IRITZIA

Ametsez

S.apurgarria,

Enegarren aldia da arratsaldea sutondoan irakurtzen pasatzearekin amesten duzula. Ametsak betetzeko zirela uste zenuen behiala; egiterik ez daukazuna oroitarazten dizute orain. Zure sakelakoa bezala, gero eta gehiagotan kargatzeko premiaz heldu zara urte amaierara. Nekeari aurre egiteko planak irudikatzen dituzu: aspaldi ikusi gabeko lagunekin gelditu, mendira joan, aitatxi eta amatxi bisitatu, Avelina Praten “Una quinta portuguesa” ikusi, derrigorrik gabe esnatu, ordutegirik gabe bizi... Teoria errepasatzen duzun bakoitzean ematen dizu zaplaztekoa praktikak. Lotaratu aurretik ohe ertzeko mahaitxoan utzi nahi zenuke burua, konbentzioak ahantzi, sentitzen duzuna egin, ez zer sentitzen duzun pentsatu. Opor usainean dabiltza ingurukoak, oparien ilusioz haurrak, egun seinalatuetarako erosketetan gurasoak, bezperako euforiaz gainezka ostatuak. Baina nor gogoratzen da bakarrik dagoenarekin? Nork aitortzen du bere jendartea bakardadearen beste aldaera bat baizik ez dela? Galtzaileak gustatzen zaizkizula diozu, eurekin identifikatzen zarela, enpatia eragiten dizutela, baina ez duzu galtzaile izan nahi.

Durangoko azokaren bestondoak jo du kulturgintza, sistemak gogor erantzun behar duela dio Barne sailburuak, Espainiako erregeak ez du barkamenik eskatu Gernikan, bi tokiko hedabide itxi dituzte arrazoi ekonomikoengatik, eguberriko azokak antolatu dituzte merkatuaren aurka, 45 urte bete ditu Korrikak eta, ezinbestean, Palestina gutxiago aipatzea konponbidearen sinonimo den galdetu nahi zenuke. Zer gertatuko litzateke zugan, 2026an, aktualitatea jarraitzeari uko egingo bazenio? Hamar egun barru, Olentzero eta Mari Domingi etxez etxe ibiliko direla azpimarratuko dute albistegiek. Gezur konpartituak egia bihurtuko dira berriz. Ez zinatekeela egia eta gezurraren arteko talkan tematu behar irudituko zaizu. Kontatzen dituzun eta kontatzen zaituzten fikzioak behar dituzu zuk ere.

Enegarren aldia da arratsaldea sutondoan irakurtzen pasatzearekin amesten duzula. Jenofa Berhokoirigoini saritu dioten erreportajea leitzen irudikatu zaitezke edo, halabeharrez, narratzen zaituen istoriotik begirik altxa ezinda. Aztoratzen al zara, zure kontakizunaren protagonista ez zarela ohartzen zarenean? Zer sentitzen duzu zure narrazioaren gidoia ere inorena dela jabetzean? Erne ametsekin, gertatu egiten dira.