IBON SALABERRIA
ARKITEKTURA

Museoak

Orain dela pare bat aste joan ginen Bilbora, Guggenheim museoan zegoen “Motion. Autos, Art, Architecture” erakusketa ikustera. Erakusketa jendez lepo. Paparazzien moduan zebiltzan asko. Paparazzi diot, ezinezkoa zelako piezen artean ibili eta baten baten kameraren aurretik ez pasatzea. Haietako baten baino gehiagoren haserre aurpegia jaso nuenean erabaki nuen espresuki erakusketa grabatzen ari zen jendearen sakelako-kameraren aurretik pasatzea. Kotxe feria baten aurrean nengoen sentsazioaz burrunba horretan sartu eta lehen lerroan jarri, atzekoaren haserrea jaso eta esperientzia zinez “artistikoa” bizi. Bitartean, ilobak bazkaltzea noiz joango ginen galdezka; feria batera zoazeneko normaltasuna.

Kotxeak, historikoak, esperimentalak edo zirkuituetan lehian dabiltzanak, lurretik altxatuta zeuden, idulkien gainean. Beharbada, kotxeak gizartean txertatu zuen abiaduraren ideologiak eragin die komisarioei idulki edo peanak prismatikoak izan beharrean forma bigundunak izatea. Hain kontestu argia duen erakusketa museoan sartu eta honen barruko “kaxan” sartu eta lurretik altxatzeak neutraltasun adoratzaile bat lortzen du. Agerian da izan duen bisita kopurua.

Atentzioz irakurri ditut Iker Fidalgok astero idazten dituen erakusketen inguruko idatziak (denboraren pisupean, hau da nire azkena tamalez). Baina, halaber, atentzioz fijatu naiz erakusketek sortzen dituzten irudietan, asmatu nahian egungo erakusketek behar duten espazio arkitektoniko mota. Zeren eta, nago, museoaren arkitekturak, formak, ezer gutxi aportatuko diela barruan egingo diren erakusketa eta proiektu museografikoei, baina, aldiz, guztia kondizionatu dezake. Ezberdinak dira museoak XX. mendetik aurrera. Piezak paretetan eskegitze hutsetik bestelako formatu artistikoak inguratu behar ditu gaur. Erakusketa garaikideek behar dituzten instalazioek, alegia, tutu, kable eta abarrek, «kutxa zuriaren» eztabaida historikoa lehertzen dute.

«Kutxa zuria» izendapena, Brian O´Doherty irlandar artista eta idazleak asmatu zuen izenburu bereko liburuan. Liburu hartatik eztabaida eta errebisio ugari izan dira. Halere, momentuan, espazio neutralaren nozio berberean jarraitzen dugu. Nolabait testuingurua, baita arkitektura ere, desagertzerainoko espazioa lortu nahi du kutxa zuriak, non artelanak eta hauen espresioa izango diren nagusi. Tate Modern museoaren arkitektura aukeratzeko epaimahaikide izan zen Craig Martinek zioen: «La simplicidad aparente centra la atención sin distracciones en la realidad directa del objeto, la relación del objeto con el espacio en el que se observa, la relación del espectador con esta experiencia».

Aldiz, autore askok argudiatu duten bezala, espazioa ez da sekula neutrala izango, kutxa zuria lehertuta agertzen zaigu beti, O´Dohertyk gero onartu zuen bezala, kutxa zuria ideal bat besterik ez baita. Ezagutzen ditugun museo gehienei ikusi dizkiet barruak bistan. Zoruan den router batek (irudian, Guggenheim museoko gela bat), agerian diren kableek, edo araudiak agintzen duen suteen aurkako babesa bermatzeko aparailu eta seinaletikak neutraltasuna lehertzen dute, nahi gabe, hausnarketa teoriko edo filosofikorik gabe. Neutraltasun aseptiko baten beharrak atera zuen artelana eguneroko espazioetatik eraikin pribatu edo publikora eramateko. Espazio hauen normatibizazio mailak, ordea, esperientzia desegiten du. Horretaz aspaldi idatzi zuen Paul Valeryk “El problema de los museos” idatzian. Lehen lerroetan jasotzen du: “Al primer paso que doy hacia las cosas bellas, una mano me arranca el bastón, un rótulo me prohíbe fumar”. Gaur, Valeryk dion horri gehitu behar dizkiogu beste hainbat gauza, teknologia eta tramankulu.

Lina Bo Bardi Sao Pauloko museoaren eraikuntzan (1968). Beste orrialdean, router bat Guggenheim museoaren kutxa zuriaren atzean.

Aro Modernoa garatu zen garaitik gaurdaino museoak erreferentziazko eraikinak bilakatu dira hirian. Garai klasikoan elizak izan ziren erreferente, hito edo mugarri, inguru baten zedarritze funtzioa konplitzeko. Museoak etorri zitzaizkigun gerora arkitektura bereizgarri, nolabait hiriaren arauak bete beharrik ez zuten eraikinak, arkitektoen plazer ariketa, ekonomia berri baten erakusleiho. Egun egiten diren museo gehienen paretek ez dute, ordea, eraginik etorriko diren erakusketa eta instalazioen testuinguruan.

Utzidazue pentsatzen hormarik gabeko museoak direla erakusketa espazioak. Museoen arkitekturari barne azalak gehitu zaizkio kutxa zuri, beltz edo bestelako teknologiak sortzeko. Hormarik gabe, edozer da kontenedore, hormarik gabe kontenedorea kapritxo –fetitxe– urbanistikoa da museoa.

Izan ziren aitzindari Lina Bo Bardi Sao Paulon edo Piano eta Rogers Pompidou museoan. Plataformak sortu zituzten, erakusketetarako mekanismoak, formarik gabe, oinak guztiz libre edozer gerta dadin. Baina, agian ez al ziren lehen museoak baita ere pabiloi luze, handi eta indefinituak? Aurretik esan dut ez duela merezi iraganera begiratzea, kasuan, museoa edo erakusketa espazioa ezleku bilakatzen baita pieza batzuen eta besteen arteko denboran edo erakusketa baten eta hurrengoaren artean.

Malgutasuna, moldakortasuna, lerro hauetan hainbeste aldiz errepikatu diren ideiak dira museoaren arkitekturak saiatu beharko lituzkeenak. Kutxa zuria baino hormarik gabeko museoa, beharbada zorua nahikoa.