Sustrai Colina
TIRAREN BESTE ALDEAN

Arma, tira, pum: bineta bat tira-egileei

«Zaldieroaren tirak atera dit eguneko lehen irria», kantatzen du Gorka Urbizuk “Etxe bat” abestian. Zer da bineta bat, egilea eta hartzailea elkartzen diren etxea ez bada? Etxe bat, egunaren oihanera irten aurretik adoretzeko; etxe bat, egunak utzitako arrakalak josteko. Denek behar dugu nondik abiatu, denek behar dugu nora itzuli.

Tasio. Jon Hernáez (FOKU)
Tasio. Jon Hernáez (FOKU) (7K)

Esan egia: egunkariari binetatik ekiteko ohitura duzu zuk ere. Gertuago dago zure egunerokotik tira-egilearen zirrimarra bihurria, kazetariaren lerroburu arranditsua baino. Eguneko lehen kafearekin irentsiko duzu batzuetan, komunean eserita harrapatuko zaitu inoiz, lotaratu aurretik sakelakoa itzaltzerakoan besteetan. Ez zaitu gutxitan irribarrea ahoan utzi, askotan emango dizu zer pentsatua eta, behin aitorpenekin hasita, arimaren mintz ezkutuenetan harramazkatzen zaituenean duzu gustukoen. Ez zioen alferrik Michel Iturria “Sud Ouest” egunkariko binetista laudatuak prentsako marrazkia muturrean jotako krotxeta zela.

Bere eguneroko borroka begi-bistan dagoena ikustea dela aldarrikatzen du Andres Rabago “El Roto” tira-egile eskarmentudunak. Begi-bistan dagoena ikusi: hori guztia eta hori besterik ez. Ordu luzez kozinatutako eta mokadu bakarrean jandako gutizia da tira grafikoa, gutxi eskatu eta asko ematen duena. Nolakoa da, ordea, tira-egilearen sukaldea? Zeintzuk dira gure paisaia bisual eta emozionalaren parte bihurtzeko bakoitzaren errezetak? Erreparatu diezaiogun guk ere begi-bistan dagoenari.

ASMOZ ETA JAKITEZ

2019tik dihardu Unai Iturriagak (Durango, 1974) GARA egunkariko eguneroko zinta Zugazart ezizenez sinatzen. Tira perfektuari buruz galdetuta, «irakurlearen interesarekin bat egiten duen eta grafikoki ondo soluzionatutako ideia ona» dela dio. Iritzi berekoa da “Berria”n zeregin berdinean dabilen Patxi Huarte “Zaldieroa” (Faltzes, 1966) ere. Bere errezetaren oinarria ematera ausartu da, gainera: «Ideia da gehien kostatzen zaidana, ideia eta gidoia. Horrek eskatzen dit denbora. Zergatik? Garrantzitsuena delako».

“Berria” egunkarian, ez da Zaldieroaren zintatik aparte ibiltzen Antton Olariagaren (Usurbil, 1946) Zakilixutena. Binetaren nolakotasunaz gogoetan, bi motatakoak bururatzen zaizkio, hitzezkoak eta hitzik gabekoak. Hori bai, oharkabean pasa aurretik oroitarazten du ñabardura: «Zinta bat ez da inoiz mutua, irudiek ere hitz egiten dute». Hariari zehatz segitzen dio Tokikom-eko herri aldizkarientzat “Hau bai jeneroa!” saila marrazten zuen Garbiñe Ubedak (Tolosa, 1967) ere: «Hitzik gabe sekulako sorpresak ematen zituen Sempek. Mundialak iruditzen zaizkit sekuentzia edo irudi bakar batean zuk urteetan edo bizitza osoan laburbildu ezin izan duzuna eskaintzen dizuten zintak».

Hedabide ezberdinetan kolaboratzen duen Dom Campistronek (Aldude, 1994), aldiz, nahiago du hariari baino sokari tira. «Enetzat inportanteena mezua da. Gero, forma polita badu, hainbat hobe. Horregatik, jendearen begiak harrapatzeko, maite dut probokazioarekin jostatzea». Hala, sokari korapiloa egin eta auzia tenkatuta laga du ia bizitza osoan “Egin”en eta GARAn binetak argitaratu dituen Javier Etayo “Tasio”k (Sesma, 1954): «Nik tiretan, diseinuaz gain, edukia bilatu dut beti, mezu politiko bat, soziala… Beti saiatu naiz zerbait adierazten, ez zedila ilustrazio hutsa izan, eduki zezala gorputz bat».

