Bonifazio Latxa: txerriak datoz erasoan

1898ko uztailaren 17an, Kubako gerra gogorren zegoen egunetan, bertso batzuk argitaratu ziren “Euskalduna” aldizkarian: “Bilbotik Ipiñaburura”. Bertso antibelikoak ziren, Espainia belizistaren eta hedabideek zabaldu zuten izuaren parodia. Eta Gorka Bereziartuaren “Espektakulua AEBetan; espantuak eta armak Europan” artikulua irakurriz, iruditu zait gogoratzeko modukoak direla, botere politikoak eta hedabideak gaur egun ere ezartzen ari diren histeria belizista salatzeko, barre apur bat eginda bide batez.
KONTESTUA
Presio espainolista gogorra izan zen Kubako Gerrako egunetan, batez ere hiriburuetan, Bilbon bereziki. Hantxe bizi zen Estatuaren funtzionario gehien eta hangoxea zen Antilletan interes handiak zituen oligarkia.
1897an zehar William MacKinley Estatu Batuetako presidente berriak espainolen gerra egiteko era ankerra kritikatu zuen, Valeriano Weylerrek antolaturiko kontzentrazio esparruak bereziki. 1897ko urrian Praxedes Mateo Sagastak, Valeriano Weyler ordezkatzera, Ramon Blanco bidali eta Kubarentzat autonomia eskaini zuen. Ramon Blanco zentzudunagoa zen, baina autonomia ja ez zen nahikoa kubatarrentzat, independentzia osoa nahi zuten. 1898ko otsailaren 15ean Maine itsasontzi korazatuaren leherketa gertatu zen Habanako portuaren parean, 266 marinel amerikano hil zirela. 1898ko apirilaren 11n Kuba baketzen parte hartzeko Joint Resolution delako erabaki anbiguoa ametitu zen.
Espainian harrokeria harrigarriz hartzen zen Estatu Batuekiko balizko gerraren albistea. Zenbait egunkaritan irakur zitezkeen honelakoak: «¡Viva España! ¡Queremos la guerra!». Eta belizismo patriotero hori Euskal Herrian, yankiak eta kubanoak urrun zeudenez gero, jende hurbilagoen kontra gauzatzen zen.
1898ko apirilaren 23an Mateo Praxedes Sagastaren Gobernuak gerra deklaratu zien Estatu Batuei. Manifestazio espainolista itzelak antolatu ziren egun horretan Bilbon, goiz, arratsalde eta gauez, uharteko matxinatuen eta Estatu Batuen aurka. «¡Viva el Ejército Español!», «¡Mueran los cerdos yankis!», «¡Muera el separatismo!» oihuka, Marcha de Cádiz himnoa orkresta militar batek jotzen zuela ibili ziren kalerik kale. Bandera espainolak eskegiarazten zituzten eskegita ez zeuden balkoietan. “Euskalduna” argitaratzen zuen Euskalerria elkartearen egoitzara heldu zirenean, banderarik gabe, itxita eta argirik gabe zegoenez gero, harrika hasi ziren, eta baten bat igo zen Espainiako bandera jartzera. Sabino eta Luis Arana anaien etxea ere harrikatu zuten paretik pasaeran. Leihoak kristalik gabe utzi zizkieten (ordurako, prozedura legalez, Euzkeldun Batzokija itxita zegoen eta “Bizkaitarra” aldizkaria debekatuta).
Apirilaren 25ean William MacKinleyk Espainiaren kontrako gerra deklarazioa izenpetu zuen. Laster helduko ziren amerikanoen erasoak Filipinetan eta Antilletan. 1898ko maiatzaren lehenengoan estatubatuarrek armada espainola suntsitu zuten Manilako portuan: Caviteko Batailaren eskeman, amerikanoek artilleria guztia zuten, espainolak jomuga izan ziren.
