Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Hariak

Olentzerori eskutitza idazten ari gara txokolate beroz eta ogi txigortuz betetako sukaldeko mahaian. Azkenean, seguru, txokolate orbanez joango da eskutitzen bat. «Olentzerori ez zaio inporta. Berak eskuak ikatzez zikinduta izaten ditu. Total, ikatza edo txokolatea, antzeko parezido». Zazpi urteko burutazio ederrak, hortzetan sortu zaizkion hutsuneak eta txokolatezko bibotea gailentzen diren aurpegi horretan.

Helduxeagoek zuzenketa egin didate, Olentzerori eta Mari Domingiri idatzi behar zaiela. Mari Domingirena ez dudala hain garbi esango nieke, ez niola nik Olentzerori laguntzailearen beharrik ikusten. Eta, orain, Mari Domingi dagoenez, seguru berak hartzen duela ardura handiena. Hori esango nieke, baina barrurantz pentsatu eta pentsamenduaren punta bakarrik erakutsi diet. «Ados, nahi baduzue biei idatzi, baina jakin Olentzero eta Mari Domingi ez direla bikotea». Eta hamar eta hamaika urteko jakintsuek baietz, nobioak direla. Eta nik ezetz. Emakumea eta gizona izateak ez duela derrigor esan nahi bikotea direnik. «Peru eta ni lagunak gara eta ikastolan denek esaten dute nobioak garela. Haserretu egiten naiz», berriz zazpi urteko argitasuna. Baina besteek berean segitzen dute, Olentzero eta Mari Domingi maitaleak direla, jende guztiak dakiela hori. Eta nola nire hitzak dagoeneko ez duen nik nahi adinako pisurik, telefonoa hartu eta adimen artifizialari galdetu diote. Hau ez nuen espero. Gazteleraz esan die «compañeros» direla. Orduan bakarrik onartu dute nik esandakoa, chatGPTren atzetik.

Lehen «irratian» esaten zutenak balio zuen. Gure amonek esaten zuten, «radioan entzun dut», eta hori zen egiara gehien hurbiltzen zena, ñabardurak ñabardura eta irratiak irrati. Gero, «telebistan esan dute» garaira pasatu ginen. Telebistaren parean eseri eta nolabaiteko garrantzia ematen zitzaion handik zetorrenari. «Interneten irakurri dut» sasoia ere ezagutu dugu. Batzuentzat, sarean irakurtzen dutena da bizitzarako behar duten argia. Eta, orain, hamar eta hamaika urteko neskatoek argitu didatenez, «chatGPTri galdetuko diot» fasean gaude.

Tristeena da irratiak, telebistak, sareak eta adimen artifiziala maneiatzen dituztenak beti esku igualak direla. Hariak mugitzen dituztenak, boterea daukatenak, beti dira dinastia beretakoak; mundua irakurtzeko toki eta modu jakina dutenak.

Olentzero maitea, aurten aldrebes portatu banaiz ere, ekarri mesedez kristal berezia duten betaurrekoak. Maneiatzen gaituzten hariak moztea ez da erraza, baina gutxienez ikusi egin beharko genituzke, ez dezagun ahaztu hor daudela.