amagoia mujika
IRITZIA

Olentzero maitea

Dagoeneko erretiratu zara mendiko zure txabola bakartira. Hanketako minez egongo zara, seguru. Urtero gabonak hanketako minez bukatzen zenituela kontatzen zigun amonak.

Orain, denak beste aldera begira daudenean, eskutitzik espero ez duzunean, idatziko dizut nik nirea.

Olentzero maitea, ni haurra nintzenean, miresmen adina beldur nizun. Nahi nuen zu gurera etortzea, baina gau guztian, esna egonda ere, begiak fuerte-fuerte itxita edukitzen saiatzen nintzen, badaezpada. Ardoa uzten genizun mahaian eta txorizo mutur bat. Intxaurren batzuk tarteka. Lana majo egin behar zenuen, eta indarra hartzeko jatekoa eta edatekoa uzten genizun. Gure aitonak esaten zuen ardoak odola egiteko balio zuela. Eta pentsatzen genuen gure aitonaren antzeko gustuak izango zenituela zuk ere. Esnatutakoan, pipa usaina sumatzen genuen etxean, eta lokatz arrastoak egongelan. Aitona-amonen baserrian asto eta guzti sartu zinen behin atarira, eta astoak kaka plosta-plosta hantxe egin zuen, ate-atean. Aitonak kontatu zigun nola garbitu behar izan zuen berak goizean, pala hartuta.

Kontatzen zigutenez eta kantatzen genuenez, bakartia zinen, kaskagogorra, ardozalea, erretzailea, zikina. Eta guk asko maite zintugun, ikasi genuen zu maitatzen zinen bezalakoxea, gurera zirrara eta magia ekartzen zenituelako, opari paperetan bilduta. Eta aitortuko dizut gustatzen zitzaidala sortzen zenidan beldur puntu hori, gerturatu nahi eta ezina.

Gauzak asko aldatu dira, Olentzero. Espero dut han, txabolan, ez duzula wifirik izango eta ez dituzula ikusiko zure bueltan sortu dituzten lelokeria guztiak. Erretzeari utzi omen diozu eta ardorik ere ez duzu edaten apenas. Akabo begi gorriena. Etxe askotan fruta uzten dizute eta barra energetikoak. Zure kolesterolak kezka kolektiboa sortzen du. Herri askotan astorik gabe agertzen zara, traktoreak politikoki zuzenagoak omen. Tinderren bikotea topatu dizute, eta hiriburu batzuetan zure ordezkari jarri dituzten ile zuri elegante pedanteak negargura sortzen didate. Penagarri, Olentzero.

Eta pentsatzen dut gaurko neska-mutikoei ez diela mesederik egiten joera berri horrek. Guk asko maite izan zaitugu, zaren bezalakoxea izanda: kaskagogorra, bakartia, bizarduna, zikina, edanzalea, errezalea... Guk ikasi genuen jendarte zurrunaren arauetatik aparte bizi zen ikazkin hori maitatzen, hori ere maitatzeko modukoa zela erakutsi ziguten. Orain, aldiz, beti izan zaren bezalakoa izanda, ez omen zara maitagarria, eta hor ari dira Olentzero fintzen eta gaurko estereotipoetara makurrarazten. Eta gero haurrei esaten diete bakoitza den bezala maitatu behar dela.

Zaindu minberatutako hanka horiek. Ur epela eta gatza. Laster arte, Olentzero.