Altzairutegi batean, memoria galdatzen
1918tik 1960ra bitartean, Patricio Echeverriak (Legazpi, 1882-1972) bere altzairu-fabrikaren jarduerari buruzko erreportaje ugari kontratatu zituen. Gorka Salmeron argazkilariak enpresa horren historia grafikoki dokumentatzen duten 209 argazkiko funtsa jaso eta dohaintzan eman dio Arte Ederren Bilboko Museoari. Guk Gilermo Zuaznabar, museoko kontserbatzaile burua, lagun izan dugu bidaia honetan.

Erreportaje hau hasten duen 1947. urteko argazkiak ikuspuntu erabat modernoa dauka. «Saldak eragiten duen argia eta lurruna ikusten dira. Irudiaren behealdean, langilearen neurriak makinen handitasunaz jabearazten gaitu», esan du Gilermo Zuazbarrenak, Arte Ederren Bilboko Museoko kontserbatzaile buruak. Irudi honek Legazpiko Patricio Echeverria S.A. fabrikaren eta, bide batez, euskal altzairugintzaren ahalmena islatu nahi du. Bezeroak erakartzeko erabili ohi zuen industrialari honek argazkilaritza; eta hastapenean publirreportajeak izan zitezkeenak gerora historia biziaren lekuko bihurtu dira. Gorka Salmeron argazkilari legazpiarrak horixe bera pentsatuko zuen, argazki horien balioaz jabetuta, 200 irudiz osatutako bilduma gorde baitu azken urteetan eta horien kontserbazioa bermatu. Irudi horietan 1918tik -enpresa sortu eta hamar urte igaro zirenetik- 60ko hamarkadara arteko ibilbidea islatzen da; enpresaren hazkundearen eta hedapenaren testigantza dira. Salmeronen dohaintzari esker, bildumaren zati txiki bat ikusgai dago orain Arte Ederren Bilboko Museoan eta, museoari esker, 7K-ko irakurleak irudi hauen historian murgil daitezke.
«Kontratatutako estudio eta argazkilariengatik eta irudien kalitateagatik ondoriozta daiteke enpresak argazkiari garrantzi handia eman ziola urte haietan», gehitu du Zuaznabarrek. Bai Euskal Herriko, bai Estatu mailako argazkigintzaren garapeneko izen aitzindariak kontratatu zituen Patricio Echeverriak; esaterako, Willy Koch (Solingen, Alemania, 1879-Donostia, 1950), Juan Miguel Pando Barredo (Madril, 1915-1992) eta Photito (1919-1922) donostiar agentzia, funts honen zaharrenak.
Patricio Echeverria S.A. enpresaren historia Legazpiko historiarekin erabat lotuta dago, herriaren garapenaren eta enpresaren artean mendekotasun handia baitago. Baina beste istorio batzuk ere kiribiltzen zaizkigu argazki hauetan; esaterako, ale honetako azaleko argazkian. 1955ekoa da, Santiago Gabiriarena (Legazpi, 1935-Madril, 1990). Patricio Echeverria S.A. fabrikan lanean aritu ondoren, Gabiriak argazkilaritza-estudio bat sortu zuen 1954an bere jaioterrian. Industriaren eta lursailen erreportajeak ere egin zituen eta bere irudietan fabrikazio-prozesuekiko interesa antzematen da.
Madrilgo setioa jaso zuen Associated Press agentziarentzat, eta gerraostean bere agentzia propioa sortu zuen, irudien banaketan oinarritua, batez ere. Foto Pando, 1945era arte, eta Estudios Pando, gerora; industria eta publizitate argazkilaritza landu zuten. Zuaznabarrek horrela dio: «Teknika bikain baten bitartez konposizio orekatuak eta argi kalitate ederrak topatzeko Pandok duen gaitasuna nabaria da. Irudietan, ohiz kanpoko ingurune eta forma garbiak ikus daitezke. Hori guztia haren maisutasunaren seinalea da».
1.300 bat biztanle zituen Legazpik 1908an, Patricio Echeverriak enpresa sortu zuenean. Orduan hamabi langile zituen; 1970eko hamarkadan 3.600 izatera iritsi zen. Enpresaren inguruan finkatu zen Legazpiren garapena. «Nekazaritza-ingurunean industria handiak duen presentziak oso baldintza bereziak sortzen ditu –dio Zuaznabarrek, hastapeneko urte haiei buruz–. Lantegiak aurrez aurre kokatzen dira natura eta landa eremuetan. Baserriaren, lantegiaren eta fabrikaren arteko elkarbizitza Euskal Herriko gizartea eta kultura definitzen dituen ezaugarria da».
Langile bat mekanismoa kontrolatzen ari da; besteak, larruzko mantala daramanak, tenazekin altzairuzko piezari eutsi eta jirarazi egiten du behar duen forma har dezan. «Langileen baserriko jantziak eta oinetakoak ez dira oraindik fabrikara egokitu. Metalezko ingurune gogor horretan, jantzien biguntasunak langileen ahultasuna nabarmentzen du», Zuaznabarren hitzetan.
Euskal Herriko hainbat eskualdetan gertatu den legez, Legazpiren historia burdinaren tradizio eta kulturari lotuta dago, inguru hauetan burdina mendeetan zehar landu izan delako. Baina Patricio Echeverria izan zen herriaren garapenaren ardatz eragilea XX. mendean. «Fabrikak eraiki aurretik, elizak eta katedralak ziren hiriko eraikuntza handi eta argitsuenak. Makina estetika berri baten eramailea izan zen, eta erritmoa, errepikapena eta abiadura konstante amaigabe gisa ezarri zituen produkzio sistemetan. Artean, arkitekturan eta diseinuan edertasunaren ideia eraldatu zuen. Tenplu modernoan jainko erraldoi bat dirudi makinak».
Hainbat hamarkadatan, Gorka Salmeronek Legazpiko paisaia jaso du, arkitekturan eta lantegietako lanean arreta berezia jarriz. Langileen senide izateari esker lortu zuen fabrikarako sarbidea. Luzaroan begiratu zion parez pare ibarreko industria-jarduerari, gertuko duen inguruneari. Kalitate tekniko handiko dokumentu- erregistroa da emaitza. Azken bi irudi hauek 1995ean argitaratu zituen argazki-liburu batean.