Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Hamar urteren buruan, erreferente eszenan

«Esposizio aldetik, autoexijentzia aldetik, oso zulo handietan egon izan naiz»

Argazkiak: Marisol Ramirez I Foku
Argazkiak: Marisol Ramirez I Foku

Ur berrietan igerian dabil Eneko Sagardoy. Pozarren. Urriaren 14an ikusiko du argia “Moto-Membra Jesu Nostri” proiektuak, aktore durangarrak idatzi duen –lehen aldia du– eta antzeztuko duen lanak. Eta datorren urtarrilean jarriko da kameraren atzean estreinakoz “Betiko gaua” film laburra zuzentzeko. Tartean, beste bi filmetan parte hartuko du. Udazkenean abiatuko du mundu fantastikoa ardatz duen proiektua. Euskal Herrian filmatuko da, gazteleraz. «Ezin dizut gehiago aurreratu», ohartarazi du. Eta neguan, “Una ballena”, Pablo Hernandoren aginduetara. «Oso gidoi polita», esan du.

Paul Urkijoren “Irati” ezin ahaztu. Sitgeseko jaialdian estreinatu ondoren azaroaren 18an iritsiko da zinema-aretoetara. Euskal Herriko zineman mugarri izango den galdetuta, ez du zalantzarik. «Bai, eta Estatu mailan aurten egin diren produkzioen artean epikoena izango da. Irudi aldetik eta istorio aldetik».

Erronkei aurrez aurre begiratu eta pausoa aurrera ematen dutenetakoa da Sagardoy. Ikarak ikara. «Urte hau oso pozgarria da, proiektu askorekin ausartu naiz eta oso pozik nago», esan du. Hain bereak dituen zintzotasuna eta lanbidearekiko errespetua galdu gabe, bizitza eta bere buruaren zaintza erdigunean jartzeko ahaleginean ari da. Elkarri eskua emanda, orain arte ez bezala.

Dietrich Buxtehudek 1680. urtean konposatua da “Membra Jesu Nostri” kontzertua. Kristoren gorputz atalei eskainitako zazpi kantata. Sagardoyk sortutako testua elkarrizketan arituko da kontzertuarekin. Ustezko moto istripu batean betirako desagertu den gizona –«otsailean lagun min bat galdu nuen justu moto istripu batean, baina ez dago horrekin lotuta», argitu du– eta geratu den pertsonaren maitasuna ditu hizpide. «Musika barrokoa da, ikaragarri hunkigarria, ikaragarria!», adierazi du Buxtehuderen kontzertuaz.

Bakarrik eszenatokiaren erdian. Erronka. Eta horren aurretik, baita idaztea bera ere. «Lucia Astigarragak zerbait zuzendu nahi zuen. Beldurtuta baina zirraraz, baietz esan nion. Ondoren, Calixtok [Bieito] testua idazteko eskatu zidan. Ohore ikaragarria da Arriagan estreinatzea. Presioa ikaragarria da, baina nahiko abila naiz horri garrantzia kentzen, zeren etxean ez duzu pentsatzen zeinentzat idazten duzun. Zine zuzendari batek esan zidan lehengoan, ‘idatzi zuretzat’. Eta lortu dut. Urduri nago, baina oso asebetegarria izan da esperientzia. Orain arte neure egin ditut besteen proiektuak, baina zer esan nahi dudan erabakitzearen sentsazio hau…. Pentsamendu propioak partekatzen ditut, baina era berean antzerkiaren babesa daukat. Eta oso ondo datorkit, neure buruari ausarta izaten uzteko. Aitzakia bat daukat, fikzioaren gortina. ‘Hau Enekok pentsatzen du ala ez?’. Oso dibertigarria da, oso eszitantea. Balio izan dit deskubritzeko zer teatro idatzi nahi dudan gaur, nola irteten zaizkidan hitzak, zer forma ematen diodan… Prozesu ederra ari da izaten. Amildegiaren aurrean sentitu nintzen hasieran», aitortu du.

