Sormenaren indar partekatua

Zinemaren historian ahizpa eta anaia zuzendariek arrasto sakon eta iraunkorra utzi dute, sorkuntza partekatua indar artistiko interesgarria bihur daitekeela erakutsiz. Familia-lotura horietatik sortutako aliantzek ez dituzte film gogoangarriak soilik eman, baita estilo propio eta bereizgarriak eraiki ere.
Zazpigarren artearen hastapenetan bertan ageri dira, adibidez, Auguste eta Louis Lumiere, eta denboran aurrera eginez, adibidez, Coen anaiak, zinema garaikidearen ahots bakar eta bereizezin bihurtuta. Komedia ere lur emankorra izan da familien arteko elkarlanentzat: Marx, Zucker eta Farrelly anaiek umore zinematografikoa birdefinitu zuten, bakoitzak bere estilo propioa landuz.
Euskal Herrian bertan ere badugu halako adibide esanguratsu bat: Ibarretxe anaiak. Aitzindariak izan ziren euskal ikus-entzunezkoen sektorean, eklektikoak, sormen handikoak eta batez ere geldiezinak.
Askoz zailagoa da, zoritxarrez, ahizpa zuzendarien adibideak aurkitzea. Salbuespen nabarmen gisa, Wachowski ahizpak ditugu: “Matrix”-ekin zientzia-fikzioa irauli zuten, irudimena, pentsamendu filosofikoa eta lengoaia bisuala uztartuz.
Ez da hain ohikoa elkarlanean aritu ondoren sormen-bideak bereiztea erabaki duten anaia zinemagileak aurkitzea. Haustura horiek ez dira, oro har, gatazka pertsonalen ondorio izaten, baizik eta identitate bateratu eta ezagun bat eraiki ondoren ahots propioa esploratzeko beharrak eragindakoak.
Horren adibide da Safdie anaien kasua, zinema urduri, urbano eta murgiltzaileagatik ezagunak. “Good Time”, “Uncut Gems” eta antzeko film txalotuak elkarrekin sinatu ostean, Ben eta Josh Safdiek bakarkako proiektuak garatzea erabaki dute. Bakoitza bere kirol-biopicean murgildu da, eta, DNA zinematografiko berbera partekatzen duten arren, euren interesak eta sentsibilitateak nork bere bidetik, askatasun handiagoz, garatzeko aukera aldarrikatu dute.
Haien zinemak muturreko egoeretan eta bazterrean bizi diren pertsonengan jartzen du nagusiki arreta. Tentsio handia, erritmo bizia eta atmosfera gordinki errealistak dira euren estiloaren ezaugarri nagusietako batzuk, ikuslea ia arnasa hartu ezinik uzteraino eramaten dutenak.
Bide berri horretan, Ben Safdie borroka-arte mistoen unibertsoan barneratu zen iaz “The Smashing Machine” filmarekin; Joshek, berriz, urtarrilaren 30ean estreinatuko du zinemetan “Marty Supreme”, Timothee Chalamet protagonista duen Marty Mauser ping-pong jokalariari buruzko biopica.
Gainditze pertsonalei buruzko kontakizun klasikoen eskemetatik urrun, filmak antiheroi egozentriko baten psikologia jarriko du tramaren erdigunean, eta ping-pong jokalariaren figura darabil aitzakia gisa, konpultsioak, egoak eta errekonozimenduaren beharrak markatutako barne-borroka arakatzeko. Bi norabide, bi ahots, baina jatorri beretik sortutako begirada beraren oihartzuna.




_13.16.20.png)