Baina nola ematen zaio zinta bati gorputza? Dom Campistronek berehala hozka egin dio amuari: «Ene modu xumean, gauzak aldarazten entseatzen naiz, jendeari ideia eta ikuspegiak eskaintzen. Ene lana biziki feminista da eta LGTBIQ iruditeria landuz aniztasuna ekartzen dut. Hori da ene lana: kitzikatzea lehenik eta normaltasuna bilakaraztea gero». Ez da atzean geratu Iturriaga: «Inguratzen nauen errealitate eta interesatzen zaidan unibertso horretan dardo bat jaurti eta, ahal bada, ituan jotzen saiatzen naiz. Eragin dezala ziztadatxo bat, irribarre bat edo pentsamendu bat. Kontua da, nire kasuan, eguneroko lana dela eta errealitateak etengabe ekartzen zaitu plano teorikotik lurrera».

MENDEA ETA SEGUNDOA

Egunero. Egunero-egunero. Eguna joan eta eguna etorri argitaratzen dute Iturriagak, Olariagak eta Huartek euren zinta. Hogei urtez ia egunero argitaratu ondoren, denbora batez isilik gustura geratuko litzatekeela dio azken honek. «Hasieran ez nuen nabaritzen, baina egunero zerbait entregatu beharrak estresa eragiten dit. Ezin diot aktualitateari ihes egin. Nahi nuke, baina ezin naiz zurrunbilotik atera. Horregatik, halabeharrez, zurrunbilo horrekin harreman ona izaten saiatzen naiz». Honezkero eguneroko presiotik erretiratu den Tasiok, ostera, horrela oroitzen ditu bere eguneroko gorabeherak: «Nik egunero aktualitatearekin gosaltzen, bazkaltzen eta afaltzen nuen; egunero joaten nintzen aktualitatearekin lotara. Aktualitatea inspirazio iturri agorrezina izan da niretzat. Hori bai, gertatu izan zait tira igorri eta, gauez, garrantzitsuagoa iruditu zaidan notizia bati heldu eta azken orduan beste zinta bat marraztu beharra».

Iturriagak ez du arazorik aktualitatearekin harreman “patologikoa” duela onartzeko, baina ez du uste hiper-informazioak ituan jotzen laguntzen duenik. Gakoa denen agerian dagoen gai bat begirada pertsonalez jorratzea izan daitekeelakoan dago. Horregatik argi du ezin dela eguneroko tira-egilearen lana zintaka baloratu, denboran baizik, eta ez dauka ahazteko, lanari ekin zionean, egunkariko zuzendariak azpimarratu ziona: «Hau eguneroko lana zela esan zidan; gaur tira ona ateratzen banuen, bihar ahaztuko zela, eta txarra ateratzen banuen... ere bai! Inork ez du bineta txarrik egin nahi, baina, erraza ez den arren, erlatibizatu beharra dago. Gainera, zure egunerokoarekiko harremana ere baldintzatzen du zintak. Nik bizitza bat daukat nire lanetik aparte. Orain ohartu naiz, 16.30-17.00etarako, azken ordukoak azken orduko, eguneko aktualitateak eman duela eman beharrekoa».

Ordulariaren aurka ari denak denbora alde izan dezakeela sinetsita, beste begi batzuekin begiratzen dio Olariagak denborari. «Urrutikoak izanda ere, zinta-egileak bertsolarien senitartekoak garela uste dut, aktualitateak uzten duen errealitatea dugu gai-jartzaile. Hala, askotan propio egingo dugu poto, beste batzuetan distortsionatzen ahaleginduko gara. Gertakari batzuen aurrean, sentimendua izaten da eskua mugitzen duena eta, sarritan, distantzia ere behar izaten da sentimendu horrekin ez itsutzeko. Egunkarian ari denak, dena den, gaurkoa biharko beti zaharkitua geratuko dela asumitu behar du».

