Karlos Zurutuza
«queer» Iraken

«Queer» Iraken: norbera izan ala izan

Etsai askoren jopuntuan dago Irakeko LGTBI kolektiboa. Horren kontrako eraso bortitzenak segurtasun-indarrek egin arren, agerikoa da indarkeria politikoa nahiz soziala. Jazarpenak, ostera, ez du itzali euren eskubideen aldeko borroka sutsua.

EEstatu Islamikoak LGTBI kolektiboko kide bat exekutatu zueneko irudiak, Irakeko queer baten mugikorrean.
EEstatu Islamikoak LGTBI kolektiboko kide bat exekutatu zueneko irudiak, Irakeko queer baten mugikorrean. (Andoni Lubaki)

Terraza atsegina da: dozena erdi bat mahai baino ez, zuhaizti eder baten gerizpean. Bezero gehienek 20 urteren bueltan izango dituzte: arropa beltza soinean, ilean kolore izpiak, piercing-ak eta tatuajeak nonahi… Modako kafetegi bat izan liteke Europako hiribururen batean, baina ilunabarreko otoitzerako deiak zera gogorarazten digu: Iraken gaudela. Hemendik bost minutu dira Suleimania hiriko bazarrera. Turbante kurduak nahiz belo islamikoa dira nagusi hango giza-marea hartan, edota gurutzeak bertako emakume kristauen lepokoetan. Baina ez gaitezen terrazatik urrundu.

Ezin ditugu bere koordenatu zehatzak eman, ez eta hauek eman dizkigun mutilaren izen osoa ere. Zain dugu, praka motzak eta kamiseta zuriez jantzita. Ostadarren bandera dauka ezkerreko eskumuturrean. Hawar izena du, gizon kurduen artean oso ohiko deitura, baina emakumea dugu bera. Lagunen bidez ezagutu izanak eman dio lasaitua. Tranpa bat izan liteke, diosku; zauriturik, ala okerrago, atera litzatekeen. Halaxe gertatu zitzaion behin.

Familia kurdu bateko bost seniden artean gazteena da Hawar. Dioenez, «gizon aspergarri baten bizitza» izan zen berea 25 urtez (33 ditu egun).

Era guztietako mehatxuak direla eta, Hawar toki seguruetan baino ez da emakumez jazten.

«Bost urte nituela amaren soinekoez jantzi eta makillatzen nintzen. Baina berehala ikasi nuen nire beharrak amatatzen». Sei urte zeuzkan aitak lehendabiziko jipoia eman zionean. Eskolako jazarpena ere gogoan du, eta «haurtzaro bakartia». Antzekoa izan zen bere nerabezaroa, eta helduaroko lehen urteak.

«Tranpa» hitza bota du hasieran: Diyalan, bere herrian, pairatu zuen 2013an. Norbaitek Internet bidez kasu egin zion, eta aurrez aurre ezagutu nahi omen zuen; hiriaren kanpoaldean gelditu ziren. Gizon bakarra ez, bost ziren. Irainak, makilakadak eta ostikoak katean jaso zituen Hawarrek, konortea galdu zuen arte. Odolez estalita esnatu zen, lokatzetan. Arropak aldatzeko tarterik hartu gabe, gazteak Diyalako epaile ospetsu baten bulegora jo zuen.

«Bi aukera dituzu: salaketa bat jarri eta zure familiaren izena betiko zikindu edo, besterik gabe, egiten ari zarenari utzi», bota zion magistratuak. Etxean ezin zuen gertatutakoa azaldu, eta, are gutxiago, horren zergatia. Egun ere, Diyalan inork ez daki Hawar emakume bat dela.

Hein handi batean, Ingeles Filologia ikastea ihes egiteko modu bat izan zen berarentzat. Terrazara iritsi eta berehala ohartu gara ingelesa hainbat mahaitako hizkuntza dela, horietan kurduak eserita egon arren. Atzerriko hizkuntza aterpe omen da askorentzat hemen, baina Hawar ez da horrekin konformatu. Sei urte dira Seefar-ekin lanean hasi zela. Finlandian egoitza duen GKE honek kolektibo kalteberen gainean jartzen du fokua. Hainbat proiekturen artean, LGTBI eskubideei buruz hitz egin ahal izateko kurduerazko hitzak bilatzearen ingurukoa dago.