Nazionalismo espainolak, kikildu beharrean, propaganda belikoaren bidetik jarraitu zuen. “El Nervión” egunkari monarkikoak mendekua aldarrikatzen zuen, “¡Venganza! (Rápida)” tituluko pasarte honetan adibidez: «¿Llorar por los muertos? No, nunca. Vengarlos: ese es el supremo grito que arranca del alma de España entera. Por cada gota de aquella sangre preciosa derramar un oceano de linfa yanki; por cada cráneo español desecho en la terrible lucha, aplastar cien Capitolios norteamericanos…». Gera daitezela emakumeak negarrez; gera daitezela apaizak hildakoen atseden eternala eskatzen zeruari; gera daitezela umeak hilobien gainera loreak jaurtitzen. Gizonak gerrara -zioen “El Nervión”-eko kazetariak 1898-05-07an-, goazen gerrara: «a contestar con hecatombe a las hecatombes; a concluir con la raza entera del mercantilismo endiosado que ha de huir en el momento que no tenga coraza delante…».
Armada amerikanoak Kuba inguratu zuen gero. Uztailaren 3an amerikar akorazatuek zeharo suntsitu zuten Kubako Santiagon portutik itsasora atera zen eskuadra espainola.
Bilboko prentsa espainolak bere histeria patrioteroarekin jarraitu zuen. Egunero abisatzen zuen, gerra deklarazioaren ondoren, amerikarren eraso zuzena etor zitekeela penintsulara. Euskal kostaldea eta bereziki Bilboko badia defendatzeko antolatu beharra zegoen.
TRAGIKOMEDIAREN AURREAN, IRONIA ETA PARODIA
Nazionalismo espainolak zabaldutako histeriaren eta beldurren satira da “Bilbotik Ipiñaburura”...
Espainiak bere azken kolonia zatiak galtzen zituen, Estatu Batuek bere lehenengo neokolonial lortzen zituen artean. Espainia inperialaren hondamendia sekulako izan zen, politikoek eta militarrek ez sinesteko moduko erridikulua egin zuten, eta irrealitate sentsazio bat zabaldu zen jendearen artean. Intelektualen artean irrealitate sentsazio horri “98ko belaunaldia” deitu zitzaion.
Arratiatik gorako baserri mundu horretan ez zegoen hainbeste Estatuaren funtzionario ez hainbeste oligarkia kolonialik. Baina bai Kubako gerra eroapenez sufritzen zuen familia asko. Zeanuri, Ubide edo Otxandio aldeko auzo eta baserri guztietatik eramanda zeuden gazteak urruneko irletara… Eta, orain, amerikanoak datozela, semeak itzuli orduko.
Beste ipuin bat, errealitate inposatu saihetsezina gezurrez betea. Zazpi bertsoen parafasia eginez ikusiko da bertsooi darien ironia etsia:
«Ipiñaburun beldurrez ikara daude, txerriak iritsiko direlakoan. Entzun dute zazpi korazatu helduko direla laster Undurragatik gora.
»Atzo batzarra egin dute Ipiñaburun, Bizkaian egiten den lehenengoa, eta erabaki dute amuz beteko dutela erreka, txerrien barkua harrapatzeko.
»Undurragan, txerriak sar ez daitezen, errekan harri handi gogor ikaragarriak hasi dira ipintzen, Praiskuk Oketako basotik ekarriak.
»Ubiden ere hasi dira lanean, txerriak haraino helduko direla entzun dutenean, Elizako kanpandorrean guztiz prest daude kanoiak korazatua apurtzeko, Barazar gainean agertzen direnean.
»Ipiñaburuko gizonik zaharrenak galdetu du ea, itsasontzirik txarrenak ere aldapa igotzen badu, nola ez den trena igoten Ubideraino. Ez duela urik aurkituko? Aurkitzen duela, ba, nahi duenak.
»Ubidera joan nintzen behin eta urak eta edurrak ugari ziren han. Topatuko luke, noski, tren horrek bidean behar duen ura.
»Txerriak Ubideko herrira doazela entzunda, Otxandioko plazan ere ikaratu dira. Eta batek besteari esaten diote Otxandion txerriok sartuko direla, bai, baina txerritegira…».
