JON URZELAI GARRIDO - SALTO TRAINING

Hipertrofia motak

Hiper aurrizkiak gehiegi edo neurriz gain esan nahi du. Hipertrofia (lehen aldiz 1819an frantsesez erabilia: Hypertrophie) muskuluaren tamaina handitzeari deritzo. Hipertrofiaren kontzeptua ulertzeko, garrantzitsua da zehaztea zuntz baten luzera dela haren muturren arteko distantzia. Zenbat eta aktina eta miosina gehiago egon, orduan eta kontrakzioa indar gehiagorekin sortu ahal da. Bestalde, muskuluaren bolumena biderkadura bat da: sekzio transbertsalaren arearen (zuntzekiko perpendikularra den muskulu baten sekzio transbertsalaren azalera, oro har bere puntu handienean) eta muskuluaren luzeraren artekoa.

Literaturan hiru hipertrofia mota bereizten dira. Lehenengoa, hipertrofia akutua edo iragankorra da, erabiltzen ari den muskulura odola iristean gertatzen delako, hau da, plasmaren aldi baterako bolumena handitzen delako. Bigarrena, hipertrofia sarkoplasmatikoa da, hauek eragiten dute: bolumenaren handitzeak sarkoplasman dauden proteina ez-kontraktilen areagotzeak (Golgi aparatua, mitokondriak, erretikulu sarkoplasmatikoa, beste batzuk), muskulu glukogenoaren eta triglizeridoen erreserbak handitzeak eta, horren ondorioz, zelulan dagoen ur kantitatea handitzeak. Azkenik, hipertrofia sarkomerikoa edo miofibrilarra dugu; honek erreferentzia egiten dio sarkomeroen eta miozuntzexken tamaina eta kopurua handitzeari, aktina eta miozuntzexka proteinak, besteak beste, gehitzearen ondorioz. Hipertrofia mota desberdinak bereiz badaitezke ere, nabarmendu behar da termino erabilgarri edo funtzionalarekin lotu dezakegun hipertrofia mota miofibrilarra dela; izan ere, miozuntzexken tamaina eta kopurua handitzeak (aktina eta miosina handitzearen ondorioz) muskulu zuntzaren sekzio transbertsala handitzen du. Horrela, tentsio handiagoa sor daiteke, eta muskuluaren indarra handitu. Laburbilduz, muskulua handitzearekin lotuta dago hipertrofia, eta honen barnean hiru mota ezberdin daude.