MIREN ARTETXE
liburuen txokoa

Ikusezinak. Erbesteratuen haurrak

Miren Azkarate • GARA, 2022 • 192 orri • 18 euro

(Zazpika)

Gurasoak espetxean preso dituzten motxiladun haurren egoera makurrak badu sonarik Euskal Herrian; aldiz, “maletadun haurrek”, gurasoetako bat –edo biak– erbestean dituztenen adin txikikoen testigantzak eta minak ez dira ezagutzera eman. Miren Azkarate kazetari errenteriarra horietako “maletadun haur” bat izan da –33 urte eman ditu Kuban bere aitak–. Hutsune hori betetzeko eta errealitate horri ikusgaitasuna emateko asmoz, haur horien ahotsa jaso du liburu honetan. Zortzi testigantza bildu ditu, berarena barne, Mexikon, Kuban, Cabo Verden, Suitzan eta Euskal Herrian. Emaitza: errealitate desberdinak erakusten dituen erradiografia zabala: «Batzuk Euskal Herrian jaio gara eta bisitan joan gara herrialde jakin batera, edo herrialde jakin batean jaio eta bizi dira beste batzuk... gure errealitatea ez da bat eta bakarra», azaldu du Azkaratek. Hitzaurrea Lander Garrok idatzi du.

 

Kale gorriko umeak •

Pier Paolo Pasolini. Itz: Fernando Rey • Igela, 2022 • 384 orri. 24 euro • Pier Paolo Pasolini XX. mendeko pentsalari publiko nagusietako bat izan zen. Euskaraz irakur dezakegun liburu hau 1955ean argitaratu zen, jatorriz: “Ragazzi di vita”. Idazlearen lehen nobela izan zen. Gerraosteko Erroman girotuta dago. Sekulako eskandalua piztu garaiko Italian, eta prozesu judizial bat eragin zuen. Riccetto, Caciotta, Lenzetta eta Begalone Erromako aldirietako mukizu azpiproleterioak dira protagonistak. Gosearen eta biolentziaren artean tarrapataka dira bizi. Errebaletako mutikoen eguneroko abiadan igaroko ditugu orriok, bizkor eta oldarrean, miseriaren patuari ihesi doazela, probreziari iseka egin eta alimaleko indarrez aurrera doan bizinahia itsuak bultzatuta... Harkaitz Canok idatzi du hitzostea, non zinemagile eta idazle italiarraren ibilbidea eta obraren mamia aztertzen baititu.

 

Gari eta goroldiozko •

Anari Alberdi • Susa, 2022 • 120 orri. 15,20 euro • Anari Alberdi musikariaren aurreneko eleberria. Garizkoak eta goroldiozkoak, bi paisaiek bat egiten dute lehen pertsonan emandako kontakizun honetan. 50 urte bueltako emakume baten bi bidaia kontatzen ditu liburuak, testu txatalak tartekatuz. Lehendabiziko bidaia zinematik etxera bitartekoa da, eta bigarrena bere amaren aldeko familiaren aspaldiko etxera. Protagonistak orainetik iraganera egiten du bidaia; eta denbora tarte horietan, «film bat irakurtzen den antzera irakurtzen da liburua, bere travelling eta zoom efektuekin», editorearen esanetan.

 

Atzamarra •

Asun Agiriano, Marina Garcia • Elkar, 2022 • 44 orri. 13,65 euro • Helduentzako album ilustratua. Lau eskuz egindako liburua da: Asun Agiriano arduratu da hitzez, eta Marina Garcia irudiez. Testutik abiatu zen liburua, Agirianoren iraganarekin lotura duen fikzioa da: amonarekin zihoala, auto batek harrapatu eta galdu zituen amona eta hatza. Urteak igaro ondoren, eta azalpen baten premiaz, hatza noiz haziko zen zain geratu zen, ipuin batek galera hori betetzen zuen bitartean. Hitz soilak dira nagusi, ez dugu ia juntagailurik topatuko, ezinbesteko hitzak baino ez. Eta testuarekin bat eginez, Garciaren ilustrazioetan irudi soilak aurkituko ditugu, neurritsuak eta iradokitzaileak.

 

Zaldi berdea •

Jose Mari Sagardui • Ataramiñe, 2022 • 20 euro • Jose Mari Sagardui Gatza zornotzarrak 31 urte igaro ditu kartzelan; 22 urterekin sartu eta 53rekin irten zen. Arrazoi politikoengatik espetxean denbora gehien eman duen presoa da Europa osoan; eta garai luze horretan 17 kartzelatik pasatu zen. Gogoak denboran aurrera eta atzera eginez, bertatik bertara bizi izandako zenbait gertakari ezagunen eta hamaika pasadizo ezezagunen berri ematen digu narrazio gordin bezain hunkigarri honetan. Bereziena, Granadako espetxean huts egin zuen ihes saioa 1993an, Gatzaren alaba jaio eta “Zaldi Berdea” sortu zenekoa.