Goxo hartu du Arriaga antzokiak –«neureago sentitzen dut, Calixto bertan dagoenetik», dio–. Emanaldi bakarra izango da. Bertan egosi zen “Maitasunaren itxiera” antzezlana ere. Inflexio puntua izan den galdetuta, hauxe erantzuna: «Bai, zentzu askotan! Batetik Miren [Gaztañaga] eta ni harrapatu gaituen momentu pertsonalengatik. Mirenekin oso harreman estua daukat, nire arreba da, eta paraxutik gabe botatzea izan zen, literalki. Nonbait ikusi badut zertarako dedikatu nahi dudan interpretaziora ‘Maitasunaren itxiera’ entseatzen eta egiten izan zen. Arrisku handia izan zen. Oso zaurgarri sentitu nintzen prozesu osoan zehar, oholtzan ere bai, eta hustasunarekin egin nuen topo aktore moduan. Gorputza daukazu, hitza daukazu, beste ezer ez. Horren ondoren sentitu nuen muskulu gehiago nituela artistikoki. Eta ausartu izanaren sentsazio hain betegarri hori bizi izan nuen».

 

Ekoizle lanetan ere ari da Sagardoy, Ander anaia bikiarekin batera. «Zuzenbidea ikasi zuen eta mundu honetan sartu nahi izan zuen. Bartzelonan ekoizpena ikasi eta lanean hasi zen. Xabi Berzosak deitu eta Irusoinen dago ekoizle moduan. Oso harro nago! Duela bi urte hasi zen dena. «Konfinamenduan, jolas moduan, berak Bartzelonatik eta nik Bilbotik, serie bat garatu genuen. Sei kapitulu. Oso ondo ulertu genuen elkar eta oso ondo pasatu genuen. Berak proposatu zidan ekoiztetxea sortzea hemendik urte batzuetara guk nahi ditugun proiektuak sortzeko gaitasuna izan genezan. Maider Oleagaren bi film labur eta Aitor Gametxoren beste bat egin ditugu. Ze gustura! Aurpegia eman gabe, kamera aurrean ezer egin gabe... tarteka oso ondo datorkit. Orain, gidoia hor zegoen eta eurek animatu ninduten dirulaguntzetara aurkezteko. Oraindik asko falta zait ekoizle lana ikasteko, baina nire kontaktu-agenda –hain pertsona desberdin eta onekin egin dut lana– jar dezaket eta feedbacka eman iristen zaizkigun gidoiei edo martxan dauzkagun proiektuei. Hainbeste gidoi irakurri ditut, nire gustua ere badaukadala. Ikusi nahi ditugun lan horiek ekoiztea da nire maxima iritzia ematerakoan. Lantaldea sortzeko orduan eta gidoia idazterakoan aholkularitza artistikoaz arduratzen naiz. Beste guztia, lan zikina –paperak, baimenak...– anaiak egiten du. Nik ez dakit ezer eta ez dut jakin nahi», adierazi du.

Urtarrilean ekingo dio bere ekoiztetxearekin lehenengo film laburra zuzentzeari, “Betiko gaua”. Nerea Ibarzabalek eta biek sinatu dute gidoia. «Paul Urkijo ere sartu da ekoiztera. Oso talde polita sortu dugu, kristoren gogoa daukat egiteko. Antzerkirako egindako lehen testuarekin bezala, ea zer esan nahi dudan eta nola esan nahi ditudan gauzak kameraren atzean. Umiltasun eta intseguritate pila batekin, baina sinetsi nahian edo konfiantza izanez urte guzti hauetan inguruan izan ditudan zinemagileengandik jaso ditudala irakaspenak; ea zelan ateratzen zaizkidan».

Hamar urte joan dira afizioa ofizio egin zuenetik. Langa altu jarri zuen bere aktore ibilbidearen hasieratik. Norbere exijentziari ingurukoena gehitzen zaio. Horri nola aurre egin?, galdetu diogu. «Esposizio aldetik, autoexijentzia aldetik, oso zulo handietan egon izan naiz. Inguruak hainbeste berba egiten dizu zure lanei buruz, elkarrizketak… badirudi besteek ikusten dituzten zure lanek definitzen zaituztela. Hori erredukzionista da norberarekiko. Eta ez da zaila hori sinesteko tentazioan jaustea. Garai batzuetan gehiago nengoen bestearen begiradan neurean baino. Eta  horrek faktura pasatu dit, jakina. Sentitzen dut inflexio puntuan nagoela ‘Maitasunaren itxiera’-tik ezezko dezente ematen, proiektu askoz gutxiago aukeratzen eta emozionatzen nauten gauzetara hurbiltzen saiatzen. Ez horrenbeste kanpotik nire ibilbidearen gorakada islatu dezaketen aukera horiek hartzera. ‘Islatu’ diot, isla izaten delako», jarraitu du.

Askotan ezezkoek markatzen dute gure bidea baiezkoek baino. «Bai, noski, ezezkoa esatea gero baiezkoak dituzunean erraza da, baina ezezkoa esatea ez daukazunean aurrerago ezer lotuta ez da», nabarmendu du.

