Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Hitzak

Putaaa», bota du pilotariak tantoa bete-betean asmatu duenean. Ospatzeko esan du. Baina kontrakorako ere balioko zion, kale eginez gero esan zezakeen «putaaa», haserrea adierazteko. Malgutasun handiko hitza da, egoera oso desberdinetan kabitzen dena. Harritzen garenean zein larritzen garenean.

Hitzaren jatorri etimologikoari buruz teoria desberdinak daude. Batzuek diote “neska” esan nahi duela, beste batzuen esanetan latineko “putida” hitzean du jatorria eta ustela esan nahi du. Grekoko “budza” ere aipatzen dute hizkuntzalari batzuek, emakume jakintsua esan nahi duena.

Jatorria bat edo bestea izan, garbi dagoena da hitzaren erabilerak ematen diola kolorea. Emakume bati esan dakioken gauzarik itsusienetakoa da puta hitza egungo jendartearen azalean. Iraingarria eta suntsitzailea da. Emakume bati mugak gainditu dituela adierazteko erabiltzen da, ondradua izatearen eta ez izatearen arteko muga, errespetagarri eta lotsagarri aritzearen arteko marra. Emakume bat zapaltzeko hitzik boteretsuenetakoa da.

Putaren parekide maskulinoa putasemea dela esango nuke. Kasu horretan, hitzari itsuskeria amaren jardunak ematen dio, ez semeak egin duen ezerk. Ama puta izatearen zama darama semeak. Nire ustez, putasemea izatea baino askoz okerragoa da puterosemea izatea. Tarteka saiatzen naiz nire hiztegia moldatzen, baina tamalez putasemea hitza tatuatuta daukagu ohituretan eta kostatu egiten da.

«Hijodeputa» hitza polifazetikoa da. Zeinek eta non esaten duenaren arabera, kolore desberdinak har ditzake. Lagunartekoa izan daiteke, lagunaren zirtoa goraipatzeko, «hau putasemea!», barrez. Etsaitasunaren apologia egiteko balio du, hortzak erakusteko, iraintzeko, amorrua adierazteko. Balio du Diputatuen Kongresuan kolore desberdineko politikariari buruz iritzia emateko, Ayusoren estilora. Eta balio du Madrilen, Ferraz kalean, PSOEren kontra oihu egiteko; «Pedro Sanchez, hijo de puta» sonatuaz ari naiz. Tristea zer den argudio politiko sendoena norbaiti putasemea oihukatzea izatea.

Ustel usaineko hitzak errealitate ustelduarentzat. Errealitatea izendatzeko erabiltzen ditugun hitzek errealitatea bera osatzen dute, eraiki eta deseraiki. Ez dira besterik gabeko hitzak. Behin taberna batean ikusi nuen oharra datorkit gogora: «Puten komunikatu ofiziala: Putek adierazi nahi dugu gure seme bezala izendatzen diren horiek guztiak ez direla gure benetako semeak. Ez dugu haien ekintzen ardurarik hartzen».