Amaia Uribe
IRITZIA

Besarkadak

Urtarrilak 21 dugu gaur, “Nazioarteko Besarkadaren Eguna”. Bai. Ondo irakurri duzue. Besarkadek euren eguna dute egutegian. Michigango Clio herrian 1986an ospatu zuten lehenengoz egun hau. Kevin Zaborney izeneko gizon bati bururatu zitzaion ospakizun xelebrea, inguruan besarkada gutxi ikusten zituela-eta.

Bi motatako pertsonak daude munduan. Une oro edonor besarkatzen dutenak dira lehenengoak. Ezagutu eta berehala, paparrera hurbildu eta bi eskuekin inguratzen zaituzte galdetu barik. Izan ere, beraientzat keinu normala da besarkada. Gertutasuna, maitasuna eta adeitasuna erakusteko keinua. Ez dira konturatzen, baina, beste batzuentzat pribatuagoak direla besarkadak. Horiek dira bigarren motako pertsonak. Ez dute mundu guztia besarkatzen. Batzuk bakarrik. Agian seme-alabak bai, baina aitaginarreba ez. Agian lagun bat bai, baina bestea ez. Agian lankide bat bai, baina gimnasioko laguna ez. Bereizi egiten dute jendea: besarkatzeko beste konfiantza ematen dietenen eta ematen ez dietenen artean. Bereizketa ilogikoa da gehienetan, besarkada batzuk eskertzen dituzten arren, beste besarkada batzuek deseroso sentiarazten dituztelako. Zergatik? Beraiek ere ez dakite.

Kulturala ere bada besarkatzea. Estatu Batuetan bizi ginenean, adibidez, irakasleek ez zituzten besarkatzen umeak. Txarto ikusita zegoen. Eta guraso batzuei ez zitzaien gustatzen gainontzeko umeek euren seme-alabak besarkatzea. Qatarren edota Nigerian, aldiz, debekatuta daude jendaurreko besarkadak. Arabiar Emirerri Batuetan kartzelara ere joan zintezke. Duela urte batzuk, bikote bati hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten gasolindegi bateko komunean besarkatzeagatik.

Niri dagokidanez, gustatzen zaizkit besarkadak; bereziki nire gertukoenak (bigarren motako pertsona izango naiz, agian). Albiste onak ospatu ditut besarkadekin. Eta egunik txarrena ere hobetzen dute nire semearen besarkadek. Ongi-etorriak jaso ditut besarkadekin. Eta agur ere esan dut min ematen duten besarkadekin. Ahaztu nahi ditudan besarkadak badaude. Baina askoz gehiago dira oroitzapenetan gordeta ditudanak.

Pandemiak besarkada asko lapurtu zizkigun eta, neurri baten, besarkatzeko ohitura ere kendu digu. Eta, Covidak eta gripe kasuak gehiegi igo aurretik, aprobetxatu dezagun nazioarteko egun hau ingurukoei gure maitasuna, leialtasuna edota esker ona erakusteko. Besarkada bana guztiei!