Ironiaren bidetik azpigai bat ere sartzen du Bonifaziok testuan, 5. eta 6. bertsoetako trenarena: Bilbo eta Gasteiz arteko trenbide proiektu zahar egin gabearena. Aldapa hura trenak igotzeko gogorregia zelakoan abandonatu baitzen plana. Bilboko ingeniari eta dirugizonek jardungo zuten hor ere. Kubako gerran interesa zuen Bilboko burgesia industrial bera zen, akaso, trenbidean inbertitu nahi izan ez zuena.
TXERRIAK & IRUDITERIA ZOOLOGIKOA
Estatu Batuekiko etsaigoa larritzen zen heinean, marrazkilari satirikoek estatubatuarrei txerri forma eman zieten. Ohikoa bihurtu zen Uncle Sam txerri bat besapean, zerrikiaren deribatuen eta halako industrien bidez aberastu berria errepresentatzeko. Prentsa espainolarentzat, gerra hartako imajinario zoologikoan, yankiak txerriak ziren.
«…luchad si tenéis coraje,
lidiad si tenéis entraña,
y veréis, cerdos inmundos,
bellacos con forma humana,
en vuestra sangre cerdil,
flotar los hijos de España».
“El Imparcial” egunkariak arerioa irudikatzeko prozesu horri izena ere ipini zion: cerdolización. “Don Quijote” aldizkarian 12 arroako urde batek protesta egin zuen, arranke patriotiko haiekin, amerikar zikin ergelak txerri deitzea desohore eta kalte handia zelako zerrientzat. Baina, alferrik.
Euskaraz, Elias Gorostidi errepublikanoak ere “Pakea” izeneko bertsoak argitaratu zituen (“La Voz de Guipuzcoa”, 1898-04-18).
«Norte Amerikako
txerrizar trasteak
beretzat nahi dituzte
gure parajeak…».
1898ko maiatzean Orfeón Pamplonés taldeak jota letra sutsu hau zeukan errepertorioan:
«El escudo de Navarra
tiene en su centro un león,
para comerse los cerdos
que habitan en Nueva York».
Kopla horretan beste irudi zoologiko bat ere erabiltzen da: yankiak txerriak baziren, espainolak lehoiak. Iruditeria zoologiko espainola osatu aldera, insurrektuak basakatuak ziren. Emeterio Arrese liberal errepublikanoak “Aurrera!” argitaratu zuen 1896an, Espainiaren aldeko aldarri gerrazalea. Laugarren ahapaldian laburbildu zuen gerrako subjektu kolektiboen iruditeria hori:
«Sendogarria eman dizute
ingelestarren anaiak,
zeren daduzkan zaleturikan
ezkur gozoa jan nahiak;
lehoi marruak zutatu ditu
Espain gudari ernaiak,
eta baijoaz purrukatzera
katamotzari erraiak».
Yankiak txerriak (ezkurjaleak), espainolak lehoiak, kubatarrak katamotzak. 1896ko martxoan estudiantina batek atera zituen bertsook kalera.
VIZCAYATIK HAIZE ONETARA
“Bilbotik Ipiñaburura” kanta Oskorri taldeak kantatzen du “Vizcayatik... Bizkaira” diskoan. Bost bertso kantatzen ditu, behintzat; bosgarren eta seigarren bertsoak falta dira (trenaren albogaikoak).
Bonifazio Latxa Agirre ez da aipatu ere egiten euskal literaturaren historietan (Koldo Mitxelena, Luis Villasante, Ibon Sarasola, Jon Juaristi edo enparauenean). Ubiden jaioa (1874-06-19), ogibidez musikaria izan zen, organista plazarekin Zeberion eta gero Ean. Maria Uriarte izeneko Ispasterko neska batekin ezkondu zen 1899an, eta laster izan zituzten umeak Ean. 1899an, Gernikan, “Todos Erribatekos” izeneko sainetea publikatu zuen. 1898-1905 bitartean Bizkaiko hainbat aldizkaritan argitaratu ziren bere idazlanak, batez ere “Euskalduna”-n. “Ubide” eta “Ea” izenordeak erabili zituen. 1904an, emaztea eta bi alaba etxean utzirik, alde egin zuen Haize Onetara (Buenos Airesera, alegia), eta ez zen itzuli.