«Egian aztarrika hastean ateratzen dira zikinak, odola… eta argia»
«Dena zulo bera zen». Narrazio liburu berria besapean hartuta itzuli da Eider Rodriguez euskal letren plazara. Lau urte joan dira «Eraikuntzarako materiala» ez-fikziozko nobelak argia ikusi zuenetik. Ipuingiletzat du bere burua. Hain gogoko dituen kontakizun laburrak idaztera itzultzeko irrikaz zegoen errenteriarra. Bere irakurleak ere, pozarren.

Ezin bizi idatzi gabe. «Ahalko banu bizi idatzi gabe, egingo nuke; zorionez ala zoritxarrez ez naiz kapaz», aitortu du. Gauza txikietan bilatzen du handiagoak diren kontuen azalpena eta literatura du horretarako bide. “Dena zulo bera zen” (Susa) da bilaketa horren azken emaitza.
“Eta handik gutxira gaur” (2004, Susa), “Haragia” (2007, Susa), “Katu jendea” (2010, Elkar), “Bihotz handiegia” (2017, Susa) -liburuari izena ematen dion ipuina pantaila handira eraman zuen “Los destellos” filmarekin Pilar Palomero zuzendariak- eta “Eraikuntzarako materiala” (2021, Susa) dira aurrez ondutako izenburuak. Itzulpen alorrean Irene Nemirovskiren “Dantzaldia” ere argitaratu zuen 2006an Txalaparta argitaletxearekin eta “Nikoleta eta gaua” 2008an, Elkarrekin, Arrate Rodriguez ahizparen marrazkiez lagunduta. Izenburuetako batzuek Eider Rodriguezen (Errenteria, 1977) obraren konstanteen aztarnak gordetzen dituzte: gorputza, etxeak eta zuloak. Pertsonaiak behatxulotik zelatatzen dituen bitartean, harritzen jarraitu nahi du. «Jendeak nola hitz egiten dion elkarri, nola adierazten dion maitasuna edo ez, ala zer gertatzen den pertsonen artean; apasionantea iruditzen zait», adierazi dio 7Kri.
«Eraikuntzarako materiala» liburuaren publikazioaren ostean elkartu ginen azkenekoz. Egiten zizuten lehen elkarrizketa zen. Maila literarioan hitz egin zenuen lanaz baina inpresioa dut aurkezpenak gehitu ahala maila pertsonalera egin zenuela jauzi. Nolako bidaia izan da liburuaren eskutik bizi izan duzuna? Material autobiografikoa erabili nuen lanerako eta orain baneukan gogoa fikziora itzuli eta elkarrizketetan berriz ere literaturaren esparrura bueltatzeko. Nahiz eta “Eraikuntzarako materiala” liburuaren elkarrizketetan kazetarien %99k kuidado handiz tratatu nauten, galderak egiterakoan batzuetan agian lerratu dira esparru intimoegira, baina nahiko kontuz. Bueno, nik ere ikasi dut bideratzen, jakiten zeri buruz galdetu diezadaketen edo zeri buruz hitz egin nahi dudan. Gogoa neukan harresi gardena jarri eta fikziora bueltatzeko.
«Dena zulo bera zen» liburuari ekitean sentitu duzu zure irakurleen espektatibaren presiorik? Nola kudeatzen duzu hori? Ez dut eduki halakorik. Nik ipuingiletzat daukat neure burua, nagusiki. Hain da genero txikia, hain dira garrantzirik gabekoak bai generoa, bai liburuak, bai literatura... espektatibak handiak izanda ere oso txiki izaten jarraitzen baitute. Aspalditik datozen istorioak dira, gustu handiz kaleratu dut “Dena zulo bera zen” liburua eta pozik nago sentsazio hau eduki ahal izateagatik.
Zure liburu berria salduenen artean dago. Ez dakit, baina egonda ere, ez du gauza handirik esan nahi horrek, ez? Pozik nago izandako harrerarekin eta luxua da ipuinak idatzi ahal izatea eta jendeak nire ipuinak irakurri nahi izatea. Hori baino opari handiagorik...
