Eskandalua
Euskal Herriko udaleku batzuetatik dator notizia. Logela mistoak, dutxa mistoak, begiraleak topless egiten eta beste batzuk kamisetaren azpitik bularretakoa jantzi gabe lasai ederrean. Eskandalua iruditu zaie bertan egondako nerabe batzuei, guraso zenbaiti eta komunikabideren bati. Albiste bihurtzeraino. «Traumatizatuta» omen daude nerabe batzuk.
Azal fina daukagu denok, baina azkura gauza desberdinek ematen digute. Nire azaletik, ez diot ezer txarrik, ezer eskandalagarririk ikusten udaleku horietako dinamikari. Neskak, mutikoak eta ez bata ez bestea ez direnak, espazioa partekatzen; jangelan, igerilekuan, irteeretan, gaubeletan, logelan edota dutxan. Gorputz aniztasuna begien bistan, natural. Ñabardura garrantzitsua egin dute, gainera, begiraleek: ez dute inor behartu biluztera. Nahiago zuenak bainujantziarekin har zezakeen dutxa.
Herriko igerilekuan konturatuta nago nola nerabe asko bainujantziarekin sartzen diren dutxara emakumeen aldagelan. Hor ez dago mistoa izatearen dramarik. Nerabezaroan norbere gorputzarekin haserre egotea nahiko ohikoa izaten da. Pentsatzen dut hortik datorrela besteen aurrean ez biluztu nahi izatea.
Baina norbaitek laguntzen badizu zure gorputzarekin pixka bat adiskidetzen, zakila edo alutik harago begirada zabaltzen, gorputzak normalizatzen, aske sentitzen, neska-mutilen dikotomia hausten... lezio garrantzitsua da hori. Nahiz eta udaleku guztietan bainujantziarekin dutxatu, buruan zerbait mugitu dezake horrek, bizitzan aurrera egiteko pausoa indartu dezakeena.
Juxtu egun berean sumatu ditut tertuliano espainol zenbait seko aztoratuta. Madrilgo Gobernuak urtea amaitzerako neurri garrantzitsua jarri nahi du martxan: 14-22 urte bitarteko gazteentzat preserbatiboak dohain. Eta batzuei eskandaluzkoa iruditu zaie; gaztetxoak sexu harremanak izatera bultzatzea bezalakoa omen da.
Egungo bizimodua oso modernoa eta teknologikoa da. Askatasunaren olatuan goazela sinetsita gaude, guk erabakitzen dugula une oro zer eta nola. Baina batzuek gorputza eta sexualitatea oso modu arkaikoan bizi dute; kontuz gorputzekin bekatuaren erresuman.
Dezente zoriontsuagoak ginateke, sexualitatea modu osasuntsuan, askean eta berdinetik berdinera bizitzen ikasiko bagenu. Garaiz gaude nerabeekin, eta bidean laguntzen diona bularretakorik gabeko begirale bat izan daiteke.





