxiago egitearen arrazoietako bat. Baina ez da egia sortzen ez denik. Badira garaje batean sartu eta rocka sortzen duten gazteak. Eta baita trapa, hip-hopa edo dena delako musika egiten duten asko ere. Panorama horretan, zaharrek berriz ere gazteen aurrean nagusi agertu nahi izateaz gain, biktimarena egitea maite dute. Eta normala da, edonori ematen baitio ikara hilobia gero eta gertuago ikusteak. Baina musika, edozein generokoa dela ere, energia eta indarra da, iraultza, jarrera eta sormen eztanda.

Testuinguru horretan berriz ere gure euskal zilborrari begiratuta, txosnetan jartzen den musika oso adierazgarria da. Hamarkadak dira txosnetako bafleetatik ateratzen den musika bakarra Kortatu eta Hertzainak direla errepikatzen dela. Baina topikoa iruditzen zait, edo bai behintzat aspaldi desagertu zen teoria. Izan ere, bada halako musika asko jartzen duen txosnarik, asko, baina baita gaur egungo trapa, hip-hopa edota reggaea jartzen duenik ere. Euskal Rock Erradikala izendatutako termino delikatuaren atzean gordetako kantuak gure historiaren parte diren bezala, gaurko bestelako sormen musikal berriak ere gure gaurko eta biharko historiaren parte dira, eta auskalo inoiz etiketarik izango duten. Ez dago entzun nahi ez duen gorra baino tristeagorik, eta sentsazioa dut, musikaren kasuan ere, beste hainbeste alorretan bezala, gazte askok ahalegin handiagoa egiten dutela bestelako garaietako joeretara hurbiltzeko. Zahartzaroak itsutasuna eta gorreria dakar batzuentzat. Baina zorionekoa da gure jai herrikoietako topaleku diren espazio askeetan, txosnetan, musikarekin historia sarri-sarri gogoratzen, bizitzen eta sortzen jarraitu nahi duen herri eta jende alaia. Txosnetatik urrun dago printzipioz hilobia, beraz, segi dezagun dantzan.