JOKIN URAIN
IRITZIA

Horniketak

Bi urte eta erdi inguru dela, izurritearen hedapen betean, lehen itxialdi aginduak eman zizkiguten. Itxialdirako prestaketan, sor zitezkeen beharrizanak asetzeko premiazko horniketari ekin zion jendeak. Beharko, etxean irauteko! Pasatu eta gero bai, baina aurretik nola asmatu zeren gabeziak itoko gintuen? Patataren beharra izango genuen luzaroan etxetik irten gabe egoteko, ala nahikoa izango zen zaku batzuk arroz inguratuta? Okela? Garagardotik ere bizi da gizakia…

Gosetea edo osasun larrialdia baino gehiago, oparotasun aukera zetorrela pentsatu zuten gutxi batzuek, eta beherako unibertsala zetorrela ulertu zuen askok. Batzuek pagotxa biltzeko moduak prestatzen zituzten bitartean, etxean hutsik zeuden leku guztiak betetzeko adina komuneko paper erosi zuen askok, saltokietan zeudenak bukatu arte. Ez dakizu larrialdian zenbat egin dezakezun, ez da jakiten. Dena den, gero ez genuen hainbeste kaka egin, edo ez dena segida jarraituan.

Joan den abuztu bukaerako gobernu bileraren ostean, inguru hauetako lehendakariak esan zigun mezu katastrofistarik helarazteko asmorik ez zuela baina udazkena eta negua zail datozkigula. Izurritearen ondoren Ukrainako gerrak eta honen ondorioek izorratzen omen gaituzte, baina animoso agertu zen hala ere. Krisi energetikoa aukera bat izan omen daiteke Euskadin trantsizio energetikoa bultzatzeko, eta Jaurlaritzaren hiru lehentasunen artean aipatu zuen lan arloa eta ekonomia indartzea, horretarako inbertsio publikoa erabiliz azpiegitura ekonomikoetan, sozialetan eta energetikoetan.

Asko erabiltzen den sistema da diru publikoak interes pribaturako inbertitzea, baina gutxi batzuek erabiltzen dutena, eta onurak gutxi batzuei ematen dizkien sistema da batez ere. Ekonomian lizentziaduna izan gabe badakizu dirua ez dela desagertzen, eskuz aldatzen dela baizik, eta esku batzuetan asko egongo bada, beste esku batzuetatik kendu behar duzula.

Urkulluk eta bere lagun Josu Jon Imazek ongi dakite horren funtzionamendua, eta ulertzekoa da ondo ez iruditzea bankuei eta energia enpresa handiei proportziozko zergak ezartzearen kontua. Iaz, jende gehiena oso oparo ez zebilenean, 2,24 miloi euro irabazi omen zituen Imazek. Asko iruditzen zaigu batzuoi, baina dena berea zela pentsatuko zuen iaz, eta aurten ere gehiengoaren estualdia baliatu nahi izango du bere satisfazio ekonomikorako.

Bien bitartean zeren horniketa egin behar dugu aurtengo udazken-negurako, Gorka?