Adibide bat: “Hawragazkhwaz” (literalki, «bere sexu berekoek erakartzen duten norbait») modu inklusibo bakarra da kurduen hizkuntzan homosexualitatea izendatzeko: “meh-ragazkhwaz“, «lesbiana»-ren parekoa da, eta “dw ragaz khwaz“, «bisexual»-arena. Horrelako hitzen behar handia dago, «pedofilia» eta «bortxaketa» bezalako ideiak nahasten baitira egunero erabiltzen diren horietan. Horrela, Hawar gogor ari da lanean. Errespetu hutsean oinarritutako hitzen zerrenda osatzea du helburu.

Baina asko dago egiteke. Gazte kurdua «ingurune seguruetan» baino ez da emakumez janzten. Oraindik ez du ez ebakuntzarik egitea ez hormona-tratamendua jasotzea erabaki. Ez omen du horretarako astirik izan. GKEko lanetan eta LGTBI kolektiboko kideentzat gizartean toki bat bilatzen joaten zaio denbora.

«Bizitzan misio bat izatekotan, hauxe da nirea», esan du ekintzaileak.

Azken urteotan, Irakeko Kurdistanera jo dute Irak hegoaldeko queer askok. Bagdad bezalako hiriak «infernu hutsa» bilakatu direla dio iheslari honek.

Etiketak. Emakume trans bat jipoitu eta, zabor-edukiontzi batera bota aurretik, bizirik zegoela erre dute. Homosexual bat bere bikotekidearen tortura saioa ikustera behartu dute. Lesbiana bat labankadaz zauritu dute, «jokabide immorala» uzteko eskatu zaion bitartean… Iragan martxoan, Human Rights Watch-ek Irakeko LGTBI kolektiboari buruz egindako txosten bat argitaratu zuen. Bertan, queer pertsonen bahiketa, bortxaketa, tortura eta hilketa kasu ugari topa daitezke. Askotan talde armatuak daude atzean; gehienetan, Estatuko segurtasun-indarrak. Hala dio HRWek.

«Irakiar Poliziaren eskutik jasotako mehatxuak etengabeak dira. Queer kolektiboko kideak dituzte jopuntuan», salatu zuen txosten berean HRWeko ikertzaile Rasha Younesek. Hori aski ez, eta bizirik dira denon oroimenean oraindik ere Estatu Islamikoak gazte homosexualak teilatuetatik bota zitueneko irudiak. Edota Doski Azad izeneko emakume trans kurduak Instagram-era igotzen zituenak. Joan den otsailean zanga batean aurkitu zuten haren gorpua. Bere anaiak hil zuen, tiroz.

«Kalera inoiz ateratzen ez den jende asko ezagutzen dut», damu du 22 urteko Varinek. Kurdu honek «gizon» edota «emakume» gisa etiketatzea baztertzen duela diosku. Hamalau urte zituen ama galdu zuenean; hamabostekin lesbiana zela jakin zuen eta, aurrerago, Interneti esker, inolako genero adierazpenekin bat egiten ez zuen jendea egon bazegoela. Agerikoa da bere ausardia: tatuajeek zeharkatzen dituzte bere hankak eta besoak, alderik alde eta goitik behera. «Arrakalak dira, errealitatea bortitza delako», esan du Varinek.

«Ageneroa, transgeneroa, zisgeneroa… Egia esan, berdin zait etiketa», bota du kurduak. Kaleko jendearen artean sortzen duen nahasmenaz ere mintzo da. Bere tatuajeak baino, deigarriagoa omen da gehienek ezin jakitea «gizona» ala «emakumea» den. Kontatu duenez, 30 queer kide elkartzen dira Sulaimaniyan, tankera honetako kafetegietan beti. Zalantzarik gabe, sare sozialek asko erraztu dute elkar ezagutu ahal izatea.

Protestak antolatzen ote dituzten? Ez, arriskutsuegia da, baita grafiti xume bat egitea ere.

Erreportajeko bere argazki gisa aukeratu duena egun batzuk geroago suntsituko du norbaitek. Mehatxuak mehatxu, Sulaimaniya Irak osoko hiririk seguruena bihurtu da kolektiboko kideentzat; ezin alderatu Bagdadekin, ez eta Arbilekin ere. Varinen hitzetan, Irakeko hiriburu kurdua dena oso kontserbadorea da. «Hango jendearekin harremana dugu. Laguntzen saiatzen gara beti, baina giroa oso desberdina da Arbilen, oso itogarria», nabarmendu du gazteak.