 

Interpretazioak bizi du. Lanari emana bizi izan da. «Kostatu egiten zait ulertzea eta ikustea lanean ematen ditudan hilabete horietan bizitza ere pasatzen ari dela. Oso-oso lehenengo ilaran neukan lana. Autoexijentzia eta dedikazio esajeratu horrekin zelan lortu izan nuen pauso handiak ematea hasieran, pentsatzen nuen hori zela ondo egiteko modu bakarra. Eta ez da», bota du.

Sanoa ere ez, agian. «Ez, ez da. Bizitzari sartzen utzi diodanetik lana ere beste modu batera egiten dut eta beste proiektu batzuk heltzen zaizkit. Eta konturatu naiz berdin iristen naizela egin beharrekoak egitera, ez bada hobeto. Beste poztasun batekin. Eta eskerrak, ze urteak pasa ahala atzera begira jarriko banintz uste dut pena emango lidakeela. Lanbideak, eduki dudan esposizioak eta autoexijentziak, eragin didate bizitzako fase batzuk beranduago bizitzea. Edo ez bizi izanaren sentsazioa izatea tarteka. Ondo egiteaz gain, pozik egin nahi ditut gauzak. Lasaitzea izan da. ‘Trankildu ahal zara. Ez da ezer pasatzen’, esan nion neure buruari».

“Arima zaharra” duela esan izan diote lagun zein kazetariek. «Umorez hartzen dut, ze bestela... Aizu, ez da ezer gertatzen naizena baino helduagoaren irudia ematen badut. 18 urte nituenean ‘28 urte dituzu?’, galdetzen zidaten. Orain 28 ditut eta ‘36 dituzu?’. Eta jarraian: ‘Zure berba egiteko modua da... oso nagusia dirudizu’. Nire itxura ikusita bakarrik, nirekin hitz egin gabe ere, esaten dute zaharragoaren irudia daukadala. Arima zaharraren kontuarekin barre egiten dut. 28 urte ditut eta gaztea naiz, nahiz batzuetan irudia eman izan dudan 45 urteko jesuitarena!» [barrez].

«Behin kazetari batek esan zidan: ‘Ze gaiztoa zaren! Prentsan guztiz bestelako irudia ematen duzu’. Nire alderdi hori deskubritu zuen berak. Eta hori entzunda konturatu nintzen zeri jartzen nion frenoa nire irudi publikoa agertzerakoan. Egin dudan beste bidaietako bat izan da publikoki hurbiltzen joatea ni naizen horretara eta irudi jakin bat emateko –ez dakit zer gaietan ez sartzeko edo ez dakit zelan ez gestualizatzeko– esfortzua kentzen», gaineratu du.

 

Betidanik zaindu du bere irudia. «Guk lan egiten dugu, besteak beste, daukagun itxuragatik. Baina zerbait kontuan izatetik obsesio bihurtzera oso marra fina dago. Zortea izan dut ez naizela inoiz sartu gizon cis, hetero, maskulino kanonikoaren irudian, eta ez dut esfortzurik egin behar izan irudi horretara hurbiltzeko edo mantentzeko. Madrilgo lagun aktore askok, aldiz, bai. Gaztetasuna eta gorputza oso baliagarriak izan dira euren lanak lortzerakoan. Eta orain, adinean gora doazenean, non dago haien balioa? Orain urte batzuk tokatu izan balitzait aktore lana egitea, beste modu batean egongo nintzen. Zorte handia izan dut tokatu zaidan garaiarekin. Batetik, euskal zinemaren loratzearekin eta, bestetik, gaur egungo pelikuletan egiten den maskulinitatearen errepresentazioarekin. Nahi baino askoz ere astiroago bada ere, badira profil anitzagoak eta egia da ni profil horietarako asko deitu izan nautela. Gainera, kointziditzen du istorio interesgarrienak pertsonaia horiengan aurkitzen ditudala, ez hainbeste estereotipatuengan. Bai, kontzientzia badut nire itxurak baduela zerikusi handia iristen zaizkidan lanekin».

Egunerokoan ere bai. «Arropa gustatzen zait, moda gustatzen zait... nola aldatzen garen ikustea. Adierazteko modua da, norberaren isla. Jolas bezala ulertzen dut, inoiz ez dut inposizio moduan sentitu, seguruenik pribilegioduna naizelako identitate aldetik».