Zuk, gainera, apustua egin duzu literatura zure ogibidea izan ez dadin. Zergatik? Batetik, nahiko poliki idazten dut. Denbora asko ematen dut ipuin bakoitzarekin, esango nuke hiruzpalau hilabete baietz. Denak ondo enkajatu behar du, ezin du esaldi batek tokiz kanpo egon ez onerako, ez txarrerako; ez azpimarragarria delako, hori ere ez zait gustatzen, ez sobera dagoelako edo erredundantea delako ere. Asko neurtu behar da. Behintzat niri interesatzen zaidan edo nik egin nahi dudan ipuingintza oso poliki idaztekoa dela esango nuke. Ezingo nuke idaztetik bizi eta idatzi beharko nituzke beste gauza batzuk, zeinak kenduko lidaketen energia, gogoa, grina, ilusioa eta segur aski misterioa ere bai, ipuinak idatzi nahi izateko. Batetik zaila da, oso prekarizatuta dagoen lanbidea da, eta bestetik nire lan erritmoarekin ezingo nuke horretatik bizi Euskal Herrian. Nahiago dut nire idazketa denbora plazeraren esparrura eraman; hori izan da nire apustua.
«Idatziz jartzeak mina eta dolua metabolizatzeko eta izaera kolektiboko liburu bihurtzeko» balio izan zizun aurreko liburuaren kasuan. Material autobiografiko batek noiz lortzen du literatura izaera? Zaila da esaten. Asmoa inportantea da, edukiak ez ezik formak ere garrantzi handia dauka.
Jarrera da intentzioa? Bai, jarrera kontua da, idazketari dagokionez ere. “Eraikuntzarako materiala” ez da niretzat edo nire senideentzat idatzitako liburu bat. Idatzi nuenean banekien liburu bat izango zela, baina ez memoria liburu bat, ez testigantza liburu bat, baizik eta nobela bat. Nire apustua izan zen aitaren eta alabaren arteko 40 eta piko urtetako harreman bat 200 orrialdetara ekartzea. Horrek behartzen zaitu daukazun material biografiko horri forma jakin bat ematera kabitu dadin liburu baten eskemetan. Nola egin interesgarri... Azkenean, dokumentala den materiala oso gutxi da. Zure bizipenen %99 alboratu egin behar duzu, pentsa! Gehiago da emozio, sentimendu eta isilune batzuei zer forma ematen diezun... Literaturatik hurbilago egon daiteke edo ez. Gainera, gaur egun, arte garaikidearen mugak hain dira lausoak eta misteriotsuak... Gauza jakin batzuk artea dira? Interesgarria da debatea.
Idazketan asko agintzen du senak baina bide mantso horrek badu hausnarketatik ere. Neure buruaren kontra egingo dut, konturatzen naiz utzi beharko niokeela oso poliki idazten dudala esateari. Liburu honetako bi ipuin idatzi nituen egonaldi literario batean, Katalunian. Hilabetez idatzi bakarrik egin nuen. Asko eta oso azkar idatzi nuen. Ez dakit trantze hitza erabil dezakedan... Dago intuizioa batetik eta bestetik bide orri bat, arrazionala edo arrazoiketatik eratorritakoa. Nire lanean esango nuke intuizioak geroz eta garrantzi handiagoa daukala. Denboraren faktorea kendu eta egun osoa daukazunean idazteko, eromenetik eta kontrol ezetik gertuago dago idazketa. Oso interesgarria izan zen niretzat, ze nik ez dut horrela inoiz idatzi ahal izan. Gero zailtasunak izan nituen lotarako. Izan ere, ez dago etenik, dena da idazketa eta irakurketa. Literaturaren eta bizitzaren arteko mugak nahiko markatuta ditut normalean eta han desagertu egin ziren.
