Jokin Urain
IRITZIA

Kontuak

Aldian-aldian atzera begiratu eta batez bestekoaren kontuei erreparatzea, gutxi edo gehiago, denok egiten dugun gauza izango da. Atzera begiratu eta egin dugun ibiliaren luzea, edo egindako lanaren tankera, hutsegiteena, laprastadena edo lorpenena. Lorpenak beharrezkoak baitira, hutsegiteak baino gehiago, ikasi hauetatik ikasten dela esaten dugun arren geure kontsolamendurako. Eta kontsolamendua nahi izaten dugu, bilatu egiten dugu besterik geratzen ez zaigunean.

Urte bakoitzaren amaiera ingurua aukeratzen du askok atzera begiratu eta balantzea egiteko. Egiten diren gehienek berriketatik gehiago dute, beharbada, kontuen argipen zehatzetik baino. Baina egin egiten dira, eta erakutsi, jakin dezan interesik duenak.

Nik jakin nahi nituzkeen gauzetako bat da noraino iristen den handik eta hemendik hauspotzen den zabor sailkatze, birziklatze, biltze eta abarren kontua. Itxura ona daukate aspaldi luze samarrean urtez urte ezarritako helburu eta lorpenen arteko kontuek. Herrialdez herrialde edo herriz herri azaltzen diren datuei begiratuta, ematen du euforia garbitzaile bat badaukagula dena txukuntzera eta ezer ez zikintzera garamatzana. Txostenetan idatzita topa daitezkeen orainaldiari buruzko datuak ez ezik, geroari begirako planak ere ez dira nolanahikoak…

Bestelakoa litzateke kontua gure etxe ondoan dauden zabor ontziei eta inguruko kuxidadeari begiratuz egin behar balitz balantzea. Lehen ere gerra dezenteak egin dira hemen zabor bilketaren auziarekin, eta ez du ematen amaitua denik dema hori. Kartoi eta paperak plastikozko poltsan sartuta edukiontzi horira botatzea, organikoa dirudiena errefusan sartzea, botilak eta laranja azalak paperezko poltsan organikora jaurtitzea… edo etxetik eramanda bezala dena nahasian edukiontziaren ondoan lurrean uztea. Exajeratua dirudiena norbere begiekin ikusten da batzuetan, eta ez zait iruditzen kale honetakoa txukuntasunaren salbuespen narrasa denik.

Erraza da zaborren sailkatze eta ontziratze baldarraren ardura erabiltzaile bakoitzari leporatzea, eta agian horregatik da erosoena ezer aldatu gabe jarraitzea, horrelaxe, beste urte bat geure krakaren arrastoa utziz. Erosketak egitera joaten garen bakoitzean hartu beharko ditugu plastikoari itsatsita datorren papera, paperari itsatsitako plastikoa, beirari itsatsitako papera, frutak dakarren paper zatia… Etxe bakoitzean bereizketa egitea espresuki zailtzeko prestatuta dagoela ematen du guztiak, eta denak nahasian poltsa batean sartuta errefusara botatzeko gogoa ematen du.