Madrilen “Patria” lanean bizitako esperientziaz galdetu diogu. «Lurrikara izan zen. Niregan eta proiektuan parte hartu genuen gehienongan. Kontraesan asko piztu zituelako inguruan, polemika handia, eta hori gertatzen denean zeure buruari ere egiten dizkiozu galderak. Ni oso pozik geratu nintzen nik egindako lanarekin. Nik asko disfrutatu nuen grabatzen, ikaragarri, baina inguruan arantza asko atera zituen eta normala eta guztiz ulergarria iruditzen zait».

 

Filmaketaren ondoren zalantza egin zuen han gelditu ala ez. «Baina oso nekatuta bukatu nuen Madrilez eta etxera bueltatzeko beharra neukan», gogoratu du. Euskal Herrian bizitzea hautatu du. Bilbon egin du bere txokoa. Garbi dio. «Arroztasuna eta hoztasuna handia da Madrilen, zinemaren industrian. Baita lehia ere. Madril ez dela nire bizilekua ikusi nuen. Hasteko, bizi kalitateagatik. Zarata, kutsadura, distantzia aldetik asko hobeto bizi naiz hemen. Sentitzen dut artistikoki oso asebeteta nagoela, bai antzerkian bai zineman egiten ditudan lanekin. Lan aukerak ez zaizkit txikitu hona etortzeagatik. Sariak jasotzearen alderik onena da jendeak mapan banaukala. Refreskatu egin behar da beste lan batzuekin, noski. Hemen ez daukat hain presente ofizioa. Betiko lagunak Durangon daude, Bilbon daukadan lagunartea %100 lanarekin lotuta dago, baina hori horrela izan arren, ez dira Madrilgo elkarrizketak eta hango estresa eta lehiakortasuna. Eta, gainera, nik hemen nire hizkuntza daukat. Nire komunitateari ekarpena egiten ari naizen sentsazioa ere hemen daukat. Eta horrek asko elikatzen nau. Horrekin batera, noski, kanpoan lan egitera eta Madrilen lan egitera oso irekia nago», adierazi du.

Lanbideak ondo hartu du. «Lagun minak dauzkat Madrilen. Oso ondo jasotzen dituzte hemendik doazen film asko eta miresmen ikaragarria dute hemengo zinema teknikariekiko. Pozak zoratzen egoten naiz han eta beti bueltatzeko irrikan. Dibertigarria da lanean zaudenean, baina oso arriskutsua lanik gabe zaudenean», azpimarratu du.

«Madrilen lan egiten dudanean, askotan pentsatu izan dut, ‘Ai ama! pelikula bat egiteko sei hilabete pasatzen dituzu pertsonaia sortzen, gero han bizitzen, eta lau katuk ikusten dute kasu batzuetan’. Eta sentsazio hori ez zait batere gustatzen», gaineratu du.

Urteotan egindako bideak industriaz ikuspegi zabalagoa eman dio. «Oso handia eta harrapaezina iruditzen zitzaidan, baina ez, dena oso txikia da zentzurik onenean eta ondo manejatzen naiz. Eskuragarria da. Joaten naizenean oso neure lekuan manejatzen naiz. Lasaitzeko balio izan dit. Promozioa ere beste modu batera ikusten dut orain. Duela bost urte elkarrizketa, plato eta udako zein Gabonetarako saio denetara joaten nintzen. Eta, noski, aurkitzen zara leku batzuetan non ez daukazun esateko ezer. Inertziaz deitzen zaituzte. Ez naiz inora joaten, ez alfonbra gorri batera, ez festa batera. Euskal Herrira etortzeko arrazoietariko bat izan zen ez nuela gurpil horretan sartu nahi. Kontatzeko zerbait edo promozionatzeko zerbait daukadanean joango naiz, baina bestela oso gustura nago etxean. Askotan sentitu naiz figuratzen industriaren mekanismo hauetan, hedabideetan eta», aitortu du.

Madril «oso leku dibertigarria» da. «Baina nire inguru guztia aktoreak eta zuzendariak dira eta gehienak ni baino askoz esposizio mediatiko handiagoarekin. Eta ez nuen hori nahi, inondik inora. Aspertu egiten ninduen, antsietatea eragiten zidan alfonbra gorrietara eta jaietara joan behar izateak... “behar izatea”, kakotx artean, ez baitzaitu inork derrigortzen. Baina badirudi han bazaude egin egin behar duzula. Joaten naiz erakusteko zeozer daukadanean. Eta orduan, bai, ‘guapisimo’ jartzen naiz eta jolasten dut eta egiten ditut egin beharreko elkarrizketa eta moda editorial guztiak. Nire burua indar guztiekin promozionatzen dut. Egon behar dudala sentitzen dudanean, ez figuratzeko».

