M8
Aste morearen atarian gaude. Pankartetan agertuko gara, albistegietako titularretan, ikastoletako ikasgaietan. Politikariek hitz egingo dute gutaz, auzoko okinak gurekin dagoela esango digu, konplize agertuko da gure nagusia. Egunkarietan, emakume mekanikariei eta emakumeentzako bakarrik diren gimnasioei buruzko erreportajeak irakurriko ditugu. Eta «zorionak, zuen eguna da!» dioten mezuak iritsiko zaizkigu whatsappera, mila aldiz esan dugun arren ez dela ospakizun eguna.
Izan ere, emakume askok, ohi bezala, adinekoak edo haurrak zaintzen jarraitu beharko dute. Familia lanaren aurretik jarri behar izan zuten andreek senarrari mahaian afari beroa jartzen jarraitu beharko dute. Enpresa askotako zuzendaritza postuetan emakumeek desagertuta jarraituko dute. Kirol arloan, emakumeek irabazi arren ez da Gabarrarik aterako. Eta Estatu Batuetan ez da emakume presidenterik egongo.
Kultura arloko emakumeentzat, bai, “denboraldi altua” izango da. Itxaso Payak eta Maria Riverok “eMcumeak” antzezlanean salatzen duten moduan, erakunde batzuk egun hauetan bakarrik gogoratzen dira emakume bertsolariak, emakume musikariak eta, oro har, emakume artistak kontratatzeaz. Kamiseta, zapi eta pin moreak saltzen dituztenek ere negozio galanta egingo dute. Askok egun horretan bakarrik janzten baitute kolore horretako zerbait.
Ondo dago aldarrikatzea, baina hipokrisian erori barik. Ondo dago berdintasuna nahi dugula oihukatzea, baina jakinda egunero borrokatu behar dugula horren alde. Ondo dago emakumeak ikusaraztea, baina argi izan behar dugu geuk irabazi dugula hori. Ondo dago M8 ospatzea, baina nahiago genuke halako egunik ospatu beharrik ez izatea. Feminismoa indibidualki bizitzeko modua eta kolektiboki borrokatzeko modua dela esaten zuen Simone de Beauvoirrek eta arrazoirik ez zaio falta. Gaur ez da martxoaren 8a. Gaur martxoaren 2a da. Baina zutabe hau gaur idaztea erabaki dut, egun bat baino askoz gehiago garelako.

«Dinosauroak itzuli gara, meteoritoa botako digute eta nahikoa»

Una cestería, un estanco y una farmacia: 125 años en el comercio bilbaino

Claves alimenticias para prevenir la osteoporosis

«Oasiaren kultura da nagusi»