Egunkarian ari denak bai, baina nola egiten du aldizkarientzat lan egiten duenak zaharkituta ez gelditzeko eta, aldi berean, aktualitatearen hariari jarraitzeko? Badaki zerbait hortaz Garbiñe Ubedak: «Nik hamabostean behin argitaratzen nuen, 7-8 medio ezberdinetan tira bera, baina ez nekien bakoitza ze egunetan aterako zen zehazki. Horrek aktualitateari iskin egitera eta gai orokorragoetara jotzera behartu nau. Zailtasun erantsia da hori».

Zailtasunak zailtasun, begirada pertsonalera bueltan garamatza Campistronek: «Nik xantza hirukoitz bat dut, euskalduna naiz, feminista eta lesbiana. Ondorioz, ene ikuspuntuak eta interesak ezberdinak dira. Feminismoari ala LGTB gaiei buruzko berriak entzuten ditudanean, adibidez, ez zaizkit oharkabean pasatzen. Ene izateak du enetzat aktualitatea denaren agenda markatzen».

AGENDA

Zer ezkutatzen da Campistronen esaldi biribilaren gibelean? Zerk markatzen du tira-egilearen agenda? Iturriagak ez dauka zalantzarik: «Nire eremua Euskal Herria da». Baieztapen sinpleak errealitate konplexua estaltzen du, alta. «Nik printzipioz Madrilez paso egiten dut, baina Hego Euskal Herrian bizi naiz, EAEn, eta horixe da ondoen ezagutzen dudan errealitatea. Horri gehituz gero, Nafarroatik eta Iparraldetik heltzen zaidan notizi-fluxua txikiagoa dela eta Urkullu bezalako pertsonaia batekin lortu dudan harremana, askoz errazago jotzen dut joko-zelai horretara». Antzeko gogoetak utzi ditu Tasiok ere: «Bizkaian bizitzeak baldintzatu ninduela ohartzen naiz. Hasieran askoz gehiago marrazten nuen Bizkairako. Egun batean, ordea, lagun nafarrek kargu hartu zidaten, beraiek ere existitzen zirela oroitarazi. Arrazoi zuten eta, ordutik, Euskal Herri osoarentzat marrazten ahalegindu naiz».

Nazio ikuspegiak soilik ez, medioak ere binetistaren agenda baldintzatzen duela uste du Zaldieroak. «‘Berria’rekin parekatuta egoten saiatzen naiz, informazio bat landuko duela baldin badakit, horren inguruko zerbaiten bila nekatzen dut burua. Baina ez du zertan beti hala izan. Tira-egileak askatasuna ere behar du bestelako gauzak marrazteko. Udazken polit bat ala elur giroa baldin badaude, zergatik ez ditut nire zintetan baliatuko? Niregatik balitz, gauza eroagoak egingo nituzke, baina ‘Berria’n nago, eta nire medioarekin bat egiten ahalegintzen naiz».

Norbere filtrotik iragazitako aktualitatea, norbere medioarekin bat egitea… Baina zer gertatzen da zinta bera medio bat baino gehiagotan eta data ezberdinetan argitaratu behar denean? Ongi daki hori Ubedak. «Ez dakizu zure “nagusia” nor den eta, aldi berean, badakizu ez zarela nahi duzuna esateko libre. Horrek asko zailtzen du tira-egilearen kokapena. Nik euskara eta mikromatxismoak hartu nituen nire “nagusitzat” eta horiek erabili ditut nire agenda markatzeko».

Ubedak legez, zuzenean ala zeharka, denek aipatzen dute argitaratzen duten hedabideak euren lanean duen eragina. Beraien adierazpenak kazetari batenak dirudite. Tira-egilearen lana, aitzitik, kazetaritza ote da?

KAZETARITZA ALA ILUSTRAZIOA?

Kazetaritzaren ilustrazioa izan daiteke, agian. Ala ilustrazioaren kazetaritza, beharbada. Ezin jakin. Olariagak ez dio sekula bere buruari galdera hori egin. «Ez dakit kazetaritza zer den. Badakit kazetariekin esparru bat konpartitzen dudala, tokia lapurtzen diedala batzuetan. Gure lanek loturarik duten? Bai, askotan osagarriak dira eta beste askotan kontrajarriak. Kirol literario guztiak dira zilegi».

