BERTA GARCIA
KONTSUMOA

Jostailuen segurtasunaz

Gabonen atarian, jostailuen segurtasunaz eta bideojokoen edukiei buruzko oharrez arituko gara. Arriskutsuak izateagatik merkatutik erretiratutako elikagaiak ez diren produktuen laurden bat jostailuak dira: panpinak, bizikletak, moto txikiak, pistolak, telegidatutako autoak, jostailu magnetikoak, kimikoak, uretan erabiltzekoak..., ertz zorrotzak dituztelako, erraz askatu eta irentsiak izan daitezkeen piezak daramatzatelako, edo botoi pilak oso eskuragarri daudelako, hatzamarrak harrapa ditzaketen zuloak dituztelako, gai toxikoak, osagai suharberak, soinu bolumen kaltegarriak dauzkatelako...

Segurtasuna helburu, zeri erreparatu behar zaio jostailuak aukeratzean?

– Segurtasun arloan, jostailuei eskatu beharreko bermerik fidagarriena CE marka da.

– Etiketak (ondo ikusteko eta aise irakurtzeko moduan egon behar du) jostailuak duen arriskugarritasunari buruzko oharra azaldu behar du, eta haren erabilerari eta mantenimenduari zein artapenari buruzko argibideak eman behar ditu.

– Informazio hori berebizikoa da arrisku gehien duten jostailuetan; adibidez: irristailuetan, uretan erabiltzeko gailuetan, jostailu kimikoetan (zeramika, esmalte, argazkigintzan...), magnetikoetan... Etiketan zehaztu behar dira istripuen aurrean hartu beharreko lehen laguntzako neurriak ere.

– Etiketan azaldu behar dira, halaber: produktuaren izena; ekoizlearen, inportadorearen edo saltzailearen datuak; eta gomendatutako erabilpen adina.

– Zaintza berezia gomendatzen da botoi-pilak, bentosak, sokak edota zintak dituzten jostailuekin.

– Hiru urte arteko umeentzako jostailuetan ezin da pieza txikirik egon. Onartutako neurririk txikiena 3x6 zentimetrokoa da.

– Itxuraz jostailuak diruditen baina ez diren gailuen aurrean arreta berezia jarri: giltzatakoak, pizgailuak, laserdun erakusleak, apaingarriak...

– Gogoratu jostailu baten segurtasuna ez datzala soilik umearen adinean, baizik eta bere izaeran eta heldutasunean. Umeak bakarrik jolastuko duen ala ez, lagunekin, gurasoekin, etxean, parkean... garrantzitsua da.

– PEGI (Pan European Game Information) kode bat da, Europar Batasunean indarrean dagoen bidejokoen edukiak eta horiek erabiltzeko gomendatutako adinak zehazten dituena. Bideojoko guztiek deskriptore horiek azaldu behar dituzte haien kutxetan edo ontzietan.