AMAIA URIBE
IRITZIA

Etxean

Gernikako taberna batean, tortilla pintxoa aurrean daukadala ari naiz zutabe hau idazten. Estresik eta kezkarik gabe. Barrutik ateratzen zaidana hitzetan jartzen.

Egun batzuk dira Euskal Herrira itzuli nintzena. Kontatu nizuen beldurra ematen zidala mudantzak, baina dramarik eta malkorik gabe agurtu nuen New York. Eta Loiuko aireportura iritsi eta segituan ikusi nuen itzulera onerako izango zela. Telebistarako hainbestetan grabatu ditudan une horietako baten protagonista izan nintzen. Maletaz betetako orgarekin atea gurutzatu eta aiba! Familia nire zain, “ongietorri” zioten globoekin eta loreekin. Eta une horretan bertan, etxean sentitu nintzen.

Hasierako egunak gogorrak izan ziren. 8 milioi biztanleko hiri erraldoi batean bizitzetik, 400 biztanleko herri txiki batean bizitzera igaro naiz. Une oro lanean egotetik, denbora librea izatera igaro naiz. Eta hegazkin supersoniko baten erritmoko bizitza izatetik, oinezkoen abiaduran doan bizitza izatera igaro naiz. Hanka-sartze batzuk ere egin ditut. «Barkatu» esan ordez, «excuse me» esan diot baten bati eta semaforoak oraindik txarto gurutzatzen ditut. Izan ere, New Yorkeko semaforoetan segundoek ez dute esan nahi zenbat denbora egon behar zaren zain baizik eta zenbat denbora geratzen zaizun errepidea gurutzatzeko. Baina hanka-sartze eta guzti, uste nuena baino errazagoa izan da.

Hemen, dena da ezagunagoa. Badakit norengana jo behar dudan zerbait behar dudanean eta non erosi behar dudan gauza bakoitza. Hemen, dena da gertuagokoa. Umearen ikastola familia bat bezalakoa da eta ez dago txarto ikusita irakasleek umeei besarkadak ematea. Hemen, dena da seguruagoa. Semea bizilagunen etxera joaten da bakarrik eta ez zaio ezer gertatzen. Hemen dena da merkeagoa. Han ardo kopa batek balio duenarekin, kuadrillaren erronda ordaindu dezaket hemen.

Ahaztuta nituen kuadrillako poteoak, gurasoen etxeko bazkariak, kaletik jendea agurtzen joatea, okindegian ogia euskaraz erostea eta medikuarengan konfiantza osoa izatea. Eta ahaztuta nituen tortilla pintxoak.

Testu hau idazten nagoela, ezagun bat hurbildu zait. «Zer, Amaia? Nola doa egokitzapena? Irakurri nuen azken zutabea». «Banoa, apurka-apurka. Irakurri hurrengo zutabea eta hortxe kontatuko dut dena». Bada, horixe. Moldatuko naiz, inon baino hobeto bizi baikara Euskal Herrian!