Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Balioak

Balioak. Hitz potoloa. Munduan barrena ibiltzeko janzten ditugun zapatak izan daitezke. Egunerokoan sortzen zaizkigun korapiloak askatzeko darabilgun estrategia, estiloa.

Ez dakit zer demontre egiten dudan hemen, automobilaren bolanteari larritasunez helduta, balioei buruz barruraka hausnartzen. Kanporaka maldizio pare bat joan dira. Izan ere, denboratxoa daramat zain, aparkatuta dagoen auto hori noiz aterako, nik bertan aparkatzeko. Ez dut kalkulatu, baina igual bost minutu dira gidaria autora sartu dela. Eta ni, zain. Eta nire atzean beste bospasei auto, zain. Klaxon-hotsak, besteen maldizioak, nire larria. Eta aparkatuta dagoen autoko gidaria, lasai ederrean, telefonoari begira, auskalo zertan, klaxon-hotsetatik aparteko mundu baketsu batean. Noski, nire presak nireak dira eta atzetik ditudan autoen gidarien letxe txarrak ere nireak dira. Aparkatutako autoaren gidariak ez ditu zertan nire arazoak konpondu. Berak autoa ondo aparkatuta dauka eta sudurraren puntan jartzen zaionean jarriko du martxan. Azkenean martxa egin dut, aparkatzeko tokia galduta. Norbaitek eskertuko du.

Balioak, zera potolo horiek. Umetan esaten ziguten parkean zabua ez zela gurea, pixka batean ibili eta hurrengoari txanda utzi behar zitzaiola. Lagun batek ez zituela patinak ekarri? Ba utzi zureak eta ibili txandaka. Eta askarirako ogitartekoarekin berdin, askaria ez zuenari pusketa bat eman behar zitzaion. Hori zen legea, gizalegea. Apunteak partekatzen ikasi genuen, irakurritako liburuen laburpenak oparitzen, parrandarako geneukan dirua denen artean gozatzen, katxietatik laguntasuna edaten, bete gabeko ordutegiak elkarri zuritzen. Ikasi genuen aldrebeskeriek zenbat pisatzen duten norbere bizkarrean.

Ez ziguten espresuki erakutsi norbait aparkatzeko zain dagoenean gizalegezkoa dela ahalik azkarren mugitzea zure autoa. Baina beste ikasketa horiek guztiak barneratuta ditugunez, imajinatzen dugu jokabide zuzenena hori dela, presa pixka bat izatea. Eta, bestela, zain dagoenari esatea ez zarela azkar batean abiatuko. Ez egoteko zain alferrik, atzetik datozen gidarien haserrearen bultzada autoaren ipurtaldearekin eta zure osasunarekin geraraziz. Atzetik klaxon-hotsez haserretzen ari denak ere ulertu beharko luke zeinen zaila dagoen aparkatzea eta zeinen baliotsua den libre geratuko den toki bat begiz jotzea. Baina, noski, sudurraren puntan jartzen zaionean erabakiko du dagoeneko denbora gehiegi daramala zain. Horretarako da bere sudurra eta bere denbora. Ez du zertan beste inoren sudurrean, azalean jarri.

Oraindik ez dut aparkatu. Bolanteko burutazioa: elkarbizitza, elkarren ondoan modu harmoniatsuan bizitzea, aparkatzea bezain zaila bihurtu da egunotan.