SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Liburuez

S. apurgarria,

Zer moduz oporretan? Bakantzetan beti egoten dela ongi erantzungo didazu. Atseden hartzera lanera itzuli zarela, bestela. Zuretzat oporraldietako egun zoriontsuenak abiatzekoa eta itzulerakoa zirela azaldu zenidan aspaldi. Ez dakit abiatu orduko hurrengo oporraldia prestatzen ari zarela ohartzen zaren. Oporretan ere eguneroko arazoak kudeatu beharko dituzula jabetzean itzaltzen zaizu ilusioa.

Ahantzi aurretik, ilusioz zabaldu al dituzte etxekoek gaur oparitu dizkiezun liburuak? Ziur naiz irakurtzeko irrikitan zauden eleberria hautatu duzula L.rentzat. Opari guztiak dira norberarentzat lehenik. Eta semeei... zergatik oparitzen dizkiezu liburuak, beste edozer nahiago dutela jakinda? Guraso hobea sentiarazten zaitu? Ez da izango zaletasunak konpartitzeak ziurtasuna ematen dizula? Baina zerk ematen dizu ziurtasuna, egoerak ala zure semeak kontrolatzeak? Badakit liburuen onurak zerrendatuko dizkidazula. Mundua zein zure burua ulertzeko, ihes egiteko ala besteren hezurren haragi izateko balio izan dizute. Horregatik nahi zenuke noizbait zure semeak ere Leila Guerrieroren zutabeekin interpelatuta sentitzea, Keum Suk Gendry-Kimen “Hierba”rekin zuk bezala negar egitea, baina konturatzen zara emakumeen gorputzari buruzko oinarrizko eztabaida politikoa bihotzeko aldizkarietako azal batek pizten duen munduan bizi beharko dutela? Zer eskaintzen ahal diezu “Ehiza askatasuna da!” bezalako leloak, litxarrerien gisan, irentsi ez ditzaten? Alferrik kontatuko diezu, honezkero, eskolan nota onak atera behar dituztela etorkizuneko lanpostua bermatzeko. Bermatzen hasita, ezin diezu ziurtatu haien auzoan bizitzeko aukera izango dutenik ere. Auskalo zer izango diren osasun-sistema publikoa eta erretretak beraientzat. Bere garaian, zurekin halako kezkarik ote zuten galde egin behar zenieke gurasoei. Ez duzu sekula hauteman zuk baino diru gehiago irabazteak nola sentiarazten dituen. Ez dakizu beraien arrakasta sozialari porrot intimoa darion. Hori jakinda, agian, zure semeei etorkizun bat eskaintzen tematu beharrean, haurtzaro bat ematera bideratuko zenituzke indarrak. Haurtzaro bat, liburuak oparitzeak sekula baino zentzu handiagoa hartzeraino. Haurtzaro bat, amaitzerik nahi ez den liburua bukatzeko grina sentitzeko. Haurtzaro bat, liburu batean bizitzen geratzeko plazera deskubritzeko. Haurtzaro bat, “zer moduz oporretan?” galdetzean, zer erantzun jakiteko.