Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Suertearen zain

Erietxeko itxarongelako aulkiak ez dizu gorputzaren ezina jasotzen. Deserosoa da eta sumatzen da aurretik beste gorputz askoren minak eseri zaizkiola gainean. Itxarongela txiki horretan, nahiz eta begiak itxi, ezinezkoa da erietxean zaudela ahaztea. Badirudi espresuki horretarako diseinatuta dagoela.

Alboko emakumeak ezagunak ditu itxarongela eta bertako aulkiak, semearekin hogei urtetik gora daramatza bueltaka. Kakorratz lanetan ari da, erietxea bere bizitzaren parte bihurtu duenaren eskuekin. Lasai egoteko esan dizu, begiekin eta hitzekin, mediku oso onak daudela.

Deia jaso zenutenetik bederatzi ordu pasatu direla konturatu zara, ospitaleko komuneko ispiluaren aurrean zure burua ikusi duzunean. Oherako prestatzen ari zinen, eta bizitzaren zurrunbiloak arrastaka eraman zaitu konturatzerako. Gau hori ez da existitu. Goiza da eta justu-justu burua ateratzen duzu uretatik, arnasa hartzeko eta ez itotzeko ahalegin etengabean. Medikua etorri da. Suertea izan du eta, bai, transplantea egingo diote.

Suertea. Itxarongelan pilatzen direnek, erizainek, medikuek, garbitzaileek, etxekoak, lagunek... denek esaten dute, «ederra suertea». Entzuten dituzu hitzok, baina ez dituzu aditzen. Bizitzaren kamioitzarraren gurpil azpian atrapatuta sentitzen zara, eta ez diozu suertearen antzik hartzen ezeri.

Tragoa izan da, baina baita suertea ere. Organoak ematea norbaiti bizitza ematea da, herentzietan ederrena. Bizitzaren itxarongela txiki plastikozko horretan, bizitzak berak gainezka egiten du. Esku-ohe baten gurpilak pasilloan gerturatzen sumatzen direnean, denek ospatzen dute ondo ateratako transplantea, etxekoa izan edo ez. Gizatasuna krisian dagoen garaian, munduko toki eder bat da itxarongela txiki itogarri hori.

Irlandak organo emaile bihurtu ditu bertako herritar guztiak, kontrakoa adierazten ez badute behintzat. 2024ko Giza Ehunen Legearen lehen fasea abian jarri du orain egun batzuk eta, horren arabera, hildako pertsona oro organo emailetzat hartzen da, baldin eta ez badu espresuki kontrakoa jasoa utzi edo osasun arazoren batek eragozten badu. Hori bai, hildakoaren familiarekin hitz egingo da, haien oniritzia jasotzeko. Gustatu egin zait erabakia, askotan eta askok esaten baitugu ‘bai, ni ere organo emaile egingo nintzateke’, baina gero askotan hitzak hitzetan geratzen dira, inongo paperetan jaso gabe. Eta bizitzaren itxarongelak beteegi daude. Aulki deserosoak, baina ia denak okupatuta, zain.