Campistronek ere kazetaritzatik at ikusten du bere lana. «Nik ez dut hola bizi. Ene ustez, zernahi dela ere, ilustrazioa politikoa da beti. Ez dut uste politika egin gabe marraztu daitekeenik». Horregatik da argigarria Ubedaren azalpena: «Zintak kazetaritzan eskaini dira beti, baina nik kazetaritzatik baino gertuago ikusten ditut iritzigintzatik, iritzi horrek sarri komunikabidearen ildo politiko edo editorialarekin bat egiten duen arren». Zintzo ilustratzen du Ubedaren esana Tasiok: «Ni ez naiz inoiz kazetaria sentitu, baina beti saiatu naiz iritzia ematen eta sortzen. Editorial moduko bat izan da nirea». Iturriagak, alabaina, mailukada bat gehiago jotzen dio iltzeari: «Iritzi-zutabe baten antza du, baina baita errealitatea nahieran moldatzeko zilegitasuna ere. Horregatik ez kazetaritza eta ez ilustrazioa, nik egiten dudana tira-grafikoa da».

Etiketak etiketa, bestela bizi du gaia Zaldieroak: «Nik batzuetan kazetaritza egiten dut, beste batzuetan iritzi-emailea naiz eta, tarteka, ilustratzailea baino ez. Orain urte batzuk iritzi sailera pasatu ninduten baina, egiari zor, nahiago nuen egunkariaren amaierako orrialdeetan galduta egotea». Galduta ez sentitzeko, ez da koordenatu txarra norentzat ari zaren pentsatzea.

NORENTZAT?

“Nor da gogoan daukazuna, nor da?”, kantatzen du Ruper Ordorikak. Lo aurreko istantean ez, baina lan-mahaian marraztera esertzerakoan, nor du gogoan tira-egileak? Hasperen arteko «jakingo banu!» batekin erantzuten du Olariagak. «Beti defendatu dut ni papereraino heltzen naizela eta beste aldetik balizko irakurle batek gauza bera egiten duela. Paperean zikindutakoak elkartzen gaitu eta oso dibertigarria da nire asmoa bat izan eta hartzaileak beste aberatsago bat ikustea».

Dom Campistronek, alta, argiago ditu gauzak: «Ene baitan, biziki naturalki bereizten dut norentzat ari naizen. Ene baitan ditudan estetika aski ezberdinak erabiltzen ditut, ene lana egituratu eta medioak izan dezakeen publikora egokitzeko». Berriz medioa, berriz lana argitaratzen duen hedabidearen pisua. Tasiori, ordea, ez dio horrek inolako arazorik sortzen: «Nik beti argi izan dut ezker abertzalearentzat marrazten nuela. Oso garrantzitsua da norentzat ari zaren jakitea. Horren arabera aukeratzen dituzu gaiak, horren arabera lantzen dituzu modu batera ala bestera».

Bat dator Iturriaga hedabidearen publikoa aintzat hartzerako orduan: «Ez naiz inozoa eta badakit, gutxi-asko, ze espektro ideologikotan mugitzen naizen». Behiala Cesar Oroz binetagile nafarrari entzundakoa bere egin eta ekarri du harira: «Gustura nago nagoen tokian, ez dut arazo ideologikorik eduki, ez dit inoiz inork ezer esan, baina, hala ere, non nagoen kontziente izan behar dut». Alabaina, bere buruari presioa kentzen dio Huartek: «Nik ‘Berria’ko komunitatearentzat marrazten dut. Esparru handia dirudi, baina ez dakit hain zabala den. Azken Durangoko azokan bi euskaldunek galdetu zidaten non marrazten dudan. Oso komunitate txikia gara».

Komunitatea. Hitzetik hortzera dabilen kontzeptua. Zenbateraino zedarritzen du, ordea, hizkuntzak komunitate hori? Zer esan nahi du euskarazko tira-grafikoak egitea? Kulturaren eta hizkuntzaren genealogiari loturiko eremu bat zabaltzen du Zugazartek: «Gaztelaniaz, jende gehienak daki Cervantes besamotza zela, ez da ezer azaldu behar; baina zer dakigu guk Axularri buruz? Badakit jende bat galdu dezakedala bidean, baina nire hizkuntza eta kultura nire unibertsoaren parte dira; beraz, erabiltzeko libre izan nahi dut».