 

Patria”, “Intimidad”... noizko euskarazko seriea plataforma batean? Zer falta da? «Ausardia da falta dena, eta interes kapitalista alde batera uztea. Lehen ez nuen ulertzen zergatik ez zuten egiten, ‘mundu osorako proiektua izango da eta berdin egin beharko dituzte azpitituluak gazteleraz’, esaten nuen neurekiko. Baina Hego Amerika dago. Eta milioika ikusle daude. Ez da berdin gazteleraz edo euskaraz egitea. ‘Intimidad’ bezala, produktu originala gazteleraz egiten baduzu, merkatu-nitxoa ikaragarri handiagoa da, jatorrizko bertsioan ikusiko duen publiko potentziala ikaragarri handiagoa da, pentsa! Kristoren pena ematen dit eta haserretu egiten nau ‘Patria’, ‘Intimidad’, ‘Fariña’... bezalako proiektuetan mekanismoak forzatu izana hizkuntza nagusia gaztelera izan dadin. Argi dago, ez dago interesik errealitate soziolinguistikoa islatzeko. Zeren gehienetan euskara erabiltzen da garrantzitsua ez den informazioa emateko, testurizatzeko, exotizatzeko, folklorizatzeko eta estereotipatzeko. Horrek ikaragarri haserretzen nau! Izan ere, badira bi proiektu euskaraz hitzen bat sartzeko asmoa zutenak eta kentzeko eskatu dut», adierazi du.

Kolorea emateko. «Euskara ez da pintzela, ez da testurizatzailea! Edo errespetuz tratatzen duzu hizkuntza edo ez tratatu. Nahiago dut gauza bat espainol hutsez egin ‘agur’, ‘mesedez’ eta ‘maitea’ esatea baino. Orain kristoren salbuespen fiskalak onartu dira Bizkaian, %70ekoak, euskarazko produktuetan. Ea, hain merkea izanda hemen grabatzea, egin dezatela zeozer plataformek. Nik uste, dena dela, klabeetariko bat dela telebista publikoak, kasu honetan EiTBk, bultzatzea plataformekin elkarlana. Eta ez dakit modu horretan sortu ahal izango genituzkeen euskara hutsezko proiektuak, plataforma hauetan lekua egiteko gai izango direnak. Badago beldurra eta, hori baino gehiago, interes ekonomikoa, hizkuntza gutxituei leku oso murriztua uzteko. Eta kokoteraino nago. Eta nik dudan kontraesana ere hor dago, parte hartu izan dut-eta horrelako proiektuetan. Eta horrek ez du esan nahi nire iritzia daukadanik edo jomuga beste bat denik niretzat. Pantailak Euskaraz ekimena lan ikaragarria ari da egiten. Bikoizketarena eta azpitituluena beste gai potoloa da», esan du.

«Sekulako zortea» izan duelakoan dago. «Zortea oso gutxietsita dago. Lan piloa egin dut, ordu piloa sartu dut, baina baita beste jende askok ere. Eta zorte handia izan dut. Faktore askok eragin dute. Batetik, jaio nintzen urtean jaiotzea; euskal zinema basamortua zen eta justu ni honetan hasi eta bazetozen proiektuak. Ez da gauza bera antzerkia orain 30 urte egiten hasi edo orain dela 10 hasi. Zentzu batean, mahaia jarrita eduki dut nik, inongo duda barik. Zortea ere nire fisikoarekin. Zuzendari batzuei gustatu egiten zaie ematen dudana eta deitu egiten naute. Zortea ere euskalduna izatearekin, nik euskara ez baneki ez dakit-eta ze film egingo nituen, ze karrera izango nuen. Zortea eduki dudan familiarekin. Babestu egin nauelako. Lasaitasun batekin abiatu nintzen; gaizki irteten bazen, buelta nintekeen etxera. Eta aktore guztiek ez daukate hori. Bai babesik ematen ez dietelako bai ekonomikoki gurasoek ezin diotelako aukera hori eman. 18 urtetatik nire lanetik bizi naiz, baina lasaitasun hori izatea berme handia eta zorte handia da, nik ez baitut eskatu etxe horretan jaiotzea. Film batek bestea ekartzea, jai batean norbait ezagutzea...», amaitu du.