Xandra  Romero
Nutricionista
OSASUNA

«Helicobacter pylori»: arriskutsua bezain arrunta den bakterioa

Helicobacter pylori», edo H. pylori gure urdaileko mukosan hazten den bakterio bat da. Gure urdaileko inguru azidoan hazi ahal izateko, H. pylorik ureasa izeneko entzima askatu behar du, barruko azidotasuna neutralizatzeko eta “erosoago” bizitzeko. Baina urdail mukosa barrua eta urdailaren barruko gainazala estaltzen duten zelulei ere lotu dakieke. Beraz, H. pylori milaka urtez bizi izan da gizakiekin eta ohikoa da bakterio honen infekzioa; konkretuki, Gaixotasunen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroak munduko biztanleriaren bi herenek bakterio hau dutela adierazi du.

Orduan, hain arrunta izanda, zergatik ez dugu orain arte honi buruz gehiegi entzun? Izan ere, bi ikertzailek 80ko hamarkadan aurkitu zuten H. pylori, baina 2005eko azarora arte ez zuten jaso Robin Warrenek eta Barry Marshallek Medikuntza eta Fisiologiako Nobel saria, urdailaren hantura (gastritisa) eta urdaileko eta duodenoko ultzera (gaixotasun ultzeradun peptikoa) Helicobacter pylori bakterioak eragindako urdaileko infekzio baten ondorio direla aurkitzeagatik.

Nola kutsatzen da eta zer eragin ditu gure osasunean? Oraindik ez dakigu zehatz-mehatz nola kutsatzen den bakterioa, baina gehienbat elikagai infektatuen bidez, kontaminatuta dagoen uraren bidez edo ahoz aho kontaktu zuzenaren bidez kutsatzen dela susmatzen da.

H. pyloriren infekzioak kutsatutako pertsona gehienengan gaixotasunik eragiten ez badu ere, ultzera peptikoa izateko arrisku faktore nagusi bat da, eta urdaileko eta goiko heste meharreko ultzera gehienen erantzulea da.

Eta serioago hartzeko, Helicobacter pylori bakterioak eragindako infekzioa da minbizi gastrikoa garatzeko arrazoi nagusietako bat; izan ere, Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak bakterio hori kartzinogenoen I. taldearen barruan sailkatu du, eta bakterio hori desagerrarazteko protokoloak ezarri ditu, urdaileko minbizia ekiditeko helburuarekin.

Baina nola jakin dezakegu bakterio honen infekzioa dugun ala ez? Hauxek dira kutsaduraren sintoma arruntenak:

• Bihotzerrea eta/edo errefluxu-sentsazioa sabelaren goiko aldean.

• Urdailaren hantura

• Asetasun pertzepzioa elikagai kantitate txiki bat hartu denean.

• Urdaileko mina.

• Goragaleak edo gorakoak.

• Ahulezia.

• Anemia

• Gorozki ilunak.

• Pisua galtzea.

Eta orduan, diagnostikoa eginda dagoenean, zer egin dezakegu? Eta zer egin ahal dute elikagaiek infekzioa dagoenean? Tratamendu farmakologikoa protoi-ponparen inhibitzaile bat hartzean datza, hau da, Omeprazola, antibiotiko batek edo bik lagunduta. Tratamendu honek infekzioa desagerraraztea lor dezake kasuen %80-84an, eta halaber, gastritisa eta funtzio gastrikoa hobetzen du.

Hala ere, elikadura oso garrantzitsua da urdailaren mukosa berreskuratzeko eta funtzio digestiboak hobetzeko, zeren eta H. pyloriren infekzioak narritadura eragiten du urdaileko mukosan, beraz, dieta biguna edo babes gastrikokoa beharrezkoa izaten da. Zer esan nahi du horrek? Dieta honetan, elikagai narritagarriak saihestu behar direla, esate baterako, alkohola, kafea, kakaoa, pikantea, gasa duten edariak, fruta zitrikoak, haizeak eragiten dituzten barazkiak –adibidez, brokolia, bruselazak, azalorea, porrua…–, leka osoak eta elikagai koipetsuak eta oso txigortuak edo kozinatuak.

Ordea, arroza, patata egosiak, pasta, haragi eta arrain zuriak, arrautza egosiak eta digestio errazeko hiru edo lau barazki –adibidez, azenarioa, kuia eta kalabazina– jatea gomendatzen da.

Beraz, H. pylori erauzteko elikadura zehatzik behar ez bada ere, antibiotikoek hesteetako floran alterazioak eragiten dituzte, eta horrek ondorioak ditu osasunean: immunitate sistemaren, endokrinoaren eta metabolismoaren funtzionamendua alda dezakete, aldi baterako eta zenbait kasutan epe luzerako. Dieta hori lagungarria da ondorioetatik babesteko edo kalteak murrizteko.