Hizkuntza libre erabiltzen artistarik bada, Olariaga da. «Euskarak liluratu egiten nau. Hitzak eta hitzaren polisemiak bizi naute. Uko egin nahi diot hitzak esanahi bakarra izateari, batez ere hiztegiak kontrakoa esaten duelako. Asko estimatzen ditut hitzak desgaraiz edo deslekuz agertzeak sortzen dituen txoke neuronalak». Hori bai, Zakilixuten sortzaileak argi du hizkuntzak tira-egilearen ekonomia baldintzatzen duela: «Profesionalizatu nahi baduzu, zure babak zure tiretatik atera, ezin duzu ahaztu ze joko-zelaitan ari zaren zure kirola egiten». Ildo beretik mintzo da Zaldieroa ere: «Komunitate txikia izatea desabantaila da ekonomikoki. Nik ulertzen ditut gaztelaniaz ekiten dioten euskal idazle eta youtuberrak, baina ni ez nago hor. Gaztetatik nago euskarazko edukiak sortzearekin tematuta».

Igorlea, hartzailea eta, bien artean, hizkuntza. Horra komunikazioaren hezurdura. Tira-grafikoak, alta, ez ote darabil mintzairaz haragoko berezko lengoaia bat?

BERBA ETA IRUDIA

Nolako harremana dute hitzak eta irudiak bineta batean? Zertarako erabiltzen dute autoreek bakoitza? Ba al da bien arteko oreka perfekturik?

Huartek eman du lehendabiziko pista: «Nire zintetan hitza marrazkien gainetik dago. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio dutela esaten da, baina niretzat ez. Nire kasuan, hitzetan dago potentzial guztia eta irudiek lagungarri izan behar dute». Antzeko aitorpena egiten du Ubedak ere: «Marrazkiari kokapena eskatzen diot, baina hitzekin jotzen dut kolpea». Horren atzean zer dagoen galdetuta, azkar bururatu zaio azalpena: «Hitzak garrantzia handiagoa du niretzat. Ni iritziaren mundutik nator eta landu dudan marrazkia ez da kolpea jotzeko estilokoa. Ez da ahaztu behar tiren mundua gizonezkoena izan dela gehienbat».

Gelditu makinak. Generoaren generoak merezi du sartu-irtena. Ubedaren eskutik egingo dugu: «Ingurura begiratuz gero, gehien-gehienak gizonezkoak dira, baina nik, lanean ari naizenean, nirea egiten dut. Saiatzen naiz emakumeon ikuspegia txertatzen baina ez da espresuki bilatzen dudan zerbait. Hala, ez noa nire generoa aurretik jarrita. Nire sormenarentzat kamuslea litzateke etengabe nire generoari bueltaka ibiltzea».

Itzul gaitezen berben eta irudiaren arteko harremanera. Bere kasuan harremana “gatazkatsua” dela onartzen du Iturriagak. «Uste dut hitzekin ondo moldatzen naizela, baina grafikoki gabeziak sumatzen dizkiot nire buruari. Batzuetan ez naiz gai otutzen zaizkidan ideiak nire marrazkiarekin adierazteko. Horregatik saiatzen naiz beste tresna batzuk erabiltzen eta muga horiek abantaila bihurtzen».

Ilustraziotik datorrelako, agian, bestelakoa da Campistronen joera. «Usu, maite dut irudia bakarrik izatea. Askotan bere baitan aski indar duela iruditzen zait. Testu batekin pasarazten ez diren gauza konplikatu asko transmititzen dira irudiaren bidez».

Irudiak hitz eta hitzak irudi, esperientziaren talaiatik ixten du zirkulua Olariagak: «Ez dago formula orokorrik. Harritzea da jolasa, eta horretarako norbere burua harritu behar lehenbizi. Ni konbentzituta nago inkontzientea dela gure lagunik handiena eta, inkontzienteki bada ere, bakoitzak urratzen duela bere bidea, hitza eta irudiaren arteko harremana modu batera ala bestera finkatuz».

