Azurmendi reloaded

Apaiz bat, egungo gazte zenbaitzuentzat. Biolento bat, errealitatea bere osotasunean ulertu nahi ez duen eta epaitzera baino dedikatzen ez den bakezalearentzat. Txapela buruan erroskan iltzaturik duen nazionalista euskaldun erromantiko eta irrazional bat, espainiar nazionalista amorratuentzat.
Euskaraz, estilo ez aski filosofikoan eta gai probintzianoei buruz idatzi izanagatik baliogabeko lanen egilea, unibertsitate sistemara saldurik direnentzat… Hamaika aitzakia gehiago aurki diezaioket Joxe Azurmendiren ekarpen filosofikoari heldu nahi ez dionari. Baina errealitatea egoskorra da oso, eta Mikel Urdangarin Irastorzaren (Beasain, 1994) “Gizaberetxoak gara. Joxe Azurmendi feminismoekin elkarrizketan” (Jakin, 2025) saiakera sakon bezain irakurterraza argitaratu berri da, hain justu, Azurmendiren heriotzak aitzakia horiek guziak alboratu eta periodikoetako orriak haren laudorioz bete dituen egunotan.
Urdangarinenak, baina, ez dira laudorio hitzak, ez badira Azurmendik berak anitzetan aipaturiko pentsamenduaren ur-jauziaren printzak. Orain arte helduleku anitzetatik ekin zaio Azurmendiren pentsamendua azaltzeari, bereziki etika eta nazionalismoaren ingurutik eta, askotan, bere pentsamendua iraganekotzat hartua izan da.
Pentsalari feminista zenbaitzuen ekarpenekin erkatuz, Urdangarinek hori apurtu du: Azurmendiren lana etorkizunera begira egindakoa dela gogorarazi digu, bere alde gizatiarrenari heldurik. Subjektu, burujabetza, zaurgarritasun, natura eta kultura, komunitate edota gorpuztasunaren bueltan, hots, egungo eztabaida feministen terminoetan kokaturik nahi bada, filosofo zegamarraren ikuspegia non errotzen den aztertzen da “Gizaberetxoak gara” saiakeran. Justifikazio gisan, liburuak ederki baliatzen ditu Azurmendiren hitzak: «Nazioa zer den, batetik gizabanakoa eta bestetik gizadia zer diren aldi berean pentsatuz, pentsatzea da (abertzaletasunak ez du aberria soil pentsatzen: aberriaren kontzeptuan, gizon-emakumean eta komunitatearen, komunitate ezberdinen eta gizadiaren, komunitateen arteko harremanen antolaketaren, azken finean giza historiako idealen pentsaera osoa konprometitzen du, mundu-ikuskera osoa globalki». Eta hor, Urdangarinek frogatu bezala, Azurmendiren ekarpena, bertzeak bertze, Simone de Beauvoir, Jule Goikoetxea, Judith Butler, Silvia Federici, Donna Haraway edo Vandana Shivaren parean agertzen zaigu. Testuinguru eta erreferentzia ezberdinetatik abiaturik, baina arazo berdinei aurre egiteko borondatea eta era partekatzen dituzte. Baita, oro har, ondorio berdina ere: kontraesanez eta askatasun egarriz betetako izaki hauskorrak, gizaberetxoak, baino ez gara.
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

Mantala jantzi, ondarea gal ez dadin

La mercantilización de la menopausia
