Jokin Urain
IRITZIA

Daukaguna

Daukagunarekin ezin konformatu eta beste zerbait nahi, beti beste zerbait, hobea ez dakit, baina ezberdina bederen, edo geure gustukoa, eta beti edo gehienetan zaputzaldiaren makatza uzten digu itxaronaldiak. Eta hala ere beste zerbaiten zain nengoen duela bi aste, larunbat iluntzean, eguneko berriak ematen hasi zirenean ETBn. Gero pentsatu nuen agian betiko kontua dela beste zerbaiten zain egote hori, zaputzez zaputz joan arren, itxaropena gastatzen ez zaigunon artean behintzat.

Aspaldiko partez eguraldi ederra eta eguna paseotxo bat emateko baliatu zuen jendea erakutsiz hasi zuten eguneko berrien aurkezpena. «Tira, egia da eguraldi ona egin duela —pentsatu nuen—; bagenekien titularretan esan beharrik gabe ere, baina esateak igual ez dio kalterik egingo. Bigarrenean, agidanez?». Ez, bigarren berria izan zen Zelenskik proposatu zuela Europako armada bateratua sortzea. Hirugarrenean atzera etxera itzuli eta gure gaiari, propio egun horretan hizpide izan behar zuenari ekingo ziotela pentsatu nuen.

Baina, etxera ordez, Europatik Ameriketako Estatu Batuetara joan ziren ETBkoak larunbat iluntzeko berrien bila, hango presidenteorde Vance jaunak egindako adierazpenen eta horiek Alemanian eragindako erantzun batzuen jakinaren gainean egon gaitezen guztiok. Hurrengo jauzian iritsi ziren Donostiara gure hemengoa omen den telebistako fokuak eta kamerak. Kursaal jauregian ostiraletik igandera bitartean PSE-EE egiten ari zen kongresuaren berri eman behar ziguten, jakina. Eraikuntza bereko beste bi sala bete dituzten 900 pertsona burutzen ari diren batzarraz txintik ez oraindik…

PSE-EEren kongresuaren ondoren tren baten irudia eta Talgoren gorabeherak eta jakingarriak, jakin beharrekoa zelako hori ere. Eta segidan berriro Europan gora, duela egun batzuk jasandako eraso terroristan zaurituetatik bi hil baitira, ez gaitezela oharkabean igaro! Eta behera, han behera ere joan behar, gerra eta negarren artean poz txikiak ere bai baitira nonahi, eta bahituen eta presoen trukaketa egin dutela informatu digu gure telebistak. Eta horren guztiaren ondoren —interesa duten munduko berri guztiak aletu ondoren alegia— itzuli zen ETB atzera Kursaalera, Euskal Herriko Torturatuen Sareak bere sorrera batzarra egin zuela aipatzeko.

Torturaren errealitatea erruz eta kontzienteki babestu edo ukatu dute hemen epaileek, poliziek, politikari gehienek, hedabide handi gehienek… Hemen oraindik ere torturaren errealitatea ukatzea, modu lausoan aipatzea edo ezkutatzea erosoago zaie asko eta askori.