Estatuaren indarkeria aitortzeko urrats berriak… egileenak izan ezik
Hamabi urte pasatu dira Lakuako Gobernuak Estatuak eragindako indarkeria politikoa onartzeari ekin zionetik, lehenik dekretu bidez eta gero lege sendoago baten bitartez; eta bost dira, Nafarroakoa bide bera jorratzen hasi zenetik. Aurtengoak urrats berriak ekarri ditu ibilbide malkartsu horretan, goia urruna ez, urraezina dela jakinda. Izan ere, biktima asko eta asko bidean hil dira edo prozedura honekiko konfiantzarik ez dutelako ez dute beharrezko eskaerarik egin.
Hortaz, urte gehiago edo urte gutxiago Estatu indarkeria aitortzeko? Bi modutara irakur daiteke egungo egoera: edalontzia erdi hutsik edo -erdira hurbildu gabe- betetzen hasia?
Beste gako bat erantsi behar zaio hausnarketari. Pauso nagusia falta da beharbada, egileek eman beharrekoa. Izan ere, Estatu indarkeria hura ez da Estatua onartzen ari, euskal erakundeak baizik. Eta aringarria izanik ere, ez da guztiz sendagarria.
Urriaren 12an irudikatu zen hau guztia garbi asko. Hispanitate eta Guardia Zibilaren egunean. Gasteizen. Plaza Berrian indarkeria horren egile nagusietakoa izan den erakunde armatuak desfilea egin zuen estreinakoz; Gobernu espainolaren esanetan, egungo normaltasuna islatu nahian. Hortik ehunka metrora, Artiumen, biktimek beren aurpegiak erakutsi eta beren ahotsa entzunarazi zuten. Eta bereziki hau, Amaia Urizarrek esana: «Beste egun batez, ahal dugun moduan irentsi beharko ditugu haiek eragin zizkiguten mina, errua, lotsa eta umiliazioa. Baina guri ere errespetua zor zaigu».
Egiari Zorren egiari gezurrarekin erantzun zion Marisol Garmendia Estatu ordezkariak, gainera, inoiz itxi ez den zauria gehiago zabalduz: «Biktima guztiak asumitzen ditu Espainiako Gobernuak».
2024 honek ere hasi eta buka egin du inongo guardia zibil, poliziakide, Seced-Cesid-CNIko kide, agintari politiko eta abarren aldetik indarkeria kasu bakar bat aitortzeko ausardiarik izan gabe. Ez hilketarik, ez tortura kasurik, ez mobilizazioetan erasorik, ez jazarpenik... Horren adierazgarri mingarria da Etxeberria Alvarez familia: zazpi urteko itxaronaldiaren ostean frantziar agintariek “Naparra” lurperatuta egon zitekeen orubean indusketa egin zuten azkenean, apirilean, baina hiru egunez baino ez zuten Landetako baso hartan jardun, eta Eneko anaiari agur esan gabe amaitutzat eman zuten lana. Jada 44 urte dira desagerrarazi zutenetik, eta inortxok ere ez du Jose Miguel Etxeberriari egindakoari buruzko argipenik eman, eta eman zuenak, auskalo asmo onez ala txarrez, egia ala gezurra...
Bitartean urteak aurrera doaz, gero eta arinago itxuraz. Pasaiako badiako hilketen 40. urtemuga bete da aurtengo martxoan, esaterako; 2023an ofizialki onartua izan zen -euskal erakundeen partetik- tiroketa hura «epairik gabeko exekuzioa» izan zela eta bertsio ofiziala goitik behera gezurra zela, baina Madrilen ez du ez oihartzunik izan, ez erantzukizunik ekarri: gau hartako hildakoen oihuak eta poliziakideen tiroak bezala gelditu da, airean zintzilik, iluntasunean ezkutaturik.
Mikel Arregi Lakuntzako HBko zinegotzia tiroz hil zutenetik ere, 35 urte igaro dira. Nafarroako Gobernuak apirilean egin du Estatuaren zenbait biktimaren aitortza, lehendabiziko aldiz, eta tartean da Arregi, Mikel Zabalza, Angel Berrueta eta 1978ko sanferminetako zenbait zauriturekin batera.
Kasu ezagunak ziren aipatutakoak, herriak ez zuen zalantza izpirik. Beste batzuk lehen planora atera nahi izan ditu Egiari Zor fundazioak urte osoan zehar eginiko ekitaldietan, herriz herri, aitortza baino egia jakiteko beharra nabarmenduz. Urte hasieratik bukaerara. Urtarrilaren 7an Mikel Goikoetxea “Txapela”, GALek hildakoa, gogoratu zuen Derion, Sekretu Ofizialen Legea behingoz aldatzeko ordua dela nabarmenduz; eta abenduaren 6an Karmele Solaguren ekarri du gogora Barañainen, sakabanaketaren ondorioz hila, «heriotza hauek ekidin zitezkeela» azpimarratuz.
Eta oraindik Estatu indarkeria ikusi nahi ez duenik balitz, albiste berri bat, berritasun esanguratsu bat: Intxaurrondoko kuartelaren sarrerara joan dadila eta bertan lurrean dagoen plakari errepara diezaiola. Mikel Zabalzaren izena dakar, bertan torturapean hila.