Berben eta irudien arteko harremana bezain bihurria da, ordea, inkontzientziaren eta kontzientziaren artekoa. Filtroz osatutakoa. Eta, jakina, ez dago ezer zentsuratzen ez duen filtrorik.

(AUTO)ZENTSURA

Autozentsurari buruz galdetuta barrezka erantzuten du Huartek. «Ez diot nire buruari erabat libre uzten, erokeria hutsa litzateke, abangoardia egingo nuke!». Baina serio ere heltzen dio gaiari. “Atentatu baten ondotik, “The Organization” beldurrez marrazten nuen, jendeari gogorregia irudituko zitzaiolakoan, baina, gero, argitaratu eta jendeak ez zidan halakorik esaten. Horregatik segitu nuen». Dena den, zorte handi bat duela onartzen du: «Askotan ez dut jakiten zer marraztu dudan bezperan, baina, egunkaria irakurtzean, ados egoten naiz egin dudanarekin».

Tasiok ere badaki zerbait Euskal Herriko gatazka armatuari buruz. «Zentsurarekin ez dut inoiz inolako arazorik izan, gerta zitekeenaren beldur, ni neroni autozentsuratzen nintzelako. Beti geunden jopuntuan, beti Damoclesen ezpata gainean, eta kontuz ibili beharra zegoen. Ez dizut ukatuko batzuetan atzera egin behar izan dudala».

Ez dakigu Ubedak zenbat aldiz egin behar izan duen atzera, baina autozentsurak «antzutu» egiten duela dio. «Askotan ematen du zinta-egileak lotsagabea behar duela, baina nik beldurra diot besteek pentsatuko dutenari. Mundu oso txikia da gurea eta, zintak egin bakarrik ez, mundu horretan bizi ere egin behar dugu. Trapu zikinak kanpoan astintzea gaizki ikusita dago gurean, etxean konpondu behar omen dira konpondu beharrekoak». Ez hori bakarrik, izaera kontuak ere badira tartean: «Optimista banintz, errazago eramango nuke guztia. Inork ez dit inoiz esan hau edo hura ez marrazteko baina bai baikorra izatea komeni dela».

Umorea oso gauza serioa da, aitzitik. Tira-egileak argi izan behar du nondik eta ze norabidetan aplikatzen duen. Iturriagak badaki zeintzuk diren bere baitako mugak: «Inoren aurkako ezer pertsonalik ez egiten saiatzen naiz. Politikari batekin ari banaiz, politikoki kritikatuko dut, ez pertsonalki».

Mugak muga, onarpenaren alde egiten du Olariagak: «Lagunekin, bikotearekin, ofiziokideekin, agintzen digutenekin zein agindupean ditugunekin, filtroz jositako elkarrizketak ditugu. Horregatik, ausardiaz ala koldarkeriaz, bizirik irauteko darwinismo hutsa gailentzen da beti». Iritzi berekoa da Campistron ere: «Ikasketa garaian gauza problematikoak marrazten nituen. Lanean hastean, dimentsio komertzial bat bazela ulertu eta egokitzen ikasi dut. Horregatik, mezua pasarazteko naiz autozentsuratzen eta, ondoan, inork zentsuratu ezin didan ene lana atxikitzen dut».

Mahaira gutizia preziatuenak zerbitzatu arren, beti geratzen da sukaldean zerbait.

ORRIA PASATU AURRETIK

Bihar ere, lehen kafearekin, komunean ala lotaratu aurretik irakurriko dituzu eguneko binetak. Begi-bistan daukazuna ikusten lagunduko dizute, agian. Erreportaje honekin gogoratuko eta tira-egilearen sukaldetik zure mahairako bidea irudikatuko duzu, akaso.

Ez du euri gutxi egin biharamunean argitaratuko zen Tasioren zinta furgoneta batek Gernikan jaso eta Hernaniraino eramaten zuenetik. Tira-egileak, ordea, frankotiratzailea izaten jarraitzen du. Etengabe dabil nondik eta zeri tiro egin aukeratzen. Etengabe, arma, tira, pum.