SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Aurpegiez

S. apurgarria,

Berriz hortzak erakusteko moduan zaudela esan dizu dentistak, aurten ere ez zara Angulemako komiki-azokan izan, neguko eguzki izpietan bizi nahi zenukeela sinestera heldu zara, zure ordenagailuak baino aktualizazio gehiago behar dituzula konturatu, M.ren minbiziak ez dakar berri onik, diru kontuak justu eta ilusioa neurrian nabaritu dituzu militatzen duzun elkarteetako batzar orokorretan, gelakide bati Espainia gustatzen zaiola kontatu dizu seme txikienak, VIA-T hondatuta izan duzun egunetan jasangaitza iruditu zaizu ordainlekuro leihatila zabaldu beharra, irakasle grebalariari sudurra xehatu dio Poliziak, Olaia Inziarteren zerrautsak ispilatu zaitu eta gaur hogeita hiru ditu otsailak.

Jakin nahi zenuke, 44 urte barru, nola narratuko den aro hau, zer hitz asmatuko diren egun Palestinan gertatzen ari dena deskribatu ahal izateko, ze begirekin erreparatuko dion orduko feminismoak gaurko gizonkeriari, gasolinazko autoak iragana izango diren, euskara etorkizuna, zenbat sute piztuko den urtean, zenbat uholde, hiru kliketan antipodetara bidaiatzeak krak egingo duen, gerra terminoetan idatziko diren kirol kronikak, oldarraldi hau epaituko ote duen historiak, ze leku izango duten gure agintariek biharko eskola liburuetan... Berehala gogaitzen zaituzte Estatu Batuetako lehendakariarekin irekitzen diren albistegiek. Behiala elkarrizketatu zenuen tira egilearekin oroitu zara: «Ez dut agintarien aurpegirik marrazten, alde egiten dutenean sistemak jarraitzen duela ez ahanzteko». Zer lirateke zure ahotik irteten diren berbak, aurpegirik ez bazenu? Nola esango zenituzke? Zelan jasoko lirateke? Zureak izaten jarraituko lukete? Batzuetan, isilik ez geratzeagatik pausatzen dituzu galderak.

Hedabideei baino kasu gehiago egin behar zenieke libertimenduei. Deserosoak direnean ere, zuri buruz ari dira. Zure insomnioari soluzioa bilatzerako orduan, lokartzen zaituenak baino esanahi handiagoa du loa osten dizunak. Zertarako balio dizu, begirik bildu ezinda zabiltzanean, EAJren barne hauteskundeetan oinarritutako telesail baten gidoia irudikatzeak? «Ez dut agintarien aurpegirik marrazten, alde egiten dutenean sistemak jarraitzen duela ez ahanzteko».

Zure semeek oporrak hartuko dituzte hurrengo astean. Zuk ez. Astebete daukazu produkzioari eta kontziliazioari zure aurpegia jartzeko. Hortzak erakusteko moduan zaudela esan dizu dentistak.