Garazi Albizua
IRITZIA

Espazioak

Espazioa eta denbora batera ulertzen diren bi termino dira. Beharbada, horregatik, batek huts eginez gero, ezeroso gaude. Babesgabe, akaso.

Asma dezagun zientzia fikziozko istorio bat. Aspaldiko garai bat gaurkora ekarri du idazleak; esaterako, gillotinan erailtzeko ilara, 2026. urtean, herri txiki bateko plazan agertu du.

Hauxe da eszena: lagun bi elkartu dira, kafetegi batean, matcha tea eta deskafeinatua olo esnez eskatu dute. Musikita lasaia eta sofa erosoak. «Horri ezin diozu kafea esan» ohiko esaldiarekin elkarrizketa hasi beharrean, malko bat lehortu du batek. «Zer jazo da?!», larritu da bestea. «Espazioa da». Espazioak gertatu dira: digitala eta aurrez aurrekoa. Digitalean, sare sozialen bidez, influencer-en bidez, sororitatea bide, aukera izan du, dute, berak eta beste mediku askok Iruñeko ospitale publikoan lan egiten duen nartzisista ahalduna salatzeko. «Mezuak jaso ditut, barkamena eskatzeko» eta trago bat eman dio matcha teari. «Mediku abusatzailearenak?!», galdetu besteak, kafesnea ez den edariari koilaraz eraginez. «Horrek? Bai, zera! Ez, orduko lankideenak, momentuan ezer egin ez zutenenak». Isilik geratu dira esaldiaren oihartzuna digeritzen: non isilik? Ospitaleko zein gelatan? Zein egoeratan? Zein mugatan? Zein espaziotan?

Edariak hoztu aurretik, bi lagunen arteko elkarrizketak sortu ditu hainbat zirrikitu. Inork ez du gogoratuko noiz izan zen kafesnea, hutsa edo deskafeinatua aukeragarri zuen herri txikiko kafetegi batek karta zabaldu eta horriezindiozukafeaesan bezalako edariak eskaini zituen eguna. Mugikorra ez da isiltzen: sare sozialen elkarrizketen alertak, Telegrameko mezuak oihuka ari dira. Ni-digitalak babesa du; pantailaren bidez arnasten duen abatarrak like-ak ditu. Besarkada birtualak.

Pantailaren beste aldeko munduan, ordea, zelakoa da laguntza? Zelakoa da izen-abizenak esatea ekidin duen mehatxua? Lanaren tiraniak agindutako isiltasuna? «Cristina Fallarasek hautsak harrotu ditu, mugimendu feministak ere bai». Ez dago atsedenerako tarterik. «Ez dute botako, tipoak ondo kudeatu zuen pandemia» esaldiak ez du zurituko patriarkatu kapitalista. «Publikoan lan egiten du, ez da erraza gauzak aldatzea» pribilegioa kolokan jarriko da. Apurka-apurka urratzen ari da muga, birtuala eta fisikoa bereizi dituen denbora/espazioa lausotzen ari da. Bietan bizi gara.

Demagun gizarteak ez duela zientzia-fikziozko istoriorik behar, ezta inongo gillotinarik ere, abusadorea zaurgarri uzteko.