Igerileku batean egiten du lan, baina bere soldatarekin ezin die aurre egin etengabe igotzen diren prezioei. Hala, Kimika ikasketek lan egiteko aukera bat zabaldu berri diote Qatarren, eta ez du berau galtzeko asmorik. «Lan elkarrizketara emakumez jantzita joan nintzen eta, jakina, mahuka luzeko soineko batekin, tatuajeak ezkutatzeko», esan du barrez kurduak.

Varinek ez du inolako genero adierazpenekin bat egiten. «Kalera inoiz ateratzen ez den jende asko ezagutzen dut», esan du 22 urteko gazteak.

Joera suizidak. 2021eko apirilean, Sulaimaniyako Poliziak bertako hainbat gazte atxilotu zituen «homosexualak izateagatik eta jokabide immoralagatik». Horrela argudiatu zuen orduan operatiboko buruak hedabideen aurrean. Sulaimaniyako Poliziak ez die gure galderei erantzun nahi izan, baina argi dago jazarpena ez dela LGTBI kolektiboko kideen aurkakoa soilik: nolabaiteko gertutasuna agertzen dien edonor ere kolpatu omen dezake. Rasan izeneko GKE kurdua, esaterako, irakiar justiziaren aurrean etengabe erantzutera behartuta dago «LGTBI komunitatea sustatzeagatik». Azken demanda Parlamentu kurduko kide batek jarri zien iaz, eta oraindik epaiaren erantzunaren zain daude.

Sulaimaniyako beren bulegotik, Rasan-eko zuzendari Tanya Kamal Darweshek berretsi du bere egitekoa ez dela kolektiboa sustatzea, «gizartea horren inguruan sentsibilizatzea baizik». Bere esanetan, are kezkagarriagoak dira kolektiboko kideen atxiloketa ugariak.

«Pertsona horien existentzia onartu beharrean, kriminalizatu egiten dira: prostituzioa, droga-trafikoa… edozein gauza leporatzen zaie», salatu du ekintzaileak. Lege-hutsune bati erreparatu dio jarraian, «agintean daudenen zigorgabetasuna eta biktimen babesgabetasuna elikatzen duena».

«Klanak, alderdi politikoak, lider erlijiosoak zein politikoak… den-denak queer kolektiboaren kontrako gorrotoak batzen ditu. Askotan erlijio-arrazoiak erabiltzen dituzte erasoak justifikatzeko; besteetan, politika egiten dute horien bidez», laburbildu du Darweshek.

Depresioa, antsietatea, estres post-traumatikoa eta joera suizidak omen daude jazarpenaren eraginen artean. Hala diosku psikologo batek. Ez du bere izena agertzea nahi: hamar urte daramatza Ekialde Hurbilean sexu-indarkeriaren eta torturaren biktimekin lanean eta beto batek, bisa ukatzeak, esaterako, betiko oztopatu lezake bere jarduna. Era guztietako erasoez gain, adituak familiarengandik nahiz lan-mundutik baztertua izateko arriskuak ere azpimarratu ditu.

Varin eta Hawar pertsonalki ezagutzen dituela dio. «Kale hauetan hain modu irekian queer-a izateak ausardia handia erakusten du. Itxaropena eman ez ezik, bikote honek galderak egiteko espazio bat ere sortu du, eta hori ezinbestekoa da kolektibo honentzat», e psikologoak.

Bere lagun taldeak egindako grafiti hau erakutsi zigun Varinek. Egun gutxira, hondatuta agertu zen.

Danielle eta Daniel. Daniel Sulaimaniyako beste muturrean dagoen kafetegi batean ezagutu dugu. Varinen bitartez iritsi gara berarengana, gure lagunak hitzordua behin eta berriz eskatu ostean. Daniel ere fidatzen ez den horietako bat da eta, elkartu aurretik, telefonoz esan digu ez duela berari argazkirik egiterik nahi. Arazorik ez.

