AMAIA URIBE
IRITZIA

Bizitzako lehenengo erabaki garrantzitsua

Aste honetan DBH4ko ikasle talde batekin egon naiz, nire ikasketei eta lanbideari buruz berbetan. Izan ere, bizitzako lehenengo erabaki garrantzitsuenaren aurrean daude: datorren urtean batxilergo artistikoa, letretakoa edo zientzietakoa egingo duten aukeratu behar dute. Eta zaila da erabakitzea, ordura arte zugatik erabaki dutenean. Zaila da etorkizunean pentsatzea, orainaldia bakarrik bizi duzunean. Zaila da bizitzan zer izan nahi duzun erabakitzea, artean nor zaren ez dakizunean.

Inguruak ere zerikusia izaten du gaztetan hartzen dituzun erabakietan. 3 urte zenituenetik klasean izan duzun lagun onenak Ingeniaritza ikasi nahi badu, agian zuk ere Ingeniaritza aukeratuko duzu, nahiz eta errepideen diseinuak ez dizun piperrik ere axola. Zure aita eta aitona abokatuak izan badira, agian zuk ere Zuzenbidea ikastea erabakiko duzu, nahiz eta benetan aktorea izan nahi duzun. Amak karrera bat formakuntza profesionala baino hobea dela esaten badizu, agian unibertsitatera joateko bidea hartuko duzu, nahiz eta tailer batean lanean zoriontsuagoa izango zinatekeen.

Nire erabakiari buruz galdetu zidaten ikasleek, eta aitortu nien ez zitzaidala kostatu erabaki hori hartzea, betidanik kazetaria izan nahi nuelako. Txikitan New Yorkeko berriemaile plantak egiten nituen ispiluaren aurrean, urte batzuk geroago ikastolako jaialdiak aurkezten nituen eta DBHn jolasaldiko orduan ikastolako aldizkariko artikuluak idazten aritzen nintzen. Beti eskertuko diet nire gurasoei nahi nuena ikasten utzi izana. Sekula ez zidaten esan kazetaritzak irteera gutxi zituela. Inoiz ez ninduten animatu erizaintza edota arkitektura teknikoa ikastera. Aukeratzen nuena aukeratzen nuela, euren babesa izango nuela esan zidaten.

Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasketak egitea erabaki nuen azkenean. Ilusioz joan nintzen Leioako kanpusera, urduri, zer aurkituko nuen ondo jakin barik. Eta lehenengo klaseetako batean, irakasle batek barruan neukan ilusioaren zati bat lapurtu zidan. Irakasle horrek esan zigun gutako asko ez ginela kazetaritzatik biziko, lanbide zaila zela eta lan baldintzak eskasak zirela. Lehendik ere banekien ez zela erraza izango kazetaritza munduan nire lekua egitea, baina irakasle hark kezkatuta utzi ninduen hurrengo lau urteetarako. Ordutik sarritan pentsatu dut irakasleak desmotibatu ordez, motibatu egin beharko gintuela. Eta bere lana zela gu ahalik ondoen formatzea, lanbide lehiakor honetan aukerak izateko.

Azkenean, aukeratutako ikasketak amaitu nituen, gustatzen zitzaidana zelako, eta horixe gomendatu nien DBH4ko ikasleei ere. Beraiei gustatzen zaiena ikasteko, gurasoei, lagunei eta ilusioa lapurtzen duten irakasleei kasurik egin barik. Euren etorkizuna dagoela jokoan eta ez dagoela lanera gogo barik joatea baino txarragorik. Munduak abokatuak behar ditu. Eta supermerkatuko langileak. Eta mekanikariak. Eta garbitzaileak. Eta baita kazetariak ere. Agur bero bat, ilusioa kendu nahi izan zidan irakasleari. Eskerrak ez niola kasurik egin, zoriontsu joaten bainaiz egunero lanera, eta ahoan irribarre bat dudala idazten ditut zutabe hauek. Ez dakit berak berdina esan dezakeen.