A zer luxua, eguna idazteari emana. Emakumeok borrokatu egin behar dugu sorkuntzarako tarte bat hartzeko, askotan lo orduei lapurtuz. Zaintza lanak direla… Bai, erabateko luxua. Beti gaude ohituta gure idazdenborak kaxoi txikietan sartzen. Eta nik segur aski horregatik idazten ditut ipuinak. Nire bizi kondizioak beste batzuk balira nobelak idatziko nituzke, ala ez. Egun nire bizi erritmoari ondoen egokitzen zaion generoa ipuina da eta, gainera, oso ipuinzalea naiz.

Narrazioa izan ala nobela, zuretik jartzen duzun inplikazioan bada alderik? Hasteko, denborarena. Ezin duzu idatzi nobela bat hiru edo lau hilabetean. Ipuina idazteko orduan nik argi eta garbi ikusten dut beste intentsitate bat. Ezin duzu hanka sartu. Edo hanka sar dezakezu, baina gero konpondu egin behar duzu hanka sartzea.
Arnasa luzeagokoa da. Hori da, arnasa luzeagokoa izanik idazteko manera, nire kasuan, oso diferentea izan da. Ipuin batean uzkurtuta nago idaztean eta erlaxatzera zoaz. Eta nobela batean alderantziz da, erlaxatuta nago eta uzkurtzera joan behar dut; mugimendua diferentea da.
«Dena zulo bera zen» liburuaren aurkezpenean esan zenuen egia interesatzen zaizula. «Batzuek filosofia daukate, beste batzuek zientzia, historia, psikologia, erlijioa... Nik ipuinak», zenion. Ingurunea eta zeure burua ulertzeari lotuta dago egia hori? Egia oso kontzeptu inpopularra da, gaur egun oso demodé dagoen zerbait. Horrez gain, historikoki oso zaila izan da zedarritzen eta definitzen zer izan den egia. «Egia» esaten dugunean jende xeheak ulertzen duen horri buruz ari naiz. Zer da gutako bakoitzarentzat egia? Asko daude. Barne egia izan daiteke, bat egin beharko lukeena kanpo egiarekin. Lehenengo ipuineko pertsonaietako baten esaldia da eta hori erabili nuen aurkezpenean, horrela baita. “Eraikuntzarako materiala”-n ere badago egiaren bilaketa bat. Nor zen aita? Zein zen gure arteko harremana? Eta egian aztarrika hasten zarenean ateratzen dira zikinak, hautsak, odola.. eta gauza ederrak ere bai, argia ere bai. Oso gauza konplexua da. Ertz askotarikoa da egia, eta niri ipuinak balio dit nolabait hurbiltzeko horretara.
Liburu berriko «Kanikula» ipuinean «Bihotz handiegia» liburuari izena ematen dion ipuineko bi pertsonaia aurkituko ditugu, Ixabel eta Iñaki. Badaude pertsonaia batzuk eskutik hain estu heltzen dizutenak kosta egiten direnak askatzea? Kasu honetan bai. “Bihotz handiegia” ipuina oso luzea da, “Kanikula” bezala, eta denbora asko pasa nuen pertsonaiekin. Gero nobela idatzi nuen. Eta hala ere, oraindik atentzio eske ari ziren [irribarrea]. Batez ere, Ixabel. Interesgarria iruditu zitzaidan ariketa hori egitea. Zer bilakatu zen Ixabel zazpi urte beranduago, eta zer bilakatu nintzen ni Ixabelentzat, nola narratuko nukeen bere prehistoria hain ondo ezagututa. Ilusioa egiten zidan eta misteriotsua egiten zitzaidan bikotea berriz martxan jartzea ipuin berri batean, Euskal Herri berri batean.
