JOKIN URAIN
IRITZIA

Erretrobisorean

Autoaren aurreko kristaletik garbigailuak euria eta elurra nola, halaxe kentzen ditu denborak gure egunerokotasunetik eta oroimenetik gertakariak eta horiei buruzko berriak. Hemerotekaren erretrobisorean ikusi ahalko duzu zelako abiaduran urruntzen den atzeraka atzo ilunabarreko espantua, gaur goizeko zalaparta... Baina laster ohartzen zara aurrera joatekotan atzera begira ezin duzula segi, eta kito, begi kliska batean joan da, ezkutatu da iragana, elur erauntsiak autoaren aurreko kristala estaltzen duen denboran.

Baina badira irudiak modu tematian itzultzen zaizkizunak erretrobisorera, keinuka ia, eta hortxe ageri zait Beatriz, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, lehengo hilean, Gasteizen, Olabide ikastolaren sorreraren urtemugaz, ikastolen mugimendua omentzeko ekitaldian. «Franco jeneralaren diktadura luzearen aurkako erresistentzia kultural eta sozialak urte zail haietan...» emandakoa aipatu du, eta totalitarismoari aurre egiteko moduaz klase magistrala eskaini die jarraian ikasleei.

Bezperan egunkari eta abarren bitartez jakin genuen Gasteizko Administrazio Auzitegiak ebatzitako edozerkeriaren berri: udaltzainek ez dutela euskarazko gutxiengo mailarik izan beharrik; lanposturako deialdi publikoan halakorik eskatzeak diskriminazioa eragiten duela... Gaztelaniazko goren maila eskatu daitekeela, alegia, baina euskarazko gutxiengoa ere ez. Pentsa zitekeen, fede on dezentearekin bada ere, halako lekua eta testuingurua baliatu nahiko zituela Eusko Jaurlaritzako sailburuak epaitegietako totalitarismoaren enegarren eraso eta larderiari erantzuteko. Pentsa zitekeen bideren bat erakutsiko zigula erresistentzia kultural eta sozial eraginkorren bat abiatzeko geure hizkuntzaren alde.

Baina ez, ez zigun esan zer egin dezakegun gazteleraz zuzenduz hurbiltzen zaigun udaltzainari euskaldunak garela azaltzeko. Agian ez daki nola esan zeurea dela arazoa udaltzain erdaldunari euskaraz egiten tematzen zarelako; edo ez daki nola egin aurre epaile batek euskaldunon eskubideen aurka hartzen dituen erabakiei... Edo ez zaio halako konturik batere axola.

Dena den, argi utzi zuen denboraren edo haluzinazioaren erretrobisorean begiratzea gustatzen zaiola, kaikuak jantzita kaleak eta mendiak betean Francoren diktaduraren aurkako erresistentzia baketsuan berak bakarrik ikusi dituen jendetza handien loriarekin liluratzeko.