Amaia Uribe
IRITZIA

Zoramen zuri-gorria

Athleticzalea naiz, baina neurrian. Athleticen alde nago, baina burua galdu barik. Athleticek irabaztea nahi dut, baina irabazten ez badu nire bizitzarekin jarraituko dut. Ilusioa egin dit Athletic Kopako finalera iristeak, baina gehiegizkoa ere iruditzen zait zoramen zuri-gorri hau. Hiru aste geratzen dira eta dagoeneko Athleticen banderak ikusten ditut nonahi. Oraindik ez dugu partida jokatu ere egin eta batzuk hasi dira gabarraren inguruko planak egiten.

Negozioa egiteko ere aprobetxatu dute batzuek. Hegaldiak 800 euroan daude eta hotelak 1.200 euroan, baina batzuk prest daude behar dena ordaintzeko. Athletic guztiaren gainetik dago zale askorentzat. Ezagutzen dut emaztearen urtebetetzea ospatzeko hartuta zeukan bidaiako dirua galdu eta Sevillara joango den gizonaren kasua. Eta Bilbotik Sevillara joateko hiru ibilgailu hartuko dituen kuadrilla: Bilbo-Santander kotxez, Santander-Malaga hegazkinez eta Malaga-Sevilla autobusez. Bide guztiek Sevillara eramaten dutela esango dute gero!

Eta zer esan probabilitatean aditu direla uste duten horiez? Grazia egin dit, matematikan beti “gutxi” ateratzen zuen klasekideak sare sozialetan jarri duenak. 1904an Kopa irabazi zuen Athleticek. 1944an ere bai. 1984an ere bai. Eta 40 urteen probabilitateari eutsiz, 2024an finala irabaztea tokatzen omen da berriro!

Esaten dute Athletic erlijio bat dela. Entzun izan dut ere Athletic bizitzeko modu bat dela. Argi dago Athleticek batu egiten gaituela. Lekeitioko arrantzaleak eta Getxoko pijoak aho batez jartzen ditu oihuka. Ezker abertzalekoek eta PPko boto-emaileek kamiseta bera jantzita eramatea lortzen du klubak. Eta gizartean aspaldi ikusten ez zen ilusioa eragin du talde zuri-gorriak.

Gustatuko litzaidake, baina, futbolak eragiten duen indar eta batasun hori premiazkoagoak diren gauzetan ere igartzea. Denok batera aterako bagina soldata arrakalaren kontra protesta egitera edo Gazako gerra amaitzeko eskatzera, guztiz ezberdina litzateke gizartea. Baina, tamalez, final bat ikusteko bakarrik batuko gara. Eta irabazten badu, gabarra ikusteko beteko ditugu kaleak. Baina, hori esanda, aupa Athletic!