Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Narratiba egutegiaren agindupean

«25 Years Later: The Bone Temple» filma urtarrilaren 16an iritsiko da zinema aretoetara.
«25 Years Later: The Bone Temple» filma urtarrilaren 16an iritsiko da zinema aretoetara.

Ez da ohikoa film bat (“28 Years Later”) zinema aretoetara iritsi eta urtebete igaro baino lehen haren jarraipena (“28 Years Later: The Bone Temple”) estreinatzeko prest egotea -urtarrilaren 16an helduko da aretoetara-. Are, ezohikoagoa da, bigarren atalak oraindik debuta egin ez duenean, Sonyk hirugarren film bati jada argi berdea eman izana. Zinemaren historian antzeko kasuak izan dira, baina nekez ikus daiteke halako estrategia genero honetako saga batean, eta, are gutxiago, ezaugarri horiekin.

Estrategia begi bistakoa bezain errukigabea da: sekuelak birusaren amorruaren abiaduran ekoiztea, unibertso narratibo jarraitu bat eraikitzeko, ikuslea besaulkiari itsatsita mantentzeko eta birusaren mitologia etengabe zabaltzeko.

“28 Years Later” 2025eko ekainaren 20an estreinatu zen, eta 30 milioi dolar bildu zituen AEBko zinema aretoetan, beste horrenbeste nazioartean. Beldurrezko generoaren barruan urteko estreinaldirik arrakastatsuena bihurtu zen. Azkenean, 151,3 milioi dolar bildu zituen mundu osoan, eta frankizia osoaren markarik onenak ezarri.

Sonyk, 2022an, trilogiaren eskubideak eskuratu zituenean, hirugarren filma segidan grabatzeko aukera izan zuen, baina nahiago izan zuen itxaron: estreinaldiaren ondoren argi berdea piztu, eta emaitzek zer zioten ikusi. Horren ordez, lehen bi atalak jarraian filmatzea erabaki zuen; bigarrenaren filmaketa lehenengoa oraindik postprodukzio fasean zegoela abiatu zen, milioi askoko beste hainbat sagak erabilitako estrategiari jarraituz.

“Matrix”, “The Lord of the Rings” eta “Avatar” dira horren adibiderik esanguratsuenak. Frodo eta konpainiaren filmak, esaterako, jarraian filmatu ziren 1999 eta 2000 artean, Zeelanda Berrian. Peter Jacksonek trilogiako hiru filmak aldi berean landu zituen, filmaketa osoan zehar aktore eta set berak mantenduta. Abantaila bikoitza izan zen: narratiba koherente eta jarraitua, eta produkzio ekonomia ikusgarria.

“Matrix Reloaded” eta “Matrix Revolutions” ere ia aldi berean filmatu ziren, eta horri esker posible izan zen akzio eszena konplexuak eta efektu digitalak modu sinkronizatuan lantzea. James Cameronek estrategia partzialki kontsekutibo baten alde egin zuen “Avatar” saga amaigabean: “Avatar 2” eta “Avatar 3” filmetako eszena handiak aldi berean filmatu zituen, koherentzia bisuala eta denborazkoa bermatzeko asmoz.

Jardunbide hori ez da ohikoa frankizia erraldoietatik at, aurrekontu handiak, koordinazio maila ikaragarria eta istorioak hainbat ataletan funtzionatuko duen ziurtasuna eskatzen dituelako. Modu horretan, aktoreak, eszenatokiak eta efektu bereziak koherentziaz mantentzen dira; setak, kokalekuak eta talde teknikoa eraginkortasun handiagoz baliatzen dira; eta, batez ere, azkarrago iristen da publikoarengana, sortutako interesa eta ikusmina ahalik gehien kapitalizatuz.