SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Futbolaz

S. apurgarria,

Finala ikusi duzu bart? Ezin zaiola atmosferari ihes egin esplikatuko didazu (historiatik at geratzeak beldurtzen zaitu?), Kopa irabaziz gero txuletak oparituko dituela harakinak (zergatik uste duzu gizonezkoa dela?), Sevillara joan direla lagunak (ez al zara Ibil Bediren azken diskoa buklean entzuten dutenen bandokoa?), euskararentzat garrantzitsua dela Jagoba Arrasatek udaletxeko balkoitik bertsoa kantatzea (ez al zenuen Annie Ernaux izan nahi?), denok dauzkagula kontraesanak (horrek zernahi justifikatzen du?), denok alde irrazionala (esaten duzun guztiarekin ados zaude?)... (futbolean ere... dira garrantzitsuenak?)

Haurra zinela, Athleticek irabazten zuenean, lanera animosoago joaten zela aitortu zizun aitak. Zuri-gorrien partidak irratian entzunez ikasi zenuen gazteleraz. Esan gabe ulertarazi zitzaizun ez zela gauza bera Osasunakoa ala Madrilzalea izatea. Mundialetan Frantzia eta Espainia galtzen ikusteko pizten zen telebista. Horregatik trikutzen zaizu urdaila eskolako patioan Real Madrileko kamisetak ikusten dituzunean. Orain jabetzen zara, munduaren jabe, hamar mutil baloiaren atzetik oihuka hara-hona dabiltzan bitartean, hogei neska zokoratuta daudela. Orain badakizu zu ere izan zinela hamar mutil horietako bat, zu ere izan zarela inoren munstroa. Semeei begiak irekiarazi nahi zenizkieke, hainbeste espazio ez okupatzen irakatsi, baina, aldi berean, espazioari uko egiten hasi eta zokoratuta bukatuko duten beldur zara.

Beldur zara 44 urteko etxegabe bat hil delako bizi zaren auzoan. 44 urte, zuk baino lau gehiago. Salbu zaudela uste arren, zu izan zintezkeen zure jendea. Erruki gehiegiz eta arreta gutxiegiz tratatzen duzuna. Zarena ez ikusteagatik ikusezina zaizuna. Eskolako patioan, munduaren jabe, baloiaren atzetik korrika dabilen mutila zara oraindik. Bai, bera ere halatsu ibiliko zen umetan, ez zitzaion alde irrazionalik zein kontraesanik faltako, baina harakinak ez zion txuletarik oparitu (aski lan du hilabete amaierara heltzen), Sevillara joandako lagunak sarrera bila zebiltzan (eta zu, beraien poza epaitzeaz gain, zure zuloak estaltzeko beraienak seinalatzen), inorentzat ez zen udaletxeko balkoiko bertsoa baino garrantzitsuagoa (etxegabea izan nahi duzu?) eta ezin izan dio atmosferari ihes egin. Etxegabe baten aurretik pasatzen zaren hurrengoan, alta, futbolarekin egiten duzuna egingo duzu: futbola kritikatu eta finala ikusi. Badakizu ezaxolakerian bizitzea dela zu eta zu bezalakoen pribilegioa.