29 urteko Kirol Zientzietako lizentziadun honek bost urte daramatza konpainia bateko komertzial gisa lanean. Antza, bere amak Danielle Mitterrand-en omenez aukeratu zuen izena, emakume frantziarra kurduen eskubideen aldeko ekintzaile sutsua baitzen. Bere pasaportean «Danielle» izena agertzen da oraindik, baina hori ez da oztopo izan lanerako: bere buruzagiaren semea ere transgeneroa da, eta horrek «asko» lagundu diola diosku gazteak. Edonola ere, kafetegi honetan nekez sinets lezake inork Daniel gizonezkoa ez denik. Bizkar zabala du, gimnasioan landutako besoak eta, batez ere, bizar zaindua… Daniel Shaab te-etxeraino (Irakeko zaharrenetako bat) oinez hurbil liteke hemendik eta erabat maskulinoa den jendetza horren artetik oharkabean igaro. Ez luke, inondik ere, atentzioa emango.

Hori, alabaina, ez da beti horrela izan. Kurdu gazteak gogoan du nola sumintzen zuen txikitan soinekoekin janzteak, «ia erotzeraino». Eskolara iritsi eta uniformearen gonak atsekabetzen zuen gehien; etxean, berriz, begi-bistakoa zenari uko egiten zioten gurasoak. Alaba ez, semea zen eurena. Ezin zuten ulertu.

«Horrela eman nituen hogei urte, preso. Egoera makurra zen oso, eta nire familiarengandik heriotza-mehatxuak jaso nituen», gogoratu du Danielek.

Bederatzi hilabete igaro zituen etxetik irten gabe; hura izan zen inflexio-puntua. Depresioa zegoen atzean eta, batez ere, aitaren debekua. Familiaren «ohorea» agerian jartzea marra gorri bat zen etxeko nagusiarentzat. Halako batean, Danielek «dena» egingo zuela esan zion: emakumez jantziko zen eta «beste edozein emakumek bezala» jokatuko zuen. Baina gazteak plan bat zuen abian: Sulaimaniyako hotel batean lan bat lortu ostean, hiru hilabete eman zituen aurrezten eta etxetik arropa ateratzen aldi berean. Hotel hartan NBEko langileengana gerturatu zen: bere sexu-identitatea eta jasandako mehatxuak erbestean asiloa eskatzeko pisuzko argudioak ziren. Azkenean bertan behera gelditu zen bere kasua.

Danielek 2015ean lortu zuen Libanora ihes egitea. Askatasun-esparru txiki hura, baina, lilura hutsa baino ez zen izan. «Beirut zapaldu eta egun gutxira hondartzan nengoen, telefonoz hizketan. Bat-batean, esku bat sumatu nuen atzetik, sorbaldan. Nire anaia zen».

Irakera itzultzea ez zegoen planen artean, baina Danieli ihes egiteaz zein nekatuta zegoen konturatzeko ere balio izan zion. «Etxera bueltatutakoan aitarekin hitz egin nuen. Egoera behar bezala ez bideratuz gero, salaketa bat jarriko nuela esan nion. Horrek familiaren ohorea zipriztinduko zuela gogorarazi nion eta, azkenean, onartu egin zuen».

2015ean ere, Danielek deskubritu zuen (Youtube-ren bidez) Alemanian sexu-aldaketa egin zitekeela 250.000 dolarren truke, eta kantitate horren erdiarekin Turkian. Bere aitak ordaindu zituen Istanbulgo gastuak. Hormonei dagokienez, farmazietan kulturistek eskuragarri dituztenak erabili zituen gazteak. Nahikoa dela dio.

Azken urteotan egindako lagun gehienek ez dakite garai batean Daniel Danielle izan zela, baina oraindik harresi ugari daude gainditzeke. «Ni bezalako norbaitentzat bikotekidea aurkitzea da zailena», esan du mutilak. Duela hiru urte neska batez maitemindu zen, eta, ustekabean, lehia bizia sortu zen beraren eta beste ezkongai baten artean. «Mutil hark neskaren gurasoei kontatuko ziela esan zidan; haiek, jakina, nire gurasoei azalduko zieten. Familiaren ohorea arriskuan berriro, badakizu…».

Danielek asko du kontatzeko, baina denborarik ez, aurki lanera bueltatu beharra dauka eta. Alde egin aurretik, bere memoriak idazten hasia dela aitortu digu. «Bukatzen dudanean, mundu osoko argitaletxeek, eta Netflix-ek, HBO-k… denek joko dute nire atea!». Erraz.