Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Lastozko kapeladun piratak

Martxoan iritsiko da Hego Euskal Herrira «One Piece: Into the Grand Line» izeneko bigarren denboraldia.
Martxoan iritsiko da Hego Euskal Herrira «One Piece: Into the Grand Line» izeneko bigarren denboraldia.

Gaurko igandeko tartea aitorpen batekin hasiko dut. Umetan Japoniatik zetozen marrazki bizidun eta anime askorekin hazia naiz -“Dragoi Bola”, “Doraemon”, “Oliver eta Benji”, “Hatori Ninja”…-, baina “One Piece” telesailarekin ez zait berdina gertatu: oso berandu deskubritu dut. Orain urtebete eskas zehazki, etxeko txikiak behin Makusin ikusi nahi zuela esan eta urrutiko aginteari “play” sakatu genion unean murgildu nintzen lehen aldiz telesailaren olatuan.

Aipatutako animeak bezala, “One Piece” oso maitatua eta ezaguna da Euskal Herrian. Bere garaian ETBk euskarara bikoiztuta eman zuen, eta egun Makusi plataforman euskaraz ikusteko aukera dago; telesailak euskal zale komunitate sendoa sortu du eta animearekiko maitasuna eta hizkuntza batzen dute.

“One Piece” mundu zabalean fenomeno bihurtu da, eta Monkey D. Luffy gaztea da protagonista: piraten errege izan nahi duen kapitain ausart eta abenturazalea. ETBk euskarara bikoiztutako bertsioan, Xabier Alkiza izan zen Luffyri ahotsa jarri ziona, eta euskarazko bikoizketak animearen kultur bizitasuna eta identitate linguistikoa uztartzeko aukera paregabea eman zuen.

Gaur egun aisialdia, bereziki gazteen artean, oso lotuta dago pantailekin, eta jarduera horretan zein hizkuntzatan gozatzen duten, horrek eragin zuzena du hizkuntza ohituretan. “Dragoi Bola”-ren belaunaldikoak garenok egunero ikusten genuen hori ETB1en eta biharamunean, ikastolan, bertako esaldiak esaten genizkion elkarri; antzeko zerbait gertatzen da “One Piece”-en euskarazko bertsioarekin.

Eiichiro Odak sortutako istorioak 1997an Japonian manga gisa argitaratu zirenetik marka historikoak ezarri ditu: 516 milioi komiki saldu dira, 1.100 atal inguru egin dituzte eta herrialde askotan eman dituzte. 2023an Netflixek telesail bat sortu zuen hezur-haragizko aktoreekin; telesail hori, zoritxarrez, ez dute euskarara bikoiztu, baina euskarazko azpitituluekin gozatzeko aukera dago.

Telesail berria 2023an estreinatu zenetik mundu mailako fenomeno bihurtu da: zortzi aste Netflixeko Top 10 globalean; lehen postua 75 herrialde baino gehiagotan; eta mugarri historikoa Japoniako gorenean debutatzean. Hegoafrikan filmatu zen telesaila, gasturik neurtu gabe, eta Netflixen apusturik indartsuenetako bat da.

Istorioa marrazkien abiapuntuarekin hasiko da: Monkey D. Luffy abenturazaleak askatasun grina du, eta bidaia arriskutsu bat hasiko du altxor baten bila joateko. Itsasoan piratarik bizkorrena izaten saiatuko da.

Lehen zatiaren arrakastaren ostean, eta hiru urte igaro ondoren, martxoan iritsiko da Hego Euskal Herrira “One Piece: Into the Grand Line” izeneko bigarren denboraldia. Pasarte berrian, Grand Line ozeano mitikoa izango da eszenatoki nagusia. Uharte ezezagunek, etengabeko desafioek eta etsai gero eta gogorragoek osatutako lurralde gisa agertuko da itsaso zati hau.