AMAIA URIBE
IRITZIA

Lanbideek ez dute generorik

Lanbideek ez dute generorik. Baina XXI. mendean, oraindik ere, emakumeekin edo gizonekin lotzen ditugu lanbide batzuk. Emakundek egin duen txosten baten arabera, eraikuntza arloan nabarmena da hori. Ia ez da emakumerik ikusten, eraikuntza arloan langileen %1 bakarrik baita emakumea. Delineatzaile eta arkitektoak badaude, baina igeltseroak eta soldatzaileak gutxi.

Umetatik rol eta estereotipo batzuk barneratzen ditugu. Neskei panpinak oparitzen dizkigute, mutilei eraikuntza jolasak. Neskei “dotore” jantzita joan behar dugula esaten digute, mutilei “indarra” izan behar dutela. Eta horrek, gerora, eragina dauka lanbidea aukeratzeko orduan. Emakumeak gehiengoa dira irakaskuntzan eta zaintza lanetan. Eta, aldiz, lan fisikoetan gizonak dira nagusi. Erreferenterik ezean, gainera, kronifikatu egiten da hau guztia. Neskatilek ikusi behar dute emakumeak arlo guztietan gaudela. Neskatilek jakin behar dute nahi duten lanbidea izan dezaketela.

Beti saiatu izan gara semea berdintasunean hezten, baina ustekabean, lau urte zituenean, errealitateak zaplatekoa eman zidan. Sasoi hartan aireportuetara jolasten ziren eskolan, eta egunero galdetzen nion ea egun hartan nor izan zen pilotua. Konturatu nintzen beti mutilen izenak esaten zizkidala. Eta esan nion: «Zer, neskek ez dute inoiz pilotu izan nahi, ala?». Semeak erantzun zidan: «Ama, ez dago emakume piloturik. Begira zenbat hegazkin hartzen ditugun guk eta beti gizonak aritzen dira hegazkinak gidatzen». Zur eta lur geratu nintzen, eta asteburu osoa eman genuen Youtuben emakume pilotuen bideoak ikusten.

Ohitura daukat inguruko umeei handitan zer izan nahi duten galdetzeko. Eta imajinatuko duzuen moduan, beti antzeko erantzunak jasotzen ditut. Mutil gehienek futbolaria edo astronauta izan nahi dutela erantzuten dute. Neska gehienek irakaslea edo ile-apaintzailea izan nahi dutela esaten didate. Baina, behin, neskatila baten erantzunak harritu egin ninduen. «Garabiak gidatuko ditut, aitak bezala», esan zidan. Eta baietz esan nion nik, munduko garabi gidaririk onena izango dela. Emakundek argitaratu duen moduko txosten bat ikusten dudanean, neskatila horretaz gogoratzen naiz. Ez dut itxaropena galdu nahi. Agian gauzak aldatzen ari dira eta belaunaldi berriak hasi dira barneratzen lanbideek ez dutela generorik.