Intuizioak intuizio, badaude hainbat konstante zure obran. Etxeak, eraikinak, orubeak... narrazio askotan ageri dira. Etxearen deskribapena erabiltzen duzu, besteak beste, pertsonaien estatus sozialaren berri emateko. Hala da eta ez da propio egindako zerbait. Pentsa, “Eraikuntzarako materiala” izenburua bera... Oraintxe konturatu naiz. Ipuin hauek garai ezberdinetan idatziak izan dira, aldarte ezberdinetan, eta ez neukan diskurtso bat aurretik eraikia, askoz intuitiboagoa da. Etxea baliatzen dut baita ere pertsonaien izaera ñabartzeko, eta beraien ekintzak ulertarazteko, irakurleak uler dezan zer pertsona mota izan daitekeen. Segur aski egon badago, inkontzienteki agian, etxebizitzaren gaur egungo arazoaren presentzia ere. Azkenean, idazten ari zarenean oso porotsu zaude eta denak zeharkatzen zaitu.

Hausnarketa ondoren dator, ezta? Behin liburua onduta duzunean, aurkezpenean bertan edo elkarrizketa bat egiten dizutenean. «Horrela atera da, zer dago hor azpian?» arakatzea polita izango da. Bai, oraingo honetan ez dut gehiegi behartu nahi izan makina eta ez dut diskurtso bat sortu. Pixka bat freskoago joan naiz elkarrizketatara eta erantzun bat ez badakit, esan egin dut.
Akaso hurrengo liburuan deskubrituko duzu. Bai. Gertatu izan zait elkarrizketaren batean nire lanean ez zeuden kontu batzuk gaininterpretatzen bukatzea egoerak behartuta edo. Oraingo honetan ez dut egin nahi izan. Ipuinak hor daude eta ez daukat gauza handirik esateko haien inguruan. Literaturaren inguruan bai, kulturaren inguruan bai, jendearen inguruan bai.
«Zuloa» ipuinean, protagonistak etxe azpian egiten ari diren zulo horren proportzioan doa bikotekideen arteko distantzia edo hutsunea. Zer polita! Ez nuen horretan pentsatu. Aurreko batean elkarrizketa batean elkarrizketatzaileak zerbait esan eta «bai, hori neukan buruan» erantzun nion. Gezurra zen, gero esan nion, txistea zen. Begira, interesgarriagoa da zuek esaten duzuena nik esan dezakedana baino. Nik esan behar nuen guztia ipuinetan dago.
Aurreko lanetan gertatu bezala, gorputzak ere presentzia handia du azken liburuan. Familiako kideen harremanei ere arreta jartzen diezu. Armiarma sarearen antzera zabaltzen dira, botere harremanak izanik oinarrian. Giza harremanak asko interesatzen zaizkit eta giza harremanen eta botere jokoen harrobi handia da familia. Herrialde baten boterekeria ulertu ahal izateko balio dit adibidez; gauza txikietan bilatzen dut handiagoak diren kontuen azalpena. Egiari buruz ari nintzenean, horretaz ari nintzen. Horrez gain, niri asko gustatzen zait fijatzea pertsonen arteko igurtzaldi horien azpian zer dagoen. Niretzat enigma handia da eta horrek asko kateatzen nau bizitzara. Harritzen jarraitzea, jendeak nola hitz egiten dion elkarri, nola adierazten dion maitasuna edo ez ala zer gertatzen den jendearen artean. Apasionantea iruditzen zait eta horri buruz idazten dut batez ere.
Aipatu izan duzu Errenteria bezalako herri batean eta afektuak adierazten ez ziren familian jaiotzeak eragina izan duela zure idazmoldean. Bai, dudarik gabe. Nire estiloa erabat lotzen dut nire jaioterriarekin. 1977koa naiz. Leku oso interesgarria da, nahasketa handiko herria, baina era berean hostila zen garai batean, zikina. Nik ezin dut, ezingo nuke idatzi modu preziosista batean. Ez soilik paisaiagatik, baita ere, esan duzun bezala, gure erlazionatzeko moduagatik zein konbultsio soziopolitikoagatik. Eta hizkuntzagatik beragatik. Alegia, ni ez naiz jaio familia euskaldun batean. Nik batzuetan idazle batzuk ikusten ditut hitz batzuetan laketzen, nik hori ez dut eduki. Oso modu funtzionalean erabiltzen dut hizkuntza. Are gehiago, nire sintaxia lotzen dut Oreretan jaio izanarekin. Segur aski Urolan jaio izan banintz mendeko esaldi gehiago erabiliko nituzke. Nik badakit esaldiak infinituraino kateatzen, gai izango nintzateke, baina ez dator bat sortu naizen ingurumari horrekin.
