Maialen Sobrino Lopez
LITERATURA

Eta hala ez bazen, halatsu

Demagun egun txarra duzula eta ez duzula denbora gehiegi, baina zerbait irakurri nahi duzula goibela burutik kentzeko. Edo, kontrara, klasikoetan klasikoenera jo nahi duzula, patxadaz gozatzeko -han zein hemen, atzo zein herenegun- milioika begi-belarrik jaso duten istorio berberaz. “Suzko txoria” txeke bat da, azken orria pasatu orduko eguna hobea izanen dela bermatzen dizuna. Errusiako kondaira zahar baten kontakizuna da, Aleksandr Afanasievek jaso, Mariana Ruiz Johnsonek ilustratu eta Aroa Uharte Zubillaga itzultzaileak mimoz gurera ekarria.

Alegia den heinean, liburuan espero duguna dago: tsar bat, bere hiru semeak, ezinikusiak, otsoa, fantasia, printzesa bat, zorigaitza eta, doike, akabera zoriontsua. Deus berririk ez traman, eta, halere, zoragarri, horra hor bere xarma. Dena ez da nobedade, wow factor eta plot twist. Literaturaz ari garenean ohitura dugu liburuetan pentsatzeko, baina kontu kontari ari ginen (eta aritzen gara), idazten hasi baino dezente lehenago. Erreparatu haurrei, urteak pasatzen dituzte istorioak kontatzen (eta kantatzen) irakurtzen edo idazten ikasi aitzin, eta orduan ari dira, justuki, gehien ikasten.

Bidean ahots aunitz mututu badira ere, bai euskaraz, bai munduko hizkuntza guztietan, ahozko tradizioa idatzizkoa baino luzeagoa da, eta beharrezkoa dugun herri ondarea osatzen du. Pentsa zenbatek hartu duten “Suzko txoria” buruz ikasteko lana guk gaur irakurri ahal izateko. Pentsa zenbat belaunaldik erabaki duten hau dela ondorengoei pasa nahi dietena, informazioa tantaka pasatzen zelarik. Dudarik ez, beraz, kontakizunak gorde duela gure belaunaldiarentzat ikaskizunik.

Obra hau eskuratzeko bertze motiboetako bat irudiak dira. Zuzen-zuzenean garamatzate ekialdera: teilatu kiribilduak dituzten dorreak, leiho handidun etxe estuak, mila kolore eta loreak, loreak nonahi. Ilustrazio bakoitza lamina batean paretatik zintzilikatzeko bezain ederra da. Hori da “Zhar-ptitsa”-ren, alegia suzko txoriaren, habitata. Eslaviar mitologian izaki ospetsu eta arriskutsua da, harrapatzen duenari zoriona bai, baina zorigaitza ere ekartzen dio eta. Suari begiratzearen pareko lilura sortzen du txoriak, eta erraza da galbidera eramatea.

“Suzko txoria”-k Igor Stravinski inspiratu zuen izen bereko balleta egiteko, zertara ez ote ditu bultzatuko XXI. mendeko euskal irakurleak! Kontakizuna sagarrondo batekin hasi eta bukatzen da, tartean bizialdi oso bat kontatzeko, eta sinbolismoz betetako izaki bat du, ahotik belarrirako zirkuituan, etengabe gaurkotu dena. Zeren, gu ere, itsutzen gaitu maiz, adibidez, modernitatearen argiak.