JOKIN URAIN
IRITZIA

Kendu beharrekoak

Kendu beharrekoen zerrenda egiten hastekotan, bakoitzak berea eginda aterako litzateke laburrena, eta erruz luzatuko litzaiguke hala ere, goizean oharkabean pasatakoa arratsaldean etor bailiteke erraietara, eta umore onez zabiltzanean pentsatu ez duzuna lehen lerroan datorkizulako haserre zaudenean. Aldarte onean bazaude, lau-bost gauza idatzita bukatuko zaizu zerrenda; gaizto antzean zebiltzanean, gauzak ez ezik pertsonak eta animaliak ere apuntatu egingo dituzu banan-banan. Kendu auzoko ergel hori, kendu telebistan egunero agertzen den bestea... munduan zeu bakarrik geratu arte igual.

Izatez bada horretan aritzen denik. Euskal heren honetan udaltzain izateko euskarazko B2 mailarik ez dela behar ebatzi zuen duela ez asko Gasteizko Administrazio Auzitegiko epaile batek. UGT sindikatuaren helegiteari erantzun eta arrazoi ematen zion horrela. Ez zuen berria irizpide hori; antzeko ebazpena eman zuen Irungo Udalak udaltzain posturako ezarritako hizkuntza eskakizunen aurrean. Eskakizun haiek euskaraz ez dakitenentzat “diskriminatzaileak” zirela ebatzi zuen orduan.

Ana Maria Martinez epaileak hausnar sakonean landutako argudio sendoak ditu, halako lanpostuetarako eskatzen den euskara maila, gehiegizkotzat jota, baldintza hori kentzea agintzeko: euskara «munduko hizkuntzarik zailenen zerrendan bosgarrena» dela ikusi du, eta zenbait zerrendatan «lehena». Pentsatuko du gaztelania, munduko hizkuntzarik errazena eta, gizakiak joera naturalez ikasten duena ez ezik, mundu guztiak mintzatu behar lukeena dela. Arrazoi modu horrek ez dauka ezberdintasun handirik, funtsean behintzat, duela 55 urte auzoko eskola nazionalean erakusten zigun Zamorako maistraren pentsamenduarekin. Zerbait bai baitzekien hark ere!

Baina, epaile horri arrazoi ematen hasita, lanpostu batean aritzeko eskatzen diren baldintzak zailtasunen arabera aldagarriak edo kendu beharrekoak direla pentsatzen badu, ongi irudituko zaio epaile izateko baldintzak ere aldatzea. Ken ditzagun ikasketa eta karrera luzearen zailtasun alferrikako, garesti eta nekagarriak, eta bihur gaitezen denok epaile, apetaren edo beroaldiaren arabera epaitzeko; eta beharra dugun bakoitzean, hau eta hori kendu eta kito!

Kendu beharrekoen zerrenda egiten hasita, ulertzen ez den guztia ken genezake, Fermin; epaileak ere kenduta hobe asko, eta arrazoiketa erraietatik egiten dutenak lehenengo.