Beste hausnarketa da esanahia ajatua edo erdi galdua duten hitzen ingurukoa, ezta? Bai, idazleoi eta kazetariei gertatzen zaigu. Nola erabili hitz bat erabat galdu duenean bere brilloa, areago, bere esanahia ere? Paradoxa da; denok erabiltzen ditugun hitzekin lan egiten dugu. Pintore batek ez du lan egiten denek erabiltzen dituzten pigmentuekin, ez? Baina guk bai. Nola bilatu oreka hitz horrek esan dezan nahiko zenukeen hori, beste norbaitek hitz hori bera erabiltzen duenean beste zerbait esan nahi duen arren? Hitzak eraldatuz doaz, gainera.
Andu Lertxundik esan zidan behin erdipurdiko idazlea izateko irakurle ona izan beharra dagoela. «Zertarako idatzi?» galdetzera nindoan, baina agian galdera egokiagoa da: «literaturarik gabe, zer?». Izan ere zuk beti aldarrikatu duzu irakurketaren garrantzia, idaztearekin batera. Ahalko banu bizi idatzi gabe, egingo nuke. Zorionez ala zoritxarrez ez naiz kapaz. Bizitzan eta munduan egoteko nire manera da irakurtzea eta idaztea. Munduan egiten dudan esku hartzea horixe da, eztabaidetan egoteko modua... Oso zoriontsu izan naiz irakurtzen eta idazten ere bai.
Zeure buruari noiz onartu zenion idazle zarela? “Bihotz handiegia” liburuarekin, esango nuke. Barne eztabaida luze samar baten ondorioz erabaki nuen idazle gisa ere aurkez nintekeela munduaren aurrean. 21 urte joan dira lehenengo liburua argitaratu nuenetik eta “Bihotz handiegia” duela zortzi urte atera nuen. Orain dela ez askora arte lotsagorritzen nintzen.

Zer kostatu zitzaizun onartze horretatik? Egia esan ez dakit, igual pentsatzen nuen idazlea izatea beste zerbait ere bazela. Orain garrantzia kendu diot eta konturatu naiz idaztea, liburuak argitaratu nahi izatea eta irakur zaitzaten nahi izatea dela idazle izatea. Eta bizitzan egotea ez ehiztari, baina bai pendiente, eta gogo hori bizirik mantentzea. Orain arazorik gabe esan dezaket idazlea naizela. Eta gainera idazlea naiz idazten ez dudanean ere. Begirada hori edo aldarte hori hor dago. Igual lehenago ez nuen neure burua idazle gisa agertu nahi izaten pentsatuz apaltasunez ari nintzela, baina benetan egoa zen. Eta orain kontrara.
Eta noiz sentitu zenuen ahots propio baten jabe zinela? Ez dakit inoiz sentitu dudan horrelakorik. Onartu dut gai batzuk errekurrenteak direla nire bizitzan, nire literaturgintzan. Pertsonaia mota bat eta munduari begiratzeko modu bat ere bai. Hasieran gehiago saiatu nintzen beste estilo diferenteekin esperimentatzen eta orain ez. Igual hori da onartzea, hau da maite dudan literatura gutxi-asko, nahiz gauza diferenteak ere egin nahiko nituzkeen. Baditut proiektu batzuk hasita ez daukatenak zerikusirik ez ipuingintzarekin, ez linealtasunarekin, ez errealismoarekin.
Zure ibilbidean zein puntutan ikusten duzu zeure burua? Oso gustura nago ikusita idazteko gogoa daukadala, grina daukadala, istorio asko dauzkadala koadernoetan eta argitara ateratzeko irrikan nagoela. Jendeak irakurtzen dituela, nik nire xumetasunean, nire bakardadean eta iluntasunean idatzitako ipuinak, eta luxua dela.
