Amaia Uribe
IRITZIA

Urte zahar, urte berri

Konturatu barik, joan da beste urte bat. 2025. Itxaropen handiak neuzkan urte horretan jarrita, baina etorri zen moduan joan da. Ez da txarra izan baina bikaina ere ez. Ez dit garaipenik eman baina porrotik ere ez. Ez da gogoangarria izan baina ahaztu beharrekoa ere ez.

Genozidioa amaitzearen itxaropena neukan baina Netanyahuk bereak egiten jarraitzen du. Hildakoen zerrenda gorantz doa ezabatu nahi duten Gazako zerrendan. Gehiegi sufritu duten umeek, sufritzen jarraitzen dute. Gutxienez, nahikoa dela oihukatzeko gai izan ginen eta Palestina askatzeko aldarria mundu osoan entzun zen. Munduaz nabilela, munduko agintariak Estatu Batuetako presidenteaz nekatzen hastea nahi nuen baina are boteretsuago dago. Venezuelaren kontra, deportazio masiboak aginduz eta etorkinak mehatxatuz. Atera kontuak, bisa bat eskatzen dutenei sare sozialetako kontuak begiratuko dizkiete bere kontra zerbait esan duten jakiteko.

Fededunentzat, berriz, Aita Santu berriaren estreinaldia izan da. Frantziskok hasitako bideari jarraitu eta berak egin ez zuena egingo zuela saldu nahi izan ziguten. Baina ez nuen iraultzarik espero eta ez da egon. Eta tamalez, emakumeok sufritzen jarraitzen dugu. Sei emakume erail dituzte euren bikotekideek eta lan munduan, berdintasunetik urrun gaude oraindik.

Kulturara etorrita, Gatiburen agurraren urtea ere izan da honakoa. Zure soinu banda izan den taldea agurtzea ez da erraza eta argi geratzen zaizu, talde bati ongietorria eta agurra eman badizkiozu, denbora aurrera doalako dela. Eta zer esan Benito lertxundiren agurrari buruz? Erreferente bat galdu dugu, ordaindu ezin den legatua utzi digun arren. Dena ez da txarra ordea. 2025ean, euskararen indar erakustaldiaren lekuko ere izan gara. Oldarraldiak oldarraldi eta epaiak epai, euskal talde batek San Mames birritan betetzeko sarrerak saldu ditu eta Espainiako telebista kate publikoko prime timean euskarak bere lekua izan du. Ea horrek euskaraz gehiago hitz egitera animatzen dituen gure gazteak! Urte berrirako desioa da hori. Eta Gazako genozidioa amaitzea. Eta Trump baztertzea. Eta iraultzaileak diren agintariak izatea. Eta indarkeria matxista ezabatzea. Eta berdintasuna lortzea. Eta gure soinu banda berri bihurtuko diren taldeak deskubritzea.

Konturatu barik, joan da beste urte bat. 2025. Itxaropen handiak neuzkan urte horretan jarrita, baina etorri zen moduan joan da. 2026, ez iezadazu hutsik egin!