Egindakoaz harro? Ez dakit harro, baina damurik ez dut. Gauza hobeak eta okerragoak egin ditut eta ez naiz damutzekoa. Gaizki egindakoek ere balio dute askotan gero gauzak hobeto egiteko. Aldrebes ere bai, ondoegi egindakoek askotan blokeatu egiten gaituzte.

Lakuako Gobernuak eta BBVA Fundazioak emandako Xabier Lete beka eskuratu zenuen iaz «Istripu baten kronologia» fikziozko lehen nobela idazteko. Zein fasetan dago proiektua? Urrian amaitu nuen nobelaren lehen zirriborroa. Orain hilabete batzuetan armairuan utzi dut. Ukitu gabe, pasatutako denboran, pertsonaiek beste hegaldi bat hartzen dute, beste batzuk gehiago erretiratzen dira... gauzak gertatuko dira nobelan. Ohartxoak hartzen joaten naiz eta gero, hemendik hilabete batzuetara, nahiko nuke berriz ere buru-belarri sartu eta berregin; asko daukat oraindik berridazteko.
ETAren amaieraren osteko Euskal Herriaren testuinguruan kokatuko da nobela. «Egoera aldatu egin da, baina hitz egiten amaitu ez diren gai asko geratu dira», esan zenuen beka jasotzearen berri izandakoan. Zein dira landu nahi dituzun kontuak? Batez ere, minarekin zer egin. Eta identitatea zer den. Lurra esaten dioten hori... Euskal Herriaz hitz egiten dugu, baina lurra zer da? Hitzak eta biolentzia ere bai, azken hau orokorrean hartuta. Pertsonaiak nik uste dut oso identifikagarriak direla, denok ezagutzen ditugunak. Berriketan, paseatzen, lanean, kezkaturik, jarri ditut. Atzera begira, aurrera begira.. eta horrekin nobela bat egiten saiatu naiz.
Orduan «Dena zulo bera zen» liburua aspaldi idatzia zenuen. Azken urte honetan berridazten aritu naiz eta nobela idazten, biak aldi berean; oso intentsoa izan da [irribarrea].
Idazle politikotzat duzu zeure burua eta politika hasten da geure burua jendartean nola aurkezten dugun momentutik. Hedabideetako argazkietan, askotan emakumeoi eskatzen zaigu irribarretsu agertzea eta zuk horri aurre egin diozu. «Dena zulo bera zen» liburuaren aurkezpeneko irudiak ikusita inpresioa izan nuen aldaketa egon ote den erabaki horretan. Dezente irakurri dut eta asko gustatzen zait politika, eta hori iragazten da testuetan. Nik uste badaukadala munduari begiratzeko modu politiko bat.
Argazkiei dagokienez, ez dut imajinatzen argazkilaria Koldo Izagirreri esaten «ea barre txiki bat, ematen du haserre zaudela». Berrogei urterekin argazkilari batek hori esatea... Barkatu? Horri aurre egin izan diot. Gaur egun ez didate eskatzen. Ez dakit, igual badakite ez dutela eskatu behar eta baliteke ondorioz ni erlaxatu izana eta barre gehiago egitea. Ebidentea den gauza bat esango dut, argazkietan agertzen garenean idazle rolean gaude. Inork ez du agertu nahi natural. Zu performatzen ari zara rol bat, alegia, ez da zure kuadrillarekin afaria egin eta gero ateratzen duzun argazki bat. Niri harrigarria egiten zait esatea «ze serio zauden». Bai, ez nago sagardotegian, hedabide baterako argazkia da, testuinguru horretan nago.
Gertatzen zaizu norbaitek zu ezagutu eta esatea aurretik zutaz beste irudi bat zeukala? Bai, etengabe. Jendeak pentsatzen du gogorra naizela edo lehorra, eta uste dut ez naizela. Izan naiteke, baina orokorrean ez naiz. Energia asko behar du horrek [irribarrea].
Batailak neurtu eta aukeratu egin behar dira